Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Gorputz enbor orekatuaren bila

ABDOMINALETAKO giharreen eginkizuna gorputz enborraren aurrealdea indartzea da. Enborraren hezurdura pelbisak, toraxak eta bizkarrezurrak osatzen dute; nolabait esateko, pelbisa eta toraxa bizkarrezurraren bitartez lotzen dira. Lotura hori atzealdetik izaten denez, abdominaletako giharrek paper garrantzitsua betetzen dute, gorputzaren egitura zuzen manteduz. Beraz, bizkarrezurra eta abdominalak elkarren osagarri dira, eta biek batera giza enborra osatzen dute. Gainera, abdominal osasuntsu bezain indartsu batzuek bizkarrezurraren funtzioak bete ditzakete.

Jendearen gehiengoak tonu falta izaten du abdominaletan. Horrez gain, gerrialdeko edo lunbarretako giharreak tonu gehiegi izanez gero, pelbis inguruan desorekak sor daitezke: besteak beste, ziatika arazoak, lunbalgia, espondilolistesisa edota zerbikaletaraino iristen den bizkarreko mina. Arazo horiek ekiditeko, ariketa abdominalak lantzea komeni da; ez da estetika kontua bakarrik, osasuna ere aintzat hartu beharreko eragilea da.

Abdominalak sendotzeko ariketak ongi egin behar dira; batetik, emaitzak jasotzeko eta bestetik, minik ez hartzeko. Sasoian jartzeko nahiaren edo kilo batzuk kentzeko beharraren aurrean, askok ohiko ariketa abdominalak egiten dituzte (askotan oker) edo miraririk egiten ez duten aparatuak erosten dituzte. Abdominalak egiteko modu onena koltxoneta baten etzanda da, etxean edo kiroldegian, inolako laguntzarik gabe, eta artikulu honen alboko zutabean azpimarratzen diren gomendioak jarraituz.

Edonola ere, abdominalak lantzeak ez du esan nahi tripa desagertuko denik. Ariketei esker enborraren aurrealdea indartzen da, baina landutako giharreak ehun adiposoaren azpian geratzen dira. Eta, ehun koipetsu hori murrizteko, jarduera aerobikoa egin behar da intentsitate baxuan edo ertainean. Gorputzean pilatutako koipea erretzeko modu bakarra, beraz, ariketa fisikoa egitea da; betiere, dieta orekatu baten laguntzarekin. Sabelaldea murriztu ezean, landutako abdominalak ez dira agerian geratuko.�
 
ABDOMINALAK ZUZEN EGITEKO AHOLKUAK
Ariketa abdominalak behar bezala egiten ikasteak sabelalde sendo bat lortzea errazten du. Horretarako, teknika egokiaz baliatzea komeni da:
   · Enborra zorutik altxatzerakoan eskuak ez jarri garondoan edo lepoaren atzean, buru albotan edo bularrean gurutzatuta baizik.
   · Lepoak zuzen egon behar du, enborrarekin lerrokatuta, eta kokotsa altxa, inoiz ez bularrari itsatsita.
   · Abdominalak uzkurtzerakoan, enborra lepoa bihurritu gabe altxatu; bide batez, gerrialdearen edo lunbarretako giharreen laguntza ekidin.
   · Ariketak ez egin hankak luzatuta, bizkarraren behekaldea lesionatzeko arriskua baitago.

Denetariko ariketa abdominalak egin behar dira: gainkaldekoak, behekaldekoak, zeiharrak eta albotakoak. Oinarrizko entrenamendu programa jarraituz, gehienez ere 25 errepikapenetako 3 txanda egiten hasi daiteke, txandatik txandara 20 eta 45 segundo arteko atsedenak eginez. Entrenamendu saioak egiten joan ahala, intentsitatea progresiboki gehitzen joatea da egokiena.

Abdominalak egin ostean, gerrialdeko edo lunbarretako ariketak landu behar dira enborrean desorekak ekiditeko. Era berean, jarduera aerobikoa egin behar da (korri egin, bizikletan ibili, igerian egin, aerobika eta abar) pisua jaisteko eta giza enbor arin bezain indartsua izateko.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info