Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Mendizaleak baino are gehiago

KUKUARRI mendi inguruko baserrietako jendearen ekimenez sortu zen Orioko mendi elkartea, duela 60 urte. Bere hastapenean Montañeros de Orio izena hartu zuen eta Pako Bajakoba izan zen batik bat guztiaren bultzatzailea. Gerora, ordea, Kukuarri izena hartu zuen elkarteak, herriko tontorraren omenez, baina izen berriak ez zuen luze iraun: «70eko hamarkadaren erdialdean, taldearen jarduerak Federazioan jasota ez zeudenez, baja eman zioten Kukuarriri. Izena berreskuratzen saiatu ginen, baina ez ziguten utzi eta, azkenean, Talai-Mendi bezala erregistratu behar izan genuen». Gisa horretan laburbildu du Talai-Mendi mendi elkarteko presidente Daniel Barrenetxeak taldearen orain arteko historia.
Talai-Mendiren eskutik, Euskal Herriko nahiz kanpoko txokoak ezagutzeko aukera izan dute herritarrek mendirik mendi. Urte osoan zehar makina bat irteera antolatzen dute, urtarriletik abendura; salbuespen bakarra abuztua izaten da, hilabete horretan oporrak hartzen baitituzte. Irteerak hilean behin egiten dituzte, bigarren edo hirugarren asteburuan, eta normalean egun pasak izaten dira. «Urtez urte, ibilbideak edota gailurrak aldatzen ahalegintzen gara, baina oro har Euskal Herriko lurralde guztietan zehar ibiltzen gara. Aurten, esaterako, inguruko tontor klasikoak igo ditugu: besteak beste, Gorbea, Aizkorri eta Anboto», dio Barrenetxeak.
Elkarteko dozena erdi bat lagunen artean finkatzen eta erabakitzen dituzte denboraldiko irteerak, baita elkarteko gainerako jarduerak ere. Datorren urtarrilean denboraldi berriari hasiera emango diote, baina oraindik ez dute erabaki nondik nora ibiliko diren: «Duela 3 urte inguru Gipuzkoa Bira egin genuen etapaz etapa, GR-121 ibilbidea, eta herritar dezente animatu zen. Beharbada horrelako zerbait antolatu genezake hurrengo urtean, baina ideia hutsa baino ez da, oraindik erabakitzeko baitugu guztia».

Lagun talde finkoa
Une honetan, 500 bazkide inguru ditu Talai-Mendi mendi elkarteak, eta horietatik 200 inguru federatuta daude. Hala eta guztiz ere, 30-40 lagunek hartzen dute parte sarri-sarri hileroko mendi irteeretan. «Gipuzkoa Bira antolatu genuenean jende heldua animatu zen eta guretzat ezuste gozoa izan zen; izan ere, 80 lagunek eman zuten izena. Ondoren, handik geratu zirenekin eta lehendik geundenekin, 30 lagun pasatxoko lagun talde finko samarra osatu dugu», jakinarazi du mendi elkarteko arduradunak.
Herritarrak mendira erakartzea eta horiei inguruko bazterrak ezagutzeko aukera ematea da Talai-Mendiren helburua: «Normalean, bakarrik egiten diren mendi irteerak lagunartean egiteko aukera ematen dugu, egun pasa eder batez gozatuz». Txangoetan parte hartu nahi dutenek irteera eguna baino pare bat egun lehenago eman behar izaten dute izena Uranga burdindegian, 10 euro ordainduz.

Bestelako jarduerak
Hilabetez hilabete antolatzen dituzten ohiko irteerez aparte, beste zenbait irteera berezi ere bultzatu ohi dute: eskiatzera eta kanoi jaitsiera egitera, hain zuzen ere. Eski irteera Cauterets (Frantzia) aldera egiten dute, otsaila bukaeran, eta kanoi jaitsiera egitera udan joaten dira, Huesca (Aragoi, Espainia) ingurura. Eskiatzera jende dezente animatzen dela azpimarratu du Barrenetxeak; kanoi jaitsieran, gutxi gorabehera, 20 lagunek hartzen dute parte. Era berean, maiatzeko azken igandean Kukuarri Eguna ospatzen da, eta bertako ekimenak ere elkartetik antolatzen dituzte.
Dena dela, Talai-Mendi elkartearen jarduna ez da mendi irteeretara bakarrik mugatzen; aisialdi eta kultur jarduerak ere antolatzen dituzte herritarrentzat: dantza ikastaroak, erromeriak, Ikastolari laguntzeko ekitaldiak, haurrentzako jolasak eta jarduerak... Jarduera horien artean, arrakasta gehien Gabonetako Erregeen Kabalgatak eta dantza ikastaroak izaten dute
 
 
Errege Kabalgata eta jaiotzen lehiaketa
Garai batean eliza arduratzen bazen ere, Talai-Mendi elkarteak urteak daramatza Gabonetako Erregeen Kabalgata antolatzen Orion. «Haurrek Gabonetako oporrak hartu eta berehala egiten dugu kabalgatan parte hartzeko deialdia. Jarraian, entseguekin hasten gara, ia egunero. 6 eta 12 urte bitarteko ia 200 haurrek hartzen dute parte eta, horiekin batera, jende heldua ere hurbildu ohi da danborra jotzera», jakitera eman du Daniel Barrenetxeak. Errege Egunaren bezperan, Bizar Zuri pasatzen da goizez eta ekimen horretaz ere elkartea arduratzen da. Era berean, Gabonetako Kantu eta Jaiotza Txapelketa antolatzen dute: «Orioko Herri Ikastolak gaztain jana antolatzen du Urtezahar aurreko aste horretan, eta ekitaldi hori aprobetxatzen dugu lehiaketa antolatzeko. Haurrek Gabonetako kantak abesten dituzte euren jaiotzekin eta guk, kantua nahiz jaiotza baloratzen dugu. Ikastolako patioan egiten dugu».
 
Euskal dantzen ikastaroa, urte osoan
Abenduan hasi ziren euskal dantzen ikastaroarekin eta ekainera arte iraungo du. Ikastaroa doakoa da eta une hauetan, 30-40 lagun inguru dabiltza. Talai-Mendi elkarteko hiru kide ari dira irakasle lanetan: Mila Oliden, Mari Karmen Oliden eta Koro Sarasola, hain zuzen ere. Bada dozena bat urte dantza ikastaroak ematen hasi zirela, baina nolatan hasi zen mendi elkarte bat dantza kontuetan? «Dantzan egitea gustatzen zaion jendea dago elkartean, baita txapelketetan jardundakoak ere. Beraz, herrian saltsa pixka bat jartze aldera eta herritarrak girotzeko, ikastaroarekin hasi ginen». Orioko Herri Ikastolan ematen dituzte eskolak, asteazkenetan, 21:00etatik 22:00etara.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info