Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Borondate nekaezina

BIGARREN ALDIZ giltzurruna transplantatu diote Aitor Aulestiari, baina gisa horretako ebakuntza garrantzitsu batek ez du geldirik utzi. Ez orain, ezta lehen aldian ere. Nekatzen ez den kirolari horietakoa da, makina bat lasterketa eta erronka gainditu du, lorpen aipagarriekin. Bere mezua argia da, eta lau haizetara zabaldu nahi du: «Agian, norbaitek nire antzeko arazoren bat izango du, dela giltzurrenekoa dela beste organoren batekoa, eta nire bizipena ezagutu dezaten nahi dut. Nik aurrera egin ahal izan badut, edonork lor dezakeela adierazteko». Baina, horretarako, hasieratik hastea izango da egokiena.
Jaiotzez ondarroarra da Aulestia, baina 20 urte pasatxo daramatza Zarautzen bizitzen. Une honetan, Zumaiako Lubaki kiroldegian egiten du lan igeriketako, spinningeko eta gimnasiako begirale gisa. Kirola da bere pasioa eta orain, afizioz nahiz ogibidez ere goza dezake. Bere bizitza, ordea, ez da horren sinplea izan beti. «Gaztetan Ondarroako futbol taldean eta traineruan aritzen nintzen, baina 22 urterekin gaixotu egin nintzen. Lupusa izan nuen eta ondorioz, bi giltzurrunak geratu egin zitzaizkidan. 4 hilabete eman nituen Gurutzetako ospitalean zer neukan ez zekitela. Gaitza atzeman zidatenean, arrarotzat jo zuten nire kasua; izan ere, lupusa batik bat emakumeetan ematen da, eta 40 urtetik gorakoetan. Hor hasi zen nire kalbarioa! Kirola eta lana utzi eta astean 3 aldiz Bilbora joaten hasi behar izan nuen dialisia egitera».

Anaiaren giltzurruna
Sei urtez «makinara lotuta» pasa eta gero, itxaropenaren atea parez pare zabaldu zitzaion. «Nire anaia Bartzelonako lagun batzuekin eskiatzen zebilela nire kasua azaldu eta etxean probak egin behar genituela aholkatu zioten, familiako norbaitek giltzurruna eman ziezadakeelako. Ordura arte, ez genekien ezer bizidunen arteko transplanteei buruz, Bilbon ez baitziguten ezertxo ere esan. Lehendik jakin izan bagenu, ez nintzen sei urtez dialisia egiten ibiliko. Anaiak giltzurruna emateko probak egin zituen, eta guztiz bateragarria suertatu zen». 1987an egin zioten transplantea eta 20 urte igaro ditu anaiaren giltzurrunarekin.
Berriz jaiotzea bezala izan zela aitortu du Aulestiak: «Apirilean egin zidaten transplantea, eta udan jada nahikoa sendo ibiltzen nintzen oinez; neguan, bizikletan ibiltzeari ekin nion; eta hurrengo udan, jada, Mutrikutik Ondarroara joan ginen igerian anaia eta biok». Era horretan, kirolean murgildu zen bete-betean, eta transplantatuentzat antolatzen dituzten txapelketetan parte hartzen hasi zen. Igerian eta txirrindularitzan Espainiako zenbait txapelketa irabazi du eta nazioartean ere dominak lortu ditu, Europako nahiz Munduko txapelketetan. «Mundu osoan zehar aritu naiz lehian eta, egia esan,  garaipen handiak lortu ditut».
2005ean, Donejakue bidea egin zuen bizikletaz, anaiarekin batera, Elkartasun pedalkadak izeneko proiektuaren baitan. Ekimenaren bitartez, organoak ematearen aldeko aldarria egin zuten, eta transplante baten ondoren ere sasoian jarraitzeko aukera dagoela erakutsi.

Bigarren ebakuntza
Transplante baten ondoren, giltzurruna eta, oro har, gorputza zaindu egin behar dira, eta «kirola dena da». Aulestiaren hitzetan, «bizitza normala egin behar da eta ezin zara etxean geratu, mugitu egin behar duzu eta burua modu positiboan landu. Ezagutzen nautenek ea indarra nondik ateratzen dudan galdetzen didate. Agian, beste aldea ezagutu dudalako izango da». Transplantatuek medikazio bat hartu behar dute egunero, gorputzak jasotako organoa atzera bota ez dezan. Gainera, emandako giltzurruna ez da behin betiko izaten, nahiz eta guztiz bateragarria izan.  
20 urtez bizi kalitate aparta izan arren, 2007ko abuztuan anaiaren giltzurruna galdu eta urte eta erdiz dialisia egin behar izan zuen berriro ere. «Bigarren transplantean denbora luzez ez genuela zain egon behar esan zidan emazteak. Oraingoan berak eta nire arrebak egin zituzten probak, eta bienak izan ziren balekoak. Egokiena emaztearena zela erabaki zuten sendagileek eta halaxe izan zen. Ebakuntza joan den otsailean egin zidaten eta ezin hobeto atera zen, bospasei egunetarako kalean baikinen».
Oso ongi sentitzen da, eta pixkanaka-pixkanaka kirolean ere hasi da jo eta su. Anaiarekin ere beste proiekturen bat aurreikusi du jada: «Nire anaia maratoietan dabil buru-belarri azkenaldian, eta datorren urtean elkarrekin Behobia-Donostia lasterketa egitea proposatu dit. Ni izatez ez naiz korrikalaria, nire modalitateak txirrindularitza eta igeriketa baitira. Baina, 20 kilometro lasai antzera egiteko gai naiz eta, gainera, erronka gure bizipena kontatzeko aprobetxatuko nuke. Nolabait, transplantatuek argia ikus dezaten».
Mezu horretan oinarrituta, Adelante con un par de... riñones liburu autobiografikoa argitaratu zuen bere kabuz joan den uztailean, lagunartean eta familian banatzeko: «Iazko Gabonetan hasi nintzen idazten eta ospitalean jarraitu nuen, transplantearen garaian. Nire memoriak jaso ditut bertan».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info