Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Akonkaguarako atzera begirada

AMETSA EGI bihurtuz, Zarauztik abiatutako lagun batzuk Akonkaguako gailurrera (Argentina, 6.959 metro) iritsi ziren 1985eko otsailaren 3an. Jose Ramon Zabala, Jesus Manuel Murua, Koldo Camino eta Felipe Uriarte izan ziren abentura hartako protagonistak, eta Zarauzko edo inguruko herrietako mendizaleek igotako tontorrik garaiena izan zen orduan. Aurretik, Huascaranera (Peru, 6.768 metro) joan zenik ere bazen Zarautzen. Eta Muruak berak, era berean, Kilimanjaro (Tanzania, 5.895 metro) igo zuen 1976an, Zumaiako mendizale talde batekin; besteak beste, Jokin Zubeldiak, Fernando Zearretak, Luis Mari Aristegik eta Javier Carballok osatutako taldearekin. Hala ere, Akonkagua baino txikixeagoak ziren ordura arte igotako guztiak. Balentria hartatik hona 25 urte luze pasatu dira. Denbora azkar igarotzen bada ere, oroitzapenak lehen egunean bezain bizi gogoratzen dituztela adierazi du Zabalak.
Gaur egun, mendiari eta mendizaletasunari buruz nahi adina informazio dago; munduko ia edozein tontor igotzeko trekkinak daude, baita aldez aurretik antolaturiko bidaiak ere. Alde horretatik, oraingoak ez du kolorerik ordungoarekin. Garai hartan, esaterako, apenas zegoen ezer. «Donostiako Alde Zaharrean zegoen Grafos izeneko liburudendan Akonkaguari buruzko koadernotxo bat topatu nuen. Liburu xumea zen, baina gauzak oso zehatz azaltzen zituena. Horrenbeste aldiz irakurri ondoren, apurtxo bat obsesionatu egin nintzen. Nolabait ere, argi neukan Akonkaguara joan behar nuela!», gogoratu du Zabalak.
Bolada hartan, Murua zuen bidaide eta kafetxo baten tenorean, Akonkagua igotzeko proposamena egin zion Santarba tabernan. Muruak erronka barneratu eta onartu ahala, Koldo Camino koinatuari kasu egin zion Zabalak. Hala, espedizioko hirukoa osatu eta entrenatzeari ekin zioten jo eta su. Hirukoarentzat, ordea, euren kabuz egin beharreko lehen irteera luzea zen, eta horrek hainbat kezka sorrarazi zien. Zalantzak ekidin eta segurtasuna bermatze aldera, eskarmentu dezente zeukan Felipe Uriarte mendigoizale pasaitarrarekin jarri ziren harremanetan: «Bere presentzia mesedegarria izan zen, taldeak denbora ez galtzeko eta aklimatazioa behar bezala egiteko».

Ibilbide aldaketa
Mendizaleen lehen asmoa Glaciar de los Polacos izeneko bidetik igotzea zen: «Glaziar batetik hasi eta tontorrean bukatzen denez, ibilbidea  teknikoagoa da, baita polititagoa ere». Tamalez, naturak agintzen du mendian eta honek finkatutako baldintzak errespetatu behar izaten dituzte mendizaleek. Horrenbestez, espedizioko egunetan egin zuen eguraldiak ez zien hasierako bidetik igotzeko aukerarik eskaini, hotza eta haizea izan zirelako nagusi. Beraz, ipar aurpegitik igotzea erabaki zuten, bide arruntetik. Urtarrilaren 12an irten ziren Zarauztik eta egun bat geroago Argentinan ziren, Mendozan. Igoerarekin hasi aurretik, Vallecitos zonaldean ibili ziren astebetez, altuerara ongi aklimatatzeko.
Aklimatazio prozesua «oso gogorra» izan zela oroitzen du mendizale zarauztarrak: «Ondoen Camino moldatu zen; Murua eta ni, ordea, nahikoa larri. Gorputza horretara jartzeko denbora behar da eta, agian, Uriartek azkarregi sartu gintuen girotze prozesuan. Suabeago hasi beharrean,  hasieratik 5.000 metroko mendiak igotzen hasi ginen.  Aklimatazioa oso gauza pertsonala da, eta batzuek besteek baino hobeto erantzuten dute. Egun horietan sufritu genuen gehien: sekulako buruko mina, goragalea, jateko gogorik ez... Baina, behin aklimatatu eta gero, primeran ibili ginen».

