Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Elena Etxeberria, Eguzki-OBB sofbol taldeko presidentea eta jokalaria: «Harrobia lantzera bideratzen dugu dirua, ez jokalariak fitxatzera»

«ELKARTE TXIKIA gara eta denoi denetarik egitea tokatzen zaigu», azaldu du Eguzki-OBB Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldeko arduradun Elena Etxeberriak (Orio, 1975). Eta, egia esan, ez zaio arrazoirik falta. Hiru denboraldi daramatza presidente eta jokalari lanak partekatzen eta, gainera, elkarteko koordinatzailea eta beheko taldeen entrenatzailea ere bada. «Presidente ardura norbaitek hartu behar zuen eta niri tokatu zitzaidan, agian taldeko jokalari ezagunena eta beteranoena naizelako». Zelai barruko nahiz kanpoko kontuak hizpide, Orioko Bate Bizkorrak taldeari berri eman dio Sasoiani.

Urtea bukatzear da, baina oraindik txapelketak jokatzen jarraitzen duzue, ezta?
Azaroaren bukaeran Lehendakari Kopako finala jokatu genuen, Atletico San Sebastian taldearen kontra. Aurkariak aurretik jarri ziren, 5 puntuko aldearekin, baina 15-10 irabazi genuen azkenean. Gogor aritu gara entrenatzen eta garaipena lortu nahi genuen, Euskal Herriko talde indartsuena garela berresteko. Horrez gain, aretoko sofboleko torneo bat jokatuko dugu abenduaren 19-20an Donostian. Ez da txapelketa ofiziala, lagun giroan jokatzen dugun urte amaierako jardunaldia baizik. Euskal taldeez gain, katalanek eta madrildarrek ere hartzen dute parte, eta gure artean lehia sortzen da, urtea irabaziz bukatu nahi dugulako!

Zer moduzkoa izan da aurtengo denboraldia?
Ona izan da, eta oso gustura gaude egindako lanarekin. Senior mailako ligan eta Erreginaren Kopan 3. postuan sailkatu gara. Gure zenbakia beti hirugarrena da, baina halabeharrez. Izan ere, lehen bi postuetan sailkatzen diren taldeek sekulako aldea ateratzen digute. Jauzi izugarria dago Valentziako Antorcha eta Kataluniako Viladecans taldeen eta gainerakoon artean.

Maila jasoagoa al dute, ala?
Beste filosofia bat dute. Orion hemen inguruko jokalariekin jokatzen dugu; eta, gehienez ere, Zaragozako edo beste nonbaiteko pare bat ezagunekin. Antorchak eta Viladecans taldeek, ordea, jokalari estatubatuarrak edo kanadarrak ekartzen dituzte; batik bat, pitcher (jaurtitzailea) eta catcher (bateatzailearen atzean dagoena) postuetarako. Bi horiek gure kiroleko postu garrantzitsuenak dira: pitcher eta catcher jokalari onekin partidaren zati handi bat irabazita duzu. Jokalari horiek sortzen dute aldea.

Futbolean Bartzelonarekin eta Real Madrilekin gertatzen den antzeko zerbait al da?

Hala da, bai. Gure ligako goiko bi taldeek fitxaketen eredu hori jarraitzen dute. Guk, aldiz, harrobia lantzera bideratzen dugu lortzen dugun dirua; izan ere, senior mailako taldeaz gain, infantil, kadete eta jubenil mailako taldeak ditugu. Gure helburua sofbola landu nahi duenari erraztasunak ematea da. Ondorioz, jokalariek ez dute dirurik jartzen jokatzeagatik. Urtean zehar bidaia asko egiten dugu eta horrek gastu handia suposatzen du, baina ez dugu jokalariak etxean geratzerik nahi ekonomikoki aurre egin ezin dietelako. Beraz, dirua modu horretan kudeatzen dugu elkartetik. Gainerako taldeetan, aitzitik,  jokalariek euren poltsikotik jartzen dute dirua eta diru horrekin AEBetako jokalariak ekartzen dituzte.

