Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Hirugarrenean ere txapelak burutik ihes

HIRUGARRENEAN posible dela dio esaerak, baina Jokin Argote pilotari meagarraren kasuan ez da horrela izan. Profesionaletara jauzi egin zuenetik bigarren mailako hainbat final jokatu du, baina buruz burukoetan ez du zorte handirik izan. Binakako bi txapel ditu, 2007an eta 2008an lortuak, baina banakakoan txapeldunorde izatearekin konformatu da orain arte; bata, 2007ko lau eta erdian eta bigarrena, aurtengo banakakoan, alegia. Madarikazioari, ordea, ezin izan dio izkin egin eta hirugarrenez, txapela atzean utzi du. Izan ere, abenduaren 5ean lau eta erdiko finalean 22-10 galdu zuen Mikel Urrutikoetxearen aurka.
Finalerdietako ligaxkako azken neurketan aurkari bera izan zuen aurrez aurre, baina orduan parekatsu aritu ziren eta 2 tantogatik galdu zuen Argotek. «Finalera sailkatzeko 5 tanto egitea nahikoa nuenez, arraro samar aritu nintzen partida osoan zehar. Oso azeleratuta». Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zuten finaleko partida beste istorio bat izango zela espero zuen, beraz. Eta hala izan zen, baina okerrerako: «Urrutikoetxeak hasieratik jarri zuen erritmoari ezin izan nion eutsi eta konturatzerako 10-0 jarri zen aurretik. Jokoan sartzeko astirik gabe, sekulako aldea atera zidan. Egia esan, pena ikaragarria ematen dit». Nolanahi ere, ez zuen amore eman. Partidari buelta emateko itxaropena izanagatik ere, aurkariak konfiantza hartu zuela eta jokaldi guztiak atera zitzaizkiola dio meagarrak. «Aitzitik, niri ez zitzaidan ezer txukuna atera. Korrontearen kontra ibili nintzen denbora osoan. Aurkariak bere partidarik onena jokatu zuen, eta merezimendu osoz irabazi».

Amorruz beteta
Ilusioz gainezka abiatu zen finala jokatzera, baina amorruz beteta bukatu zuen jardunaldia: «Beste behin txapeldunorde geratzea ez da batere samurra izan, eta mementoan asko haserretu nintzen. Orain, ordea, burua altxatu eta aurrera begiratu behar dut».
Orain atsedena hartuko du aste pare batez eta, ondoren, entrenatzailearekin datorren urteko helburuak zehaztuko dituela adierazi du. Edonola ere, lau eta erdian nahiz banakakoan galdu izanaren arantzak kendu nahi dituela aitortu du. Hori izango da pilotari meagarraren 2010eko erronka nagusia: «Asko gustatu zitzaidan udaberrian jokatutako banakako txapelketa, orain arte jokatu ditudanetatik politenetarikoa izan baitzen. Egia esan, buruz buruko txapela lortzeko lehian sartu nahiko nuke». Ea laugarrenean janzten duen, azkenean!

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info