Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Trineoa balitz bezala

CANICROSS modalitatean Espainiako ligako buru dira Pedro Etxeberria lasterkari zumaiarra eta bere txakur Zura. Bikoteak 5 probatatik 3 irabazi ditu orain arte –Onilekoa (Alakante), Humanes de Mohernandokoa (Guadalajara) eta San Adrian de Juarroskoa (Burgos)– eta aurtengo txapela lortzeko aukera handiak ditu. Une honetan, liga irabaztea du helburu... eta hori, duela urtebete eskas hasi zela aipatutako kirol berezi hori praktikatzen.

«Egia esan, orain dela bi urte jakin nuen modalitate honen berri. Saltoki batean Errenteriako canicross probaren kartela ikusi nuen, eta interesa piztu zitzaidan. Izan ere, ni mendi lasterkertetan aritzen naiz batez ere, eta horiek prestatzeko txakurrarekin irteten naiz korrika egitera. Aldi horretan, ordea, ezin izan nuen parte hartu, nire txakurrak oraindik urtebeterik ez zuelako eta araudiak halaxe zehazten duelako», azaldu du Etxeberriak. Jakin-minak bultzatuta, kirolaren nondik norakoak, xehetasunak eta materialak ezagutzen hasi zen sareartean nabigatuz.

Ezusteko garaipena
Urtebete geroago (iaz), «probatze aldera», Errenteriako lasterketan parte hartzera animatu zen eta irabazi egin zuen. «Ezusteko handiena nik neuk jaso nuen! Helburu zehatzik gabe atera ginen, baina pixkanaka-pixkanaka aurreratzen joan ginen, jendea atzean utzita; gero, txakurra putzuzulotan geratzen zitzaidanez, aurrea hartu ziguten; handik gutxira, berriz ere, aurrea hartu genien; eta, konturatzerako, azken itzulian geunden, garaipena eskuetan genuela. Irabazteak ligan parte hartzera animatu ninduen. Txakurra gustura aritu zen eta, baita ni neu ere. Beraz, aurrera!», gogoratu du lasterkari zumaiarrak.

Espainiako liga bederatzi lasterketa puntuagarriz osatuta dago; iraila bukaeran hasi zen eta datorren martxoan bukatuko da. Gabonak bitartean hilean behin jokatu dituzte lasterketak baina, une hauetan, hilabetean bi proba egiten ari dira. Espainiako ligaz aparte, lurralde mailako beste canicross liga batzuk ere badaude: Katalunian, Guadalajaran, Madrilen edota Galizian. Euskal Herrian, berriz, proba bakarra jokatzen da, Errenteriakoa.

Europan zehar hainbat txapelketa jokatzen dituzte, aspalditik gainera. Hain justu ere, katalanak izan ziren Frantziatik penintsulara neguko kirol hau ekarri zutenak; izan ere, Pirinioetan aspalditik antolatzen dituzte lasterkari-txakurren lasterketak.

‘Mushing’ mota bat
Canicrossa neguko kirola da, mushingaren aldaera edo modalitate bat. Kasu honetan, txakurrak trineoari edo eskiatzaileari tira beharrean, korrikalariari egiten dio tira. Kirol honetan txakurra da gidaria, buru doana. «Lasterkariok ezin dugu inolako kasuan txakurraren aurretik joan; txakurrak egiten dio tira lasterkariari eta bere atzetik joan behar du edo, gehienez ere, aldamenean. Askok, ordea, zalantzan jartzen dute bigarren joera hori; izan ere, alboan jarrita txakurra azkarrago joatera behartzen dugu», dio Pedro Etxeberriak.

Canicrosseko materiala berezia da, txakurrak ezin baitu edozer gauza eraman soinean. Tiratzeko uhala eraman behar du, babes eta guzti, minik eragin ez diezaion. Lasterkariak, bien bitartean, gerriko bat eraman behar du, «geuk ere minik ez hartzeko». Lasterkariaren gerrikoa eta txakurraren uhala metro eta erdi eta bi metro bitarteko soka batekin lotuta doa. Gainera, sokaren zati batek elastikoa izan behar du, txakurrak lasterka doala ematen dituen kolpeak xurgatzeko.

Lasterkarien lana ezinbestekoa den arren, txakurrak dira modalitate honetako protagonista nagusiak. Azken finean, txakurren arteko lasterketa baita canicrossa. Horrexegatik, animaliaren bizitza eta bere babesa kontuan hartzen dira uneoro. Abereen Elkarte Babesleak, era berean, gertutik jarraitzen ditu probak. Ondorioz,  txakurrek albaitariaren kontrola gainditu behar dute lasterketan irteteko.

Lehiak mendi aldean izaten dira normalean, nahiz eta ordeka eremuak ere badiren: «Mendiko pistetan jarduten gara korrika, txakurrak asfaltoan asko sufritzen duelako». Ibilbideko lur eremua ez ezik, tenperatura ere oso kontuan hartzen dute antolatzaileek. Izan ere, «txakurrek berotan esfortzu handia egiten badute, ito egiten dira». Horrenbestez, 25 gradutik gora egiten badu, bertan behera uzten dute proba; 20 eta 25 gradu bitartean, antolatzaileen esku geratzen da azken erabakia. Lasterketa aurrera eraman ala ez eraman, zalantza horretan, animaliaren eskubideak gailentzen dituzte beti.

Jendea harrituta
Gainerakoan, edozein arrazatako txakurra erabili dezake korrikalariak halako proba batean; bete beharreko baldintza bakarra txakurrak urtea beteta izatea da. Pedro Etxeberriaren txakurra artzain txakur baten eta border collie baten nahasketa da, eta «oso gustura nago erakusten ari den mailarekin. Ez da oso txakur handia, baina harrituta uzten du jendea. Itxuraz,  horren bizkorra eta indartsua ez dirudien arren, egurra ematen die gainerakoei».

Canicrossa kirol ezezaguna da oraindik ere, bai eskualdean, bai Euskal Herrian. Zumaiarraren hitzetan, «herrian arraroa egiten zaie txakurrarekin korrika egitera ateratzen naizenean». Nolanahi ere, «mendira korrika egitera joaten garen askotan libre uzten dut. Astean laupabost aldiz ateratzen gara mendira, eta behin baino ez dut lotzen entrenamenduetan, lasterketetan lotuta joaten ikasi behar duelako. Herrian, berriz, bakarrik ateratzen naiz entrenatzera, errepidean arriskua baitago».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info