Diruak eta fitxaketek horrenbesteko aldea sorrarazten al dute kirol mailan?
Jokoan sekulako aldea dago atzerritarren eta bertakoon artean. AEBetan edo Kanadan sofbolaren eta, oro har, beisbolaren inguruan beste kultura bat dago. Txikitatik hasten dira jokatzen, eskoletatik sustatzen baita. Egia esan, sekulako neska katxarroak dira eta mailari dagokionez, diferentzia handia dago euren aurka jokatzen dugun norgehiagoketan.

Posible al da epe laburrera bi talde horien eta gainerakoen arteko aldea murriztea?
Antorcha eta Viladecans taldeak mailarik altuenean daude eta gainerakoak, berriz, bidean geratu gara. Duela urte batzuk maila polita lortu genuen, baina agian Espainiako Federazioaren kudeaketa kaskarragatik edo ez dakigu zergatik, ez aurrera eta ez atzera gelditu gara. Ez dugu ikusten gu bezalako taldeak gorantz doazenik, aipatutako biak hor goian jarraitzen dutela baizik.

Jokalari atzerritarrek Orioko Bate Bizkorrak taldea suspertuko luketela uste al duzu?
Gure helburua edo ametsa Europan jokatzea da. Horretarako, liga edo kopa irabazi beharko genuke; Liga irabaziz gero, Europako Txapelketako txartela lortzen da eta kopa irabazita, Errekopa. Egunen batean bizpahiru jokalari estatubatuar ekartzeko dirua izango bagenu, liga edo kopa irabazteko eta Europan jokatzeko izango litzateke. Europako taldeen aurka beste eskarmentu bat jasotzen duzu, eta horrek taldearen maila hobetzea ahalbidetzen du. Goi mailakoen aurka gehiago ikasten da, zalantzarik gabe. Kontua da Antorcha eta Viladecans taldeek urteak daramatzatela Europan lehiatzen eta, ondorioz, beste planta bat dutela beraien aurka jokatzen ditugun partidetan. Nolabait esateko, lasaitasun hori lortzen irakasten dizute Europako txapelketek.

Eta fitxaketen aukera hori kontuan hartu al duzue?
Ez, mementoz ez dugu aintzat hartu. Horretarako, gainera, elkartearen filosofia aldatu beharko genuke. Azken finean, Orioko taldea gara, 5 mila biztanle dituen herri txiki batekoak, eta ezin dugu gehiago eskatu. Nolanahi ere, gure ateak zabal-zabalik ditugu etorri nahi duen edonorentzat; kanpotik etorritako lagunak izan ditugu taldean, esaterako, argentinarrak. Baina, beti bolondres gisa izan da, eta ez fitxatuta. Gure etxeetan hartzen dute ostatu, herrian edo inguruan lan eginez... eta halaxe moldatu izan dira. Ez dira izar bezala etortzen, lagun moduan baizik. Gugana etortzen den jendea adiskidetasunagatik izaten da, taldean dagoen giroagatik. Dena dela, taldea oriotarrez, zarauztarrez eta donostiarrez osatuta dago gaur egun.

Espainiako Ohorezko Mailan jokatzen duzue, Espainiako ligarik garrantzitsuenean. Eskualdeko eta Gipuzkoako biztanleek ba al dakite goi mailako sofbol talde bat dagoela Orion?
Nik uste dut ezetz. Sofbola ez da oso kirol ezaguna eta, alde horretatik, itzalean geratzen da. Arrauna, futbola eta taldekako beste kirol batzuek oihartzun handiago dute, baina jada ohitu gara! Jendea ez da ohartzen zein mailatan jokatzen dugun, baina sofbola ezagutzen ez dutelako da. Egia esan, ez da ulertzeko kirol erraza. Inork azalpenik ematen ez badizu, nekez ulertuko duzu bere funtzionamendua. Herrian ezagunak gara eta badakite zer egiten dugun edota zein mailatan jokatzen dugun, baina ez da jende asko gerturatzen partidak ikustera.

Ezagutzera emateko jarduerarik egiten al duzue? Esaterako, ikastetxeetan?
Orioko Herri Ikastolarekin eta Zaragueta ikastetxearekin elkarlanean, sofbol ikastaroak ematen ditugu soinketako eskoletan. Iaz, pare bat astez sofbolean nola jokatzen den irakasten aritu ginen. Horrelako ekimenetatik sortzen dira harrobiko taldeak. Behintzat, ezagutzeko aukera ematen diegu eta gero jarraitu nahi badute, bada aurrera. Baina, zaila izaten da, gaztetxoek kirol aukera zabala baitute orain.

