Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Borondatezko kirolarien txanda

ORIOTARRAK Kirol Gertakizunetarako Toki Batzordea, kirol ekitaldiak beren borondatez antolatzeaz arduratzen den Orioko lagun talde bat da. Batzordeak 1992an jaso zuen izaera legala, baina aurretik bazeramatzan urte batzuk kirol jarduerak eta txapelketak antolatzen herrian modu independentean: besteak beste, herri kirolak, arraun estropadak, kros lasterketak, boxeo jaialdiak eta Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko hainbat etapa. Aurten, Itzuliaren 50. urteurrena izango da eta Oriotarrak batzordeak ahalegin berezia egin du txirrindulari probako azken etapak Oriora eta Aiara ekartzeko. Honakoa, gainera, kirol ekitaldi horretan parte hartzen duen seigarren aldia izango da: 1984an (Zarautzekin batera), 1996an, 1999an (Aiarekin batera) eta 2008an (Aiarekin batera), Orion bukatu zen eta 1992an, Oriotik abiatu zen.
Dozena erdi pasatxo lagunek osatzen dute elkartea –Fernando Ortiz de Guineak, Jose Karrerak, Jon Karrerak, Luis Gozategik, Santi Martinezek, Manuel Martik eta Ramon Sarasuak, besteak beste–, baina ekitaldiz ekitaldi, bartzordea ugaldu egiten da herritarren laguntza eskuzabalarekin: «Alferrik da guk ekitaldiak antolatzea, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekeelako hau guztia aurrera ateratzea. Duela bi urte, esaterako, Euskal Herriko Txirrindulari Itzulian 150 bolondres izan genituen lanean lasterteketa egunean, eta hori estimatzekoa da benetan», adierazi du batzordeko presidente Fernando Ortiz de Guineak.
Gaur egun kirol elkarteak izan ohi dira kirol ekitaldiak edo jaialdiak antolatzen dituztenak, baina 80ko hamarkadan gauzak bestelakoak ziren eta batzordeko kideak izan ziren herriko lehenengo estropadak eta lasterketak antolatzen hasi zirenak. «Orain, nolabait esateko, hasieran hartu genituen funtzio gehienak kirol elkarteek beraiek hartu dituzte, eta guk laguntzaile gisa hartzen dugu parte», dio Oriotarrak taldeko kide Jose Karrerak.
Hala, Oriotarrak batzordea batik bat txirrindularitzako jardueretan dabil buru-belarri egun: «Aian, jubenil mailako errepideko lasterketa bat antolatzeko deitu digute orain; neguan, ziklo-kros proba antolatzen dugu Orion; eta aurten, beste behin, Euskal Herriko Itzuliari helduko diogu». Eta, gainerako kirol jardueraretan, bien bitartean, kolaboratzaile lanak egiten dituzte.

Ikusgarriagoa aurten
Txirrindularitzako proba oro bezala, eguraldiaren baldintzapean antolatu beharko dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Nolanahi ere, Itzuliaren azken txanpako lasterketak, Aia-Orioko etapak, «benetan ikusgarriak» izango direla aurreratu du batzordeko presidenteak: «Ibilbidea hobetuz eta zailduz, erakargarritasun gehiago eskaini nahi diogu zaletuei». Era berean, Itzuliaren 50. urteurrena izanik, Orion eta Aian bukatzea «berezia» izango dela nabarmendu du honek: «Gisa horretako urteurren batekin bat egitea oso tentagarria da beti, eta horren bila joan gara».
Urteurrenak urteurren, Euskal Herriko Itzulia UCI Pro Tour zirkuituaren baitan dago eta mementoko txirrindulari talde garrantzitsuenek hartuko dute parte beste behin ere. Horrenbestez, «xehetasun guztiak ongi lotu beharko ditugu». Itzulia apirilaren 5etik 10era jokatuko da. Hilaren 9an, tropela Eibartik Oriora joango da eta hurrengo egunean, hilaren 10ean, Orio-Aia-Orio erlojupekoa jokatuko dute. Gutxi gorabehera, duela bi urteko antzeko bukaera izango du Itzuliak, baina «gogorragoa izango da eta horrek ikusmin gehiago sortuko du! Garai bateko txirrindularitza izango da, benetako txirrindularitza».
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Orio bezalako herri txiki batera ekartzea oso garestia da, eta bukaera are garestiagoa. Publizitateari esker egiten dio aurre batzordeak antolakuntzako gastuei, eta «ahalik eta babesle ekonomiko gehien guganatzen saiatzen gara horretarako, Udalak gasturik izan ez dezan». Oriotarrak batzordea Orioko Udalean dago zentralizatuta eta bere babes osoa du, baina modu autonomoan funtzionatzen du, hasierako borondate izaera galdu gabe.�
 
Garaiak aldatuz, baina erreleburik ez
Oriotarrak Kirol Batzordea bezala borondate hutsez funtzionatzen duen beste elkarterik ez dago Euskal Herrian: «Kirol jarduerak antolatzeko modu legalean erregistratuta dagoen beste lagun talderik ez dago. Altruistak gara, musu-truk egiten dugu egiten duguna», adierazi du Fernando Ortiz de Guineak. Gauzak modu desinteresatuan antolatzeko joera, gainera, asko aldatu da urteen poderioz: «Bizigarri berririk, jende berririk, ez da antzematen gaur egun. Errelebu falta dago, eta egoera oso konplexua da gainera. Gaur egungo gazteria kolaboratzeko prest agertzen da, baina jarduera zehatz batzuetan bakarrik. Ez dute inolako erantzukizunik hartu nahi. Beste modu batera ikusten dituzte gauzak». Hala ere, lasterketa egunean erantzun ona ematen dutela eta euren laguntza eskertu behar dela dio batzordeko presidenteak. Era berean, aurtengo Itzulian lagundu nahi duten herritarrei dei berezia egin nahi izan die.

Bertako zaletuak, «munduko onenak»
Euskal Herriko eta, batez ere, Gipuzkoako zaletuak «munduko onenak» direla aldarrikatu du Oriotarrak batzordeko presidenteak: «Ez dago beste inon horren eremu txiki batek txirrindularitzari edo edozein kirol ekitaldiri horrenbesteko harrera eskaintzen dionik. Bertako zaletuak bete-betean murgiltzen dira eta gertutik bizi dute lasterketa. Mugak gaindituz gero, guztiz aldatzen da giroa eta jarrera hori». Duela bi urte agerian geratu zen Gipuzkoako eta batik bat eskualdeko jendeak zer-nolako zaletasuna duen txirrindularitzarako. Orioko hondartza inguruan atondu zuten helmuga inguruan ez ezik, erlojupekoaren egunean, Aian, Agerreko aldapan, jendetza bildu zen txirrindularien ahalegina txalotzera eta animatzera. Aurten ere, ez da gutxiagorako izango!

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info