Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Ariketa fisikoa, bizipozaren iturri

KIROLA EGITEA osasuntsua da. Sasoian jartzeko tresna garrantzisuena, elikadura orekatu batekin batera. Baina, onura fisikoak izateaz gain, onura psikologikoak ere eragiten ditu norbanakoan. Nor ez da guztiz asebeteta geratu lagunarteko futbol, saskibaloi edo pala partida bat jokatu ostean nahiz korrika saio baten ondoren? Askok ongi sentitzeko egiten du ariketa fisikoa, bizipoza sortzen duelako; hau da, norbere gogo-aldarteak nabarmen egiten duelako hobera. Izan ere, kirola erregulartasunez egiteak gaur egungo gizartean horren hedatuta dauden estresa, antsietatea eta depresioa gutxitzen laguntzen du.
Gorputzak hainbat endorfina ekoizten du kirola egiterakoan, eta endofirna horiek min sentipena murrizten dute, gogo-aldartea hobetuz. Euforia sentipena sortzen da, hain zuzen ere. Ariketa fisikoa egiteko hartzen den aisialdi uneak egoera estresagarrietatik ihes egiteko aukera ematen du; batik bat, eguneroko kezketatik eta laneko kontuetatik. Kirol praktikak eskaintzen duen entretenimendu egoerari esker, antsietate mailak beherantz egiten du.
Emaitzak antzematen hasteko, ordea, 12 astez kirola egitea gomendatzen dute; astean 3 egunez eta egun bakoitzean 30 minutuko saioak eginez, gutxienez ere. Estresa eta antsietatea arintzeko honako ariketak egin datezke: besteak beste, martxa aerobikoa (oinez bizi ibiltzea, alegia), korrika egitea, bizikletan ibiltzea, arraunean edo ergometroan jardutea, yoga praktikatzea, igerian aritzea edota patinatzea.
Ariketa fisikoak errendimendu akademikoa, konfiantza, autoestima, kontrola eta eraginkortasuna areagotzen laguntzen du, baita burua argi izaten ere. Era berean, tentsio uneak, haserraldi egoerak eta laneko hanka-sartzeak murrizten ditu.
 
 
TXANPONAREN BESTE ALDEA: ESTRESA KIROLARIENGAN
Kirola egitea terapeutikoa izan daitekeen arren, gehiegizko entrenamendu saioek kontrako eragina sorraraz dezakete; batik bat, goi mailako kirolarien artean, baina baita jo eta ke jarduten duen kirolari afizionatuetan ere. Errendimendu altuko saioak egiteak estresatzeko arriskua dakar, baldin eta  entrenatzailearen, familiaren edota psikologoen babesik jasotzen ez bada.
Kasu honetan, antsietatea hainbat arrazoiengatik ager daiteke: emaitza onak lortzeko ziurgabetasunagatik, espero ez ziren emaitzak lortzeagatik, txapelketa txarra jokatzeagatik edo akatsak egiteagatik, eztabaida bat izateagatik eta abar luze bategatik. Estres eta antsietate egoera horien kontrol ezak desabantailan jartzen du kirolaria; askotan, txapelketa bera jokatzen hasi aurretik, gainera.
Antsietate maila altuak errendimenduan eragin dezake zuzen-zuzenean; hasieran, kontzentrazioa zapuztuz; antolaketa faltarekin jarraituz; eta etsipenarekin bukatuz. Izan ere, ezaugarri fisikoetan zein psikologikoetan eragiten du:           
· Erritmo kardiakoa, arnas-erritmoa eta izerditzea areagotu.
· Ahoa lehortu.
· Tentsioa giharretan.
· Ondoezak (buruko mina, zorabioak, beherakoa eta abar).
· Ikusmena distortzionatu.
· Lo egiteko arazoak.
· Erabakiak hartzeko, lasaitzeko eta kontzentratzeko arazoak.
· Pentsamendu ezkorren agerpena.

Arazoari aurre egiteko sendotasun mentala landu beharko da kirol psikologo baten laguntzarekin, antsietatearen jatorria bilatuz eta ezinbesteko sosegua, kontrola nahiz autoestima berreskuratuz.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info