Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Laura Gomez, futbol jokalaria: «Ezusteko ederra jaso nuen Barçan onartu nindutenean, ez bainuen espero»

«IBILBIDE LUZEA egin dut, baina orain bizitzen ari naizen bolada da politena. Niretzat amets bat izan da Barçara iristea». Lortutakoaz harro dago Bartzelona futbol elkarteko jokalari Laura Gomez (Zarautz, 1983). Diseinu grafikoa ikasi zuen, eta Bartzelonara joateko ideia aspalditik zebilkion buruan, «bertan aukera gehiago dagoelako».  Oraindik lanik topatu ez duen arren, futbolean jarraitzeko aukera izan du. Zarauzko taldean eman zituen bere lehen ostikadak, 1998 eta 2003 artean. Jarraian, Realaren elastiko txuri-urdina defendatu zuen bost urtez eta, orain, kolore blaugranaz jantzita irteten du zelaira.


Reala utzi eta lan kontuak zirela medio, Bartzelonara joan zinen duela pare bat urte. Barçak bere ateak irekiko zizkizun itxaropenik ba al zenuen?
Egia esan, ez nuen halakorik espero. Hasiera batean lana topatzeko asmoz abiatu nintzen Bartzelonara baina, aldi berean, bertako futbol taldean proba egiteko aukera sortu zitzaidan. 2008ko udan izan zen, abuztuan, denboraldi aurreko boladan. Realeko entrenatzaile nuen Iñigo Dominguezek Barçako entrenatzaile Xabi Llorensekin hitz egin zuen, eta nire gaitasunen nahiz ezaugarrien berri eman zion. Ondorioz, astebetez beraiekin entrenatzeko deitu ninduten. Azterketa moduko zerbait izan zen, baina hirugarren egunerako taldean onartzen nindutela jakinarazi zidaten. Ez nuen uste hartuko nindutenik. Ezusteko ederra jaso nuen, egia esan.

Zer baloratu zuen Barçako entrenatzaileak baiezkoa emateko orduan?
Entrenamendu saioen barruan partidatxoak jokatzen genituen elkarren aurka, eta entrenatzaileak gainerako jokalariekin ongi moldatzen nintzela ikusi zuen. Taldean ongi funtzionatu nezakeela, alegia. Berria eman zidatenean, sekulako ilusioa sorrarazi zidan. Nolabait esateko, Barçan jokatzera nindoan! Nire lehen urteak, gainera, futbol elkartearen garairik oparoenarekin bat egin zuen; izan ere, gizonezkoek denboraldi ikaragarria osatu zuten eta emakumeok Superligara itzultzeaz gain, txukun aritu ginen gure lehen denboraldian.

Munduko futbol elkarte garrantzitsuenetariko batean jokatzeak errespetu handia emango du, ezta?
Dezenteko errespetua ematen du, bai. Barçan asko mimatzen dituzte harrobia eta etxeko jokalariak; eta ikuspegi teknikotik asko irakasten dizute. Oro har, diziplina handiko elkartea da, eta hori guztia arraro samarra egin zitzaidan hasieran. Horrez gain, Realean ez bezala, soldatatxo bat jasotzen dugu jokalari guztiok. Realean, nik jokatzen nuenean behintzat, sari gisa jasotzen genuen dirua; hau da, partidak irabaziz gero edo garaipen garrantzitsuren bat lortuz gero ordainsariak ematen zizkiguten, taldekide guztien artean banatzeko. Orain, soldata bat jasotzen dugu eta jokalari bakoitzak berea du, entrenatzailearekin adostutako zenbatekoa. Nolanahi ere, futboletik jasotzen dudan soldatak ez du bizitzeko adina ematen.

Zer moduz moldatu zara bizimodu eta talde berrira?
Oso ongi moldatu nintzen hasiera-hasieratik. Gainera, taldean beste bi jokalari euskaldun daude, Marta Unzueta eta Elba Unzue nafarrak, eta horiekin primeran moldatzen naiz. Oro har, taldeko kide guztiekin konpontzen naiz ongi, guztiok gazteak baikara eta giro ona baitugu elkarren artean. Ez nuen taldera moldatzeko inolako arazorik izan, eta jokalari guztiak laguntzeko prest agertu zitzaizkidan lehen egunetik. Izan ere, hasieran ez dakizu ongi non zabiltzan, ezta nora joan behar duzun ere, eta taldekideek gauzak erraztu zizkidaten uneoro. Hizkuntzari dagokionez, une honetan katalana ikasten ari naiz, eta ez dut arazorik.