Eta zuri nola piztu zitzaizun sofbolean jokatzeko interesa?
Elkartea sortu zenetik nabil sofbolean, 1992az geroztik, eta hasiera hartan Leskarin ekin genion. Elkarteko lehen entrenatzaile Manu Peñak sofboleko ikastaroa egin zuen eta elkartea sortu asmoz, kartelak jarri zituen herrian. Deialdi horretara neska talde bat animatu ginen, hasieran jolas bezala eta gero serio antzera. Lehenengo mailan jokatu genuen eta duela 10 urtetik ohorezko mailan ari gara lehiatzen.

Gaur egun Mendibeltz zelaian jokatzen baduzue ere, hasieran Zaraguetan aritzen zineten, ezta?
Hasieran Zaragueta ikastetxeko frontoian hasi ginen entrenatzen eta gerora, gure jarraikortasuna ikusirik, Udalak zelaia egin zigun ikastetxearen aldameneko zabalgunean. Hura izan zen gure zelaia, zuhaitz artean bere xarma baitzuen. Kanpotik etortzen zirenak liluratuta geratzen ziren. Duela 4 urte Mendibeltz zelaia eraiki zuten eta harrezkero, bertan entrenatzen nahiz jokatzen dugu. Mendibeltz herritik hurbilago geratzen da eta biltegia nahiz aldagelak bertatik bertara ditugu.

Aipatutako txapelketarekin  agurtuko duzue urtea. Datorren denboraldiari begira zeintzuk dira taldearen helburuak?
Gabonetan atseden hartuko dugu, baina ez gara geldirik geratuko. Joan den irailetik lan dinamikan murgilduta gaude eta orain arte bezala, entrenatzen jarraituko dugu; hau da, asteartetan, ostegunetan eta larunbatetan. Ondoren, martxoan, liga jokatzeari ekingo diogu. Dena dela, aurretik aurredenboraldia egin nahi dugu, Frantzia aldean edo. Lagunarteko partidak jokatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, taldea engranatzeko. Iazko urteari begira, orain artekoa mantentzen saiatuko gara eta ahal bada, hobetzen.�
 
 
SOFBOLA: beisbolaren aldaera
Sofbolak eta beisbolak asko dute batak bestetik. Egia esan, sofbola beisbolaren aldaera bat da, dimentsio txikiagotan jokatzen dena. Hala, bizkorragoa eta dibertigarriagoa bihurtzen da bere jokoa. Partida batean erasoko eta defentsako zazpina saio ditu talde bakoitzak. Erasotzen ari denak bateatu egingo du; 3 bateatzaile kanporatzen dituztenean, defendatzen zegoen taldea erasora pasako da, eta alderantziz. Joko eremuari emandako buelta bakoitzeko puntu bat lortzen du taldeak, baina «maila oneko partidetan puntu gutxi egiten dira», nabarmendu du Elena Etxeberriak. Ezberdintasunekin jarraituz, sofbolean erabiltzen den pilota beisbolekoa baino handiagoa da. Pilotari emateko «bista handia» behar dela onartzen du Etxeberriak, batik bat, pitcher eta
catcher onei aurre egiteko. Izan ere, pilota ez dator beti zuzen-zuzen bateatzailearengana, ezta abiadura berarekin ere. Horrez gain, jaurtitzaileak pilotari ematen dion efektua oso kontuan hartu behar da. Beisbolean ez bezala, sofbolean gerri aldetik atera behar du pilotak berau jaurtitzerakoan; beisbolean goitik jaurtikitzen da. Beisboleko bateak egurrezkoak eta pisutsuak diren bitartean, sofbolean aluminiozkoak edota karbonozkoak erabiltzen dituzte eta ez dute horrenbesteko pisurik. Hala ere, jokalari bakoitzak egokien datorkion batea aukeratzen du: luzeagoa edo motzagoa; astunagoa edo arinagoa.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info