Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Trindoorraren lema hiruko onenaren zain

HERRI ARTEKO Emakumezkoen Lehen Trindoor Txapelketa jarri du abian Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioak. Orain arte gizonezkoak lehiatu dira triatloi berezi honetan, baina hemendik aurrera emakumeen artean izango da lehia. Lehen kanporaketa urtarrilaren 9an jokatu zuten, eta txapelketaren irekiera hartan eskualdeko bi herrik neurtu zituzten indarrak: Getariak eta Zarautzek. Getariarren taldea Ane Balentziaga, Izaskun Arruabarrena eta Uxoa Irigoien hirukoak osatu zuen; Zarauzkoa, berriz, Codeam Triatloi Taldeko Myriam Urbieta, Miren Casado eta Nerea Mujika kideek. Proba hauek egin zituzten: 750 metro arraunean, 4 kilometro bizikletan eta 1,5 kilometro korrika. Zarauztarrak gailendu ziren eskualdekoen arteko lehian.

Getariari egokitu zitzaion lanean hasteko ohorea... eta desabantaila. Bere dohainak erakutsiz, marka dotorea jarri zuen arraunean Ane Balentziagak (2:38); Izaskun Arruabarrenak spinning saioen oinarri ona erakutsi zuen (7:15); eta, amaitzeko, behetik gorako korrikaldia osatu zuen Uxoa Irigoienek (6:43). Guztira, 16:37 denbora behar izan zuten.

Nahiz eta Myriam Urbieta txukun aritu zen, zarauztarrek denbora pixka bat galdu zuten getariarrekiko arraunean (3:10); Miren Casadok galdutako denbora berreskuratzeaz gain, 8 segundoko aldea atera zuen bizikletan (6:36); eta korrika, Nerea Mujikak abiada bizian bukatu zuen saioa (5:55). Ondorioz, Zarautz izan zen garaile 15:42 denborarekin. Orain, martxoan, Markiñako taldearen aurka lehiatu beharko dute finalerdian.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info