Ezustea bidean
Akonkaguako etsai nagusia hotza da, eta egun haietan ez zen gutxiago izan. Bidean, lehen kanpamentuan zeudela, ekaitzak harrapatu zituen eta hiru egunez mugitu ezinik geratu ziren toki berean. Gainera, «bakar-bakarrik geunden, ez zebilen beste inor igoera saiatzen bide arruntetik. Gainerako guztiak behean zeuden, Plaza de Mulasen edo oinarrizko kanpamentuan».
Ekaitza pasatu eta bigarren kanpamentura bidean, ezerezetik agertu ziren bi mendizalerekin egin zuten topo. Hauek beherantz zihoazen, balantzaka. «Mendian bakarrik bageunden, nondik datoz horiek?», galdetu omen zioten elkarri. Bata txiletarra zen eta bestea, poloniarra. Erdi itsututa zeuden, leher eginda eta izoztuta. «Esertzen lagundu eta te beroa prestatu genien. Nik bietako bati eman nion katilua, baina ezin helduta zebilen. Orduan, edaria ematen ari nintzaiola, sudurzuloak eta belarrietako zuloak izotzaren eraginez hantuta zeuzkala konturatu nintzen. Segidan, eskularruak kendu zituen, esku erdia erabat belztuta zuela erakutsiz. Hego aurpegitik igo zuten mendia, bide zailenetik; hau da, 3.000 metroko horma zoragarri bezain beldurgarritik zetozen».
Zabalak kontatuakoaren arabera, bidean topatutako bikoteak ekaitza atari zabalean pasatu behar izan zuen. Eta, horren ordaina garesti ordaindu zuten, gainera. «Akonkaguatik jaisterakoan haietaz galdetu genuen, eta hatzak moztu zizkiotela esan ziguten. Askotan ikusi nituen izozteen irudiak aldizkarietan edo telebistan, baina hura izan zen bertatik bertara ikusten nuen lehen aldia eta, egia esan, zirrara handia sorrarazi zidan. Gaur egun, helikopteroa, hotela eta medikuak daude, baina orduan ez zegoen horrelakorik».

Tontorra eta euforia
Horrenbesteko hotza egin zien gailurrera igotzeko eta jaisteko egunean ere, kantinploratan zeramaten ura izoztu egin baitzitzaien. «Berokien barruan babestu arren, edatekorik gabe geratu ginen bigarren kanpamentura jaitsi arte. Ezusteko hori sekulakoa da garaiera horietan, izan ere, lauzpabost litro ur edatea gomendatzen dute. Egia esan, nahikoa larri pasatu genuen egun hura», dio mendizale zarauztarrak.
Gainera, ura ez zen izan igoeran izoztu zitzaien gauza bakarra: «Murua gure atzetik iritsi zen tontorrera eta bera iristerako, argazki kamera ere izoztu zitzaigun, nahiz eta hori ez gertatzeko neurri guztiak hartu genituen. Sutan jarri zen, baina tira! Argazkirik eduki ez arren, abenturako benetako irudiak, oroitzapenak eta emozioak norberak bere baitan gordetzen ditu».
Tontorrera iristerakoan, «lortu diagu!» pentsatu zuen Zabalak asebeteta: «Lasaitasun handia sentitu nuen. Lasaitasun faltsua. Bertan geratzeko gogoa neukan, nahiz eta jakin jaitsi egin behar genuela ilundu baino lehen. Sentipen sinesgaitza dirudi, baina hainbat mendizaleri gertatu zaie, eta deskuidatuz gero, oso arriskutsua da.  Izan ere, abentura menditik jaitsi eta kontatzen duzunean bukatzen da. Niretzat gauza handia izan zen Akonkagua igotzea. Betidanik maite izan dut mendia eta esperientzia hark asko bete ninduen».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info