Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Esku pilotaren pauso garaikideak

 ESKU PILOTA eta dantza garaikidea anaitu ditu Eneko Balerdi dantzari aiarrak Dantzan Banaka koreografiarekin. Erronka konplexua bazirudien ere, batak zein besteak gorputz mugimendua oinarri dutela eta guztiz bateragarriak direla argudiatu du sortzaileak: «Esku pilotako mugimenduak duen indