Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Hirukoa saski barrura!

BERE GARAIAN saskibaloian aritutako hainbat lagunek Zumaiako Saskibaloi Eskola jarri zuten abian joan den urtean. Bederatzi eta hamaika urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago eskola –DBH3., 4. eta 5. mailako haurrei–, eta herriko gaztetxoak saskibaloian trebatzea du helburu. Iñaki Ostolaza, Pello Aizpuru eta Jon Argoiti aritzen dira normalean saskibaloian nola jokatzen den irakasten, eta horiekin batera, beste hainbat laguntzaile aritzen da beraiekin txandaka; besteak beste, Iosu Manzisidor.
Iaz «libre antzera» funtzionatu zuen eskolak, izenik eman gabe, eta 20 neska-mutil inguruk jardun zuten baloia saskiratzen. Aurten, antzeko haur kopuruarekin ari dira lanean, baina «ekimena fidelizatze aldera, izen-ematea sustatu dugu. Dena dela, eskola ez dugu kopuru jakin batera mugatu. Beraz, saskibaloian jokatzen ikastera animatzen denak, ikasturte osoan zehar eman dezake izena», adierazi du Iosu Manzisidorrek. Ikasturte guztiko matrikulazioa 20 eurokoa da, eta diru hori ikasturte amaieran ikasleei opariak egiteko erabiliko dute saskibaloi eskolako irakasleek.  
Eskolak bi astetik behin izaten dira, igande goizetan; 10:00etatik 12:00ak aldera arte, Zumaiako Herri Eskolako gimnasioan. Jolas moduko ariketak eginez ikasten dute saskibaloian jokatzen: «Gustura nabaritzen dira kantxan. Gaur egun, gainera, saskibaloiak badu erakargarritasuna, telebistan eta komunikabidetan gero eta presentzia handiagoa duelako. Baina, telebistan horren erraz ikusten dena, praktikan konplexua izaten da. Beraz, jokaldiak nola egiten diren erakusten saiatzen gara. Bestalde, kontuan izan behar da txikiak direla, beraz, saskiak euren neurrira jartzen dizkiegu».�
 
 
Aurrepausoak ematen eta talde izaera hartzen
Joan den maiatzean txapelketa bat antolatu zuten herriko ikastetxeen parte-hartzearekin.

Bigarren urtea izanik, Zumaiako Saskibaloi Eskolako neska-mutilek aurrerapauso nabarmenak egin dituztela azpimarratu dute eskolako arduradunek: «Iaz jokatzen hasi zirenek gero eta hobeto jokatzen dute, eta elkarren artean egiten dituzten partidatxoetan taldean jokatzen hasi dira, erasoak eta defentsak landuz». Mementoz, ordea, talde bat osatzeko goiz dela uste dute. «Denboraren poderioz, hemendik hiruzpalau urtera, gaur egun dabiltzanekin beharbada talde bat atera genezake. Ikusiko dugu, baina une honetan jokatzen irakastea da gure asmoa».
Taldekako beste zenbait kirolekin alderatuz, saskibaloia nahiko zaila da arauei dagokionez. Gainera, gaur egun Zumaian ez dago saskibaloiko erreferentziarik, eskubaloian edo futbolean ez bezala, elkarterik ez dagoelako. Egun, eskolako irakasle eta laguntzaile direnek 14 urtez jokatu zuten saskibaloian 90eko hamarkadan, herriko Lagun Artea taldean, eta «guk utzi genuenen bukatu zen guztia. Jakin bagenekien jarraipenik ez zegoela eta ezerezean geratuko zela. Beraz, orduko zaletasuna sustatzeko eta pizteko asmoz sortu dugu Saskibaloi Eskola».
Saskibaloi Eskolaren eskutik, joan den maiatzean txapelketa antolatu zuten herriko eskoletako haurrekin. Ekimenak harrera ona izan zuela adierazi du eskolako laguntzaileak, «guztira, 20 taldetik gora animatu baitziren». Aipatutako arrakastaren haritik, datorren urtean berriz antolatzeko asmoa dutela adierazi dute.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info