Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Gure nahia lortzeko ilusio handiz ari gara lanean

Itziar Segurola Manzisidor. HISTORIAN ZEHAR, Orioko herriak tradizio handia izan du arraunean. Hamarkadaz hamarkada, arrakasta handia lortu dute gizonezkoek traineruen liga nagusian, baina emakumeen presentzia urria izan da orain arte. Iaz beste hainbat talde gipuzkoarrek EuskoTren Ligan parte hartu bazuten ere, oriotar neskok ez ginen lehiaketa horretan izan.

Egoera horren aurrean, lehendik arraunean aritutako herritar batzuk euren gogoa egia bihurtzeko mementoa iritsi zela pentsatu zuten. Proiektu horri jarraipena emateko jubenil mailako bederatzi lagun prestatu ziren eta, horrela, elkartu eta martxan jarri ziren taldea osatu dugun arte.

Bederatzi arraunlari gazte horiei senior mailako beste hamar gehitu gatzaizkie. Gu denok lehendik ere Orioko klubean arraunean ibilitakoak gara. Beraz, esan dezaket, horrelako proiektu bat aurrera eramateko gogoa aspalditik geneukala. Horrexegatik, helburu hori errealitate bihurtzeko lehen pausoak ematen hasi gara jada. Oraindik pauso txikiak eman ditugun arren, gure nahia lortzeko buru-belarri eta ilusio handiz ari gara lanean.
 
Une honetan, Orioko emakumezkoen trainerua herriko 19 arraunlarik osatzen dugu: 10 seniorrek eta 9 jubenilek, lehen azaldu bezala. Adin eta belaunaldi ezberdinetako neskak bildu gara, ilusio batengatik borrokatzeko; zehazki, 17 eta 36 urte bitartekoak. Taldeko giroa oso ona da, paregabea, eta guztion ilusioa bera denez, gogotsu ekin diogu abenturari.

Emakumezkoen taldea osatzeko erabakia ez da Orioko klubetik etorri, gugatik baizik. Hala eta guztiz ere, gure asmoa aurrera eramateko laguntza osoa eskaini digu elkarteak hasiera-hasieratik, materiala eta azpiegiturak utziz. Egun, arraun talde gehienek bezala, astean sei egunez entrenatzen gara. Astegunean oinarri fisikoa lantzen dugu kiroldegian eta asteburutan, aldiz, teknika lantze aldera, uretara sartzen gara.

Une honetan, hainbat gabezia ere badugu. Izan ere, entrenatzailerik eta babesle ekonomikorik ez dugu, baina bien bitartean esperientzia handia duen Orioko arraunlari Iñigo Arruti Txabola ari da entrenatzaile lanetan. Edonola ere, arazo hauek konpontzeko bidean gaude, eta gure ilusioan parte hartzeko gogoa duen edonor hurbil daiteke gugana.

Aurtengoan, gure helburu nagusia arraunean esperientzia hartzea da, Hondarribia, Getaria eta Zumaia bezalako taldeekin EuskoTren Ligan bat egiteko. Gisa horretan, gipuzkoar gehiago ariko gara ligan. Aurretik, ordea, gure lehen estropada Oria ibaiaren jaitsiera izatea nahiko genuke, otsailaren 27an jokatuko dena. Hortik aurrerako bidea pixkanaka-pixkanaka jorratzen joango gara EuskoTren Ligan parte hartu ahal izateko.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info