Memento honetan, Superligako azken fasea jokatzen ari zarete. Liga irabazteko moduan al zaudete ala nahikoa garesti dagoela uste duzue?
Ez dakit, bada. Neguko ligaskan gure multzoko txapeldunorde izan gara, Espanyol taldearen atzetik. Orain, berriz, Superligako azken fasean lehiatzen ari gara ligako multzo bakoitzean lehen postuetan sailkatu garen talde guztiak. Beraz, txapelduna erabakitzeko ligaskan murgilduta gaude bete-betean. Ligaskako lehen bi sailkatuen artean erabakiko da txapelketa, finala jokatuz. Helburua, nola ez, liga irabaztea da eta hasiera kaskarra egin dugun arren, garaipena lortzeko ilusioz gaude. Lortuko dugun itxaropena dugu. Ligaska bukatu bezain pronto, Erreginaren Kopa jokatzen hasiko gara.

Txapeldunen fasean zure aurreko taldearen aurka neurtu behar izan dituzu indarrak, Realaren aurka, hain zuzen ere. Berezia egin al zaizu zure adiskideen kontra jokatzea?
Beti izaten da berezia zure talde ohiaren aurka lehiatzea eta, ondorioz, zure lagun direnen aurka indarrak neurtzea. Horietako asko, gainera, zarauztarrak dira: besteak beste, Maite Lizaso eta Marina Agoues. Elkarren aurka jokatu dugun guztietan urduri jartzen naiz, ez baitut jakiten nola ariko naizen. Azken finean, oso ongi ezagutzen dugu elkar eta jakin badakigu bakoitzak zein ezaugarri dituen, baita nolako jokamoldea duen ere. Dena dela, ni irabaztera irteten naiz beti zelaira.

Tituluren bat lortzea al da taldearen helburua aurtengo denboraldian?
Hala da, bai. Liga ez bada, Kopa irabazi nahi dugu. Aurten, denboraldiaurrean Kataluniako Kopa irabazi genuen, Espanyolen aurka, baina iaz ez genuen titulurik lortu. Ligan nahiz kopan txukun aritu arren, ez ginen finalera iritsi. Aurten, ordea, txapelketaren bat irabazi nahi dugu. Jakin badakigu zaila izango dela, gure aurkariak ongi prestatuta baitaude, baina dena emango dugu hori lortzeko. Talde arriskutsuena  Rayo Vallecano dela esango nuke, fitxaketa asko eta onak egin baititu, eta dena irabazteko asmoa dute.

Eta, maila pertsonalean, zeintzuk dira zure helburuak?
Nire helburu nagusia futbolean jarraitu ahal izatea da eta, bide batez, Espainiako selekzioaren deia jasotzea, datorren urtean Munduko Txapelketan parte hartzeko. Iaz Europako Txapelketa jokatzeko hautatu ninduten, baina ez nuen debutatu. Pena eman zidan, baina Espainiako jokalari onenekin batera une hura bizitzea ikaragarria izan zen.

Barçako gizonezkoek lortu dituzten sei tituluek eraginik izan al dute emakumezkoen taldean?
Elkartearentzat sekulako lorpena izan da, baina eragin zuzenik ez du izan gugan. Jokalari naizen aldetik, inbidia sanoa ematen dit; izan ere, jokoan zituzten txapelketa guztiak irabazi dituzte. Horrek guztiak borrokan jarraitzeko eta ahal dugun neurrian denboraldi biribila osatzeko indarra eman digu emakumeoi .

Argi ikusi da harrobia landuta talde irabazle bat osatu dutela. Emakumezkoen kasuan ere eredu hori jarraitzen al dute?
Dudarik gabe. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan harrobiak lehentasun nabarmena du, eta klubak dituen beheko talde horiek denak horren adibide dira. Emakumezkoen lehen taldeko jokalari gehienak etxekoak dira eta, era berean, behe mailako taldeetan dabiltzan jokalariak ate joka datoz. Lehen taldera igotzea, ordea, ez da horren erraza.

Gizonen taldeak ez du aurrekontu makala. Emakumezkoen taldean ere horrenbeste diru mugitzen al du Barçak?
Ez du kolorerik. Zuzendaritza batzordeak aurrekontu bat zehazten du urtero, eta diru kopuru horrekin kudeatu behar dugu denboraldi osoa; eta, fitxaketak ere, aurrekontu horrekin egin behar izaten ditugu. Alde horretatik, amorru pixka bat ematen digu; azken finean, guk ere lehen mailan jokatzen dugu. Aurten, irabazi dituztenak irabazita, diru ugari lortu du klubak, baina dena beraien eskuetan geratu da.

Harremanik ba al duzue Barçako gizonezkoekin? Telebistan diruditen bezain izarrak al dira?
Normalean, ez dugu bat egiten entrenamenduetan, ateak itxita entrenatzen baitute beti. Entrenamendua bukatzen dutenean ikusi izan ditugu, baina oso gutxitan. Nahiz eta elkarte berdinean jokatu, ez dut oraingoz jokalaririk ezagutu. Egia esan, agurtzen dute ikusten gaiztuztenean, baina telebistan ikusten diren bezain izarrak dira, bai.

Konparazioak gorrotagarriak dira, baina ba al dago emakumeen futbola sustatzeko jarrerarik?
Bartzelonan, behintzat, ez dut halakorik ikusten. Jende gutxi etortzen da gure partidak ikustera; gehienak gurasoak, familiakoak eta lagunak dira. Jarrera aldaketa edo oihartzun gehiago merezi du; batik bat, gure jardunaren berri gehiago argitaratuta. Azken finean, gizonezkoek eta guk jokatzen duguna futbola da, eta biak gaude lehen mailan. Hala ere, ikusi besterik ez dago batzuei eta besteoi zer nolako trataera ematen diguten. Nire ustez, emakumezkoen partidak ere gizonezkoen maiztasun berarekin eman beharko lituzkete telebistan. Hedapen bera eman beharko ligukete komunikabideek.�

Kokalekua... eta selekzioa
«Realean aurrelaria nintzen, eta hegaletan ere jokatzen nuen noizbehinka, baina beti aurrealdeko lerroan. Bartzelonan, aitzitik, atzealdean jokatzen dut, eskuin hegalean. Taldean sartu eta berehala, entrenatzaileak hegalean ipini ninduen. Egia esan, kokaleku hori ez zitzaidan gehiegi gustatzen hasieran. Gero, Espainiako selekzioarekin eskuin hegalean jokatu nuen eta, harrezkero, postu horretan zelairatzen naute Bartzelonan ere. Egia esan, oso gustura nago kokaleku horretan, baina arraro samar ere sentitzen naiz, lehen golak sartzen nituelako eta orain ez. Orain jokaldiak nire hanketatik abiatzen dira eta horrek ere betetzen nau». Partidak jokatzea zen Laura Gomezen nahia eta, mementoz, norgehiagoka guztiak jokatzen ari da: «Hasierako hamaikakoan irteten naiz zelaira. Titular jokatzen dut, baina ez nuke esango entrenatzailearen kuttunetakoa naizenik. Lana gogor egin behar duzu astero-astero eta entrenamenduz entremendu, inork ez baitu bere postua bermatuta hamaikakoan. Titular gisa jokatzen badut ere, nire postuan beste jokalari batzuk ere badaude taldean eta edonork joka dezake». Iaz Espainiako selekzioak Herbehereetan jokatu zuten Europako Txapelketarako hautatu zuen, eta esperientzia polita izan zela dio Gomezek, nahiz eta debutatzeko aukerarik izan ez zuen. «Aurten, datorren urtean jokatuko den Munduko Txapelketara sailkatzeko partidak jokatzen ari dira, baina ez naute hautatu. Gainera, ez dut uste nirekin kontatuko dutenik, selekzioa nahiko definituta baitago. Dena dela, batek daki zer gertatuko den!»� 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info