Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Oier Iraolagoitia, txirrindularia: «Federazioko hautatzaileek ez didate arrazoi logikorik eman»

EZ DIRUDI parekorik duenik ziklo-krosean. Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko kide Oier Iraolagoitia (Zarautz, 1992) hainbat garaipen lortzen ari da azkenaldian junior mailan; Gizpuzkoako Txapelketaz gain, Espainiako Kopa ere irabazi du. «Denboraldia nahiko ona izaten ari da. Hasieran, ordea, Belgikan izan ginen hilabetez Euskal selekzioarekin, eta Espainiako Kopako lehen bi probak jokatu ezinik geratu ginen. Ondorioz, galdutzat jotzen nuen Kopa, baina pixkanaka puntuak lortzen eta lasterketak irabazten hasi nintzen, eta lehen lauen artean sailkatu nintzen. Hortik aurrera, garaipena lortzea posible zela ikusi nuen», adierazi du gaur egun Iraetan bizi den txirrindulariari gazteak. Tamalez, osatutako denboraldi bikaina biribildu ezinik geratuko da. Izan ere, Espainiako Federazioak selekziotik kanpo utzi du, eta ez da hilaren 30-31n Txekiar Errepublikan jokatuko den Munduko Txapelketan izango.

Junior mailako bigarren urtea duzu aurtengoa. Espero al zenuen horren ongi moldatzea?
Benetako jauzia Belgikako egonaldian eman genuen. Euskal Federazioaren eskutik, Belgikako eta munduko txapeldun Marc Janssens txirrindulariarekin jardun ginen entrenatzen hilabetez. Guretzat sekulakoa izan zen ziklo-krosaz horrenbeste dakien pertsona baten esanetara aritzea. Ziklo-kroseko entrenamenduen nondik norakoez gain, korritzeko moduak, lasterketa ikuspegiak, gurpilen presioak eta modalitateko xehetasun nahiz ezaugarri guztiak ikasi genituen. Belgikan ziklo-krosak hemen errepideko txirrindularitzak adina garrantzia du.

Euskal Herrian ez al dago bada horrenbesteko kulturarik?
Egia esan, ez. Gure mailan, batik bat, errepideko txirrindularitza denboraldia prestatzeko lantzen da ziklo-krosa. Belgikan, aldiz, alderantzizko joera da nagusi: errepidean prestatzen dira, ondoren ziklo-krosean lehiatzeko. Egonaldi hartan ikasitako guztia hemen aplikatu dut, hango entrenamendu sistema nahiz planinga lantzen ari bainaiz, eta, mementoz, primeran, ezin hobeto funtzionatu dit. Gainera, fisikoki zein moralki oso ongi sentitzen naiz. Zazpi lasterketa irabazi ondoren, ez dago askoz gehiago eskatzerik!

Erakutsitako mailak bere fruituak eman ditu, baina zoritxarrez ez zaituzte Munduko Txapelketarako hautatu. Nola jaso duzu berria?
Txakurkeria galanta egin didate, eta pena ikaragarria dut. Urte osoa Munduko Txapelketara joateko prestatzen aritu naiz, helburu hori buruan nuela, eta hori lortzeko atarian nengoela, ez dakit zergatik, baztertu egin naute. Arrazoi logikorik, behintzat, ez didate eman. Orain, erreserba gisa utzi naute, norbaiti zerbait pasatuz gero ordezkatzeko. Hala ere, ez dut uste atzera bueltarik izango duenik. Espainiako Txapelketan sailkatzen ziren lehen hiruak zuzenean hautatuko zituela jakinarazi zigun hautatzaileak; laugarrena, berriz, erabaki teknikoz aukeratzeko asmoa zuten. Txapelketa horretan laugarren postuan helmugaratu nintzen eta selekziorako aukeratu duten laugarrena (Pablo Rodriguez galiziarra), berriz, 54. postuan. Orain arte nire aurretik ibili izan balitz, bada, ulertuko nukeen. Baina, ez da hala izan.

Argibiderik eman al dizute?
Urte bukaeran Belgikara joan ginen Espainiako Selekzioarekin, nazioarteko bi lasterketa korritzera. Bada, hango egonaldian gogorik gabe jardun nintzela eta lasterketa hasi baino lehen ez nuela beroketarik egin aurpegiratu didate. Gezur hutsa guztia! Lasterketen aurretik arrabolan berotzen aritu zen bakarra ni neu izan nintzen, eta ondoren guztia ematen saiatu nintzen. Gezurrak gezurraren gainean botatzen ari dira, baina azalpenak eskatu dizkiedanean ez dakite zer erantzun.

Eta, aurrerantzean, zer?
Nire asmoa pare bat astez atsedena hartzea da. Ondoren, errepideko denboraldiari helduko diot, martxotik irailera arte. Hortik aurrera, afizionatuetarako jauzia etorriko da.

Beraz, lokatz artean eta asfaltoan. Ezberdinak al dira?
Bai. Errepidean talde lana da nagusi; ziklo-krosa, berriz, indibidualagoa da. Entrenatzaileak kanpotik aholkuak eman ditzakeen arren, ziklo-krosean pedalkada guztiak norberak eman behar ditu, taldearen laguntzarik gabe. Errepidean, aitzitik, tropelean edota multzotxotan sartuta joan zaitezke, ihesaldia noiz joko zain. Ziklo-krosean, ordea, hasieratik eman behar da erritmo aldaketa. Gainera, lur eremua lehorragoa edo bustiagoa egon daiteke; lokaztuta dagoenean indarra erabili behar da, eta teknika landua bihurguneak gainditzeko.

Ezustekoa eman duzu ziklo-krosean. Posible al da errepidean ere bolada horri eustea?

Saiatuko gara, noski. Aurten aurreko urteetan baino indartsugo nabil, txirrindulari bezala ondu naizela esango nuke. Orain arte, aurreko urteetako dinamika konparatuz, oso gutxi entrenatzen genuen ziklo-krosean. Ondorioz, une honetan sasoiko gaude eta ea egungo egoeraz baliatzen garen errepidean ere.

Bi modalitateetatik zein gustatzen zaizu gehien?
Diferenteak direnez, niri bi modalitateak gustatzen zaizkit. Neguan, egia esan, lokatz artean ibiltzea gustuko dut, edozein bizikleta motarekin. Hastapenetan, kadete mailan, Anoetako belodromoko pistan ekin nion, baina ez zitzaidan gehiegi gustatu. Beti garapen berean jarduten genuen eta aspergarria iruditzen zitzaidan. Beraz, ziklo-krosa probatu nahi nuela esan nion aitari.

Probatu eta konbentzitu egin zintuen, ezta?
Hala izan zen, bai. Orioko Txurrukako gunean jokatu nuen nire lehen ziklo-kros lasterketa, errepideko bizikleta batekin. Ziklo-kroseko bizikletak ezberdinak dira; lokatza pasatzen uzteko, esaterako, beste balazta mota batzuk dituzte. 2004an izango zen eta, egia esan, asko gustatu zitzaidan esperientzia hura. Bost urte geroago, punta-puntan nabil eta oso pozik nago!

Errepideko denboraldia nola ikusten duzu? Zarauzko taldeburu izango al zara?
Orain arte lasterketaren arabera egon da erabaki hori; hau da, egokien datorkion txirrindularia izaten da buru. Talde gisa lehiatzen garen arren, askotan bakoitzak bere kasa borrokatzen du lasterketa, komeni zaionean ihes eginez. Jakina, taldekideren batek ihes egiten badu, elkar errespetatzen dugu. Hala ere, ez dugu aparteko talde lanik egiten. Nahiko modu indibidualean aritzen gara.

Eta, errepidean, zein eremutan aritzen zara hobekien?
Ordeka dagoenean, edo pendizetan. Portuak eta aldapa luzeak gogorrak bezain luzeak egiten zaizkit.

Ziklo-krosean horren fin ibilita, ordeka nahi izatea ez al da kontraesankorra?
Ez, bateragarriak dira. Ziklo-krosean bizkortasuna eta potentzia behar du txirrindulariak, lokatz artetik irteteko. Beraz, sprinterren ezaugarriekin bat egiten du. Mendian, aldiz, txirrindulari arinak eta pisu gutxikoak gorputz gehiago dutenak baino errazago joaten dira.

Afizionatu mailarako jauzia etorriko da ondoren. Bertigorik ematen al dizu horrek?
Mementoz, lasai samar nago. Nahiz eta aurten afizionatu mailako hainbat talde desagertu den eta atzealdean ibili ziren txirrindulari batzuk talde gabe geratu diren. Hala ere, horrek ez nau oraindik gehiegi kezkatzen. Lehenik eta behin denboraldi onena egiten ahaleginduko naiz, datorren urtean afizionatuetarako jauzian arazorik izan ez dezadan. Taldeak martxoa eta ekaina bitartean hasiko dira txirrindulariak ikuskatzen, baina askok ez du ziklo-krosa lantzen uzten, erortzeko eta lesionatzeko arriskua dagoelako. Arrisku hori ekidin eta errepidean buru-belarri jartzea nahi izaten dute. Nire asmoa, dena dela, ziklo-krosean jarraitzea da.

Txirrindulari gazte guztien ametsa profesional izatea da, baina asko bidean geratzen dira. Oinak pedaletan ez ezik, lurrean eduki behar al dira nahiz eta garaipen ugari lortu?
Dudarik gabe. Profesionaletara jauzi egitea oso zaila dago une honetan; asko ibili eta entrenatu behar da; sakrifizio handia behar du; ezin du ezerk hutsik egin; parrandak atzean utzi behar dira eta abar. Eta ondoren, batek daki igoko zaren ala ez, baina bien bitartean sakrifizio handia egin behar duzu.

Sakrifizio hori beheko mailetatik antzematen al da?
Denetarik dago. Lasterketa jokatu eta parrandan irtengo denik izango da, baina baita etxean gelditzen dena ere. Nik hatzekin konta ditzaket urtean atera naizen aldiak; ziklo-kros denboraldian, behintzat, ez naiz atera ere egin. Gainera, elikadura eta lo egiteko denbora zaindu behar dituzu. Ongi entrenatzeko eta lasterketa ona jokatzeko orduan, horrek guztiak eragin zuzena du. Norbait denbora pasagatik ariko da txirrindularitzan. Nik gustatzen zaidalako egiten dut, eta horregatik hartzen ditut erantzukizun horiek. Nolanahi ere, norbere esku dago helburuak jartzea eta erantzukizunak hartzea.�

 

ZIKLO-KROSA: Lokatz arteko egunetan, eroso
Txirrindulariek ziklo-kros lasterketa baten hasieran ez dute jakiten ibilbideko zirkuituari zenbat itzuli eman beharko dioten. Probak 40 minututako iraupena izaten du eta epaileak txirrindulariek itzuli bat ematen zenbat denbora behar duten kalkulatzen duten. Jarraian, zenbat itzuli geratzen zaizkien iragartzen diete. Zirkuituak 2 kilometro inguru izaten ditu, eta lokaztuta badago, txirrindulariek denbora gehiago behar izaten dute osatzeko. «Niri indarrekoa denean gustatzen zait, oso lokaztuta dagoenean eta bihurgune asko dituenean, alegia. Halako kasuetan ateratzen dut aldea», azaldu du txirrindulari zarauztarrak. Ziklo-krosean fin aritzeko teknika Belgikako egonaldian ez ezik, ibilian ikasi duela adierazi du; astean behin, esaterako, Zumaiako Santio hondartzan aritzen da trebatzen. Horrez gain, proba hasi aurretik ibilbidea aztertzen eta estrategiak finkatzen ditu. Datuak hartuagatik, probatan aita aritzen zaio batetik bestera gomendioak ematen.� 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info