Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Askatasun kilometroak

Aitor Irigoien Odriozola. AGERIKOA DA GURE artean gero eta jende gehiago animatzen dela era jarrai batean korrika egitera. Gazte, heldu zein adindu; mutil zein neska, emakume eta gizon... Hotz edo bero, eguzki zein euri... Poza ematen du hainbeste pertsona aire zabalean kirola egiten ikusteak. Egia da bizimodu osasuntsu bat mantentzeak dakartzan onurak gizartean ongi errotuta daudela egun: elikadura orekatu bat jarraitzea, jarduera fisiko zein mentalaren garrantzia, eguneroko ohitura txikiak aldatzearen garrantzia... Hala ere, korrika egitea beldurtiena dela dioen esaldia oraindik entzuten da zenbaitetan. Hau soilik kontuan hartuz, gero eta koldar gehiago geundekeela ondoriozta genezake. Eta, agian, egia izango da, irudimena eta sorkuntza zigortzen dituen gizarte indibidualista, berekoi eta konformista batean bizi garela kontuan hartzen badugu; baina, ez korrika egiten duen jende gehiago dagoelako, oinarri sendoagoko aldagaien eraginez baizik.
Ihes egiteko egin ohi dela korrika ere sarritan aipatu izan da. Erreakzio naturala izan liteke, estutzen gaituzten soka, lotura desberdinen aurrean: errealitate gordina, lana, gatazkak… Ihes zerbaitengatik, ihes norbaitengatik... beharbada norberari.
Denok sentitu izan dugu noizbait parentesi bat jartzeko beharra. Egun nagusi den presaren, lehia gorenaren eta estresaren bizimodu kaotiko honen baitan bizi-irauteko neurriren bat hartu behar izaten baita.  Jabetzak eskuratu eta neurriz kanpo kontsumitzearen bizio amaigabean, hausnarketarako uneak izatea arnastea bezain ezinbesteko bilakatu da. Korrika egiteak hau eskaintzen du paradoxikoki; korrika eta presaka ibilarazten gaituen zurrunbilotik aldentzeko era bat izan liteke korri egitea.
Ildo berean, korrika aritzen den jendetzaren fenomenoa azaltzen duen arrazoi sakon bat askatasuna sentitzearen premia da, aske zarela sinestearena... Lekua, ibilbidea, norantza, erritmoa eta denboraren gain erabakitzeko ahalmena, alegia. Gizaki ororen premiazko beharra; gehiengoarentzat behar ase gabea... Berdin da non, kalean, mendian, basoan ala itsasertzean. Denek eskaintzen dute zure baitara begiratu eta lasai hausnartzeko abagunea, ingurua kontenplatuz gozatzen duzun heinean, bizitzako bidean aurrera.
Urteen poderioz, gero eta garapen maila altuagoaren jabe omen gara; honek, funtsean, kontrol handiagoa, eskubide murrizketa agerikoagoa zein jazarpen sistematiko orokortuago bat suposatu arren. Hegan egiteko aukera onartzen digute, beraien kaiolatik irteten ez garen bitartean. Irteteko saiakera egitera ausartzen denarentzat, patu ezin beltzagoa dute erreserbatua.
Egungo mundu globalizatuan, aberastasun eta pribilegio oro gero eta gune txikiagotan kontzentraturik dagoen bitartean, inpotentzia, injustizia eta desorekak mundu guztira hedatzen dira abiadura bizian. Bukatzear den 2009. urte hau zinez gogorra izan da alor honetan, egun batetik bestera krisia hitzak hartu baitu erabateko protagonismoa: krisia edonon, krisia edonork... ekonomikoa, laborala, soziala, politikoa, kulturala, baloreena...
Korrika egitean edozein izakiri izatez ezinbestekoa zaion askatasun airea arnas daiteke; espazio eta une jakin batez, benetan aske zarela irudika dezakezu; askatasun osora gehien hurbiltzen den sentimenduak inguratzen zaitu. Kontziente izan arren faltsua dela; faltsua bezain beharrezkoa. Koldarrak gara agian, ziurrenik, baina korrika egitea ameslari eta libertario sena pizteko baliagarri den heinean, pertsona oro animatuko nuke probatzera.
Askatasun nahiarekin batera, ingurune nahiz naturarekin dugun erlazio apurra sendotzeko korri egiteak eskaintzen duen aukera ere aipatu nahiko nuke. Naturan barneratzea, paisaia berriak ezagutzea, denok zein neurritaraino garen habitat baten parte sentitzea. Urola Kostan altxor ezin hobeak ditugu: Zumaia eta Zarautz bitarteko itsasertza, San Anton mendia Getarian, Akua eta Ekaingo inguru ederrak Zestoan, eta abar. Olatuen indar itzela, errekatxoen doinu gozoa, kresala freskagarria, zuhaitzetako hostoen dantza, landarediaren lurrina, kaioen hegaldiak...
Honenbestez, San Silbestre lasterketak medio, urtea korrika (aske) amaitzeko asmoa dutenei, zein gainontzeko guztiei, urte berri on bat opa nahi nieke. Ea askatasunez, maitasunez eta osasunez zipriztinduriko 2010 oparo batez gozatzeko paradarik dugun. �

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info