Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Urteetan egindako lanaren fruitua

ZARAUTZ KIROL Elkartea une gozoa bizitzen ari da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzetako Departamentuak 2009 Gipuzkoako Elkarte aipagarrienaren saria eman zion joan den abenduan, Kursaal jauregian izan zen Kirol Gala jaialdian, eta elkarteko arduradunek pozez zoratzen hartu dute errekonozimendua.

Ongi egindako lanaren fruitua dela nabarmendu du ZKEko presidente Esteban Collantesek. Arrazoirik ez zaio falta, egia esan. Bere sorreratik hona 66 urte pasatu dira, eta ibilbide luze horretan sona handiko hamaika kirol jarduera eta ekitaldi sustatu du herrian; besteak beste, Hondartzako Futbol Txapelketa edo Plaieroak, Bikote Mistoen Krosa, 3x3 Saskibaloi Txapelketa, Txaparrotan Hondartzako Eskubaloi Festa eta Isidoro Unzueta eskolarteko lasterketa.

Plaieroak kirol elkarteak adina urte ditu. Eskutik helduta jaio ziren, eta tradizioa ikur bihurtu dela dio Collantesek: «Han-hemen plaieroez hitz egiten denean, Zarautz izaten da hizpide». Horrez gain, Bikote Mistoen Krosa ere urteko kirol errefente nabarmena bihurtu da urteen poderioz. Hala, Berdintasunaren Saria jaso zuen 2007an, Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

Memento honetan, gainera, hamar kirol atal daude ZKEren baitan: futbola, areto futbola, eskubaloia, saskibaloia, errugbia, xakea, squasha, pilota, atletismoa eta halterofilia, hain zuzen ere. Atal bakoitza autonomoa da ekonomikoki, baita kirol jarduerari dagokionez ere. «Jasotzen dugun diru-laguntza atal guztien artean banatzen dugu eta, ondoren, atal bakoitza bere kontura moldatzen da: aurrekontua kudeatzeko, babesleak bilatzeko edota jokalari nahiz entrenatzaileak fitxatzeko», adierazi du presidenteak.�
 
 

Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko presidentea:
«Elkarteak duen ibilbidea ikusita, merezi genuen saria»


Duela ia bi urtetik Zarautz Kirol Elkarteko presidentea da Esteban Collantes (Donostia, 1956). Aurretik, xake ataleko ordezkari eta elkarteko presidenteorde izan zen, baina gaur egun bera da elkarteko arduradun nagusia. Ondorioz, berak jaso zuen Gipuzkoako elkarte onenaren saria. Oroigarria, ordea, Aritz Aranburu surflariak eman zion, eta «hunkigarria izan zen benetan saria herriko kirol enbaxadore aipagarrienetako baten eskutik jasotzea».

Nola jaso duzue saria Zuzendaritza Batzordean?

Ez da iaz egindako lanaren errekonozimendua bakarrik; urteetan egindako lanaren saria izan da. Azken urteetan lan dinamika bera mantendu dugu eta, azken finean, urtez urteko dinamika hori hartu dute aintzat. ZKEk merezi zuen halako sari bat, baita lehenagotik ere, baina inoiz ez da berandu! Zuzendaritza Batzordeak pozez txoratzen jaso du saria. Egia esan, ezusteko atsegina izan zen, ez baikenekien izendaturik geundenik ere. Ekitaldia baino egun pare bat lehenago deitu ziguten, gainera.

Eta, Aldundiaren deia jaso zenuenean, zer pentsatu zenuen?
Elkarteko idazkariek jaso zuten deia eta haiek jakinarazi zidaten. Ondoren, mezu formala bidali zidaten, sariaren berri emanez. Halako sariak ongi etorriak dira, baina ez guretzako bakarrik, herri osoarentzat baizik. Izan ere, urte hauetan guztietan makina bat herritar pasatu da ZKEtik, kirolari, guraso, entrenatzaile edo batzordekide bezala. Azken finean, Zarautzi eskainitako saria izan dela iruditzen zaigu.

Zer baloratu du Aldundiak saria ematerakoan?
Ez digute xehetasunik eman. Dena dela, ongi egindako lanaren errekonozimendua dela esan genezake: gure kirol elkarteak hamar atal ditu, 1.250 kirol lizentzia eta 85 talde federatu.  Gipuzkoako kirol elkarte handiena gara, Vasco de Camping Elkartea salbu. Azken horren jarduerak mendizaletasunera mugatzen dira eta guk, ordea, kirol eskaintza anitza jorratzen dugu. Guk uste dugu oso kontuan hartu dutela datu hori. Azken urteetan Gipuzkoa Basket edo Akaba Bera Bera bezalako talde  erreferenteei eman diete saria, denboraldian zehar zehaztutako helburuak lortu dituztelako. Zehatz-mehatz ez dakigu zergatik eman diguten saria, baina elkarteak duen ibilbidea ikusita, merezi genuen.

Erakunde publikoen eskutik halako errekonozimendu bat jasotzea garrantzitsua izango da, baina orain lanean jarraitzea tokatzen da.
Bai, zalantzarik gabe, baina gogo gehiagorekin. Sari bat jasotzea beti da pizgarri, eta ezin hobeto datorkigu egun esku artean dugun plan estrategikoa lantzeko. Izan ere, helburu batzuk lortu nahian, plan bat garatzen ari gara; behin betiko zehazten dugunean jakitera emango dugu herriaren aurrean. Udaberri aldean izango dela aurreikusten dugu.

Zein helburu izango dituzuen aurreratu al daiteke?
Oro har, kirol elkartea sendotzea dugu xede; hau da, kirol eskaintza hobea eta baldintza txukunagoetan ematea. Horretarako, elkartearen funtzionamendua hobetu beharko genuke. Elkarteko atal guztien energiak elkartu eta bateratu nahi ditugu plan estrategikoan, kirol aukera hobea eskaintzeko herritarrei.

Beste helbururik ba al duzue?
ZKEren izenean kirola praktikatzen dutenak elkarteko bazkide izatea nahiko genuke, eta horretan ere lanean ari gara. Egun, ZKEko jokalari guztiak ez dira bazkide, eta horiek inplikatzea gustatuko litzaiguke. Jakina, batzuek ezin izango dute urteko kuota hori ordaindu eta ez dugu inor behartuko. Edonola ere, komenigarria izango litzateke, urtean zehar hainbat gastu baitago kirol talde bakoitzaren atzean: entrenatzaileak, materiala, garraioa eta abar.

Bi urte bete behar dituzu ZKEren lehendakaritzan. Zer moduz moldatzen zara?
Xakeko ordezkari nintzela banekien elkarte handia ginela, baina presidente ardura hartutakoan ohartu naiz ikaragarria dela eta sekulako lana egiten dela. Meritu itzela du atal bakoitzean lanean ari den jende guztiak, musu-truk ordu dezente eskaintzen baitute. Batzutan ez ditugu gauzak behar bezala egingo, baina hor jarraitzen dugu. Kirol arloko Gobernuz Kanpoko Erakunde bat gara, sosik gabe eta borondate hutsez jende askok egiten baitu lan Zarautz Kirol Elkartean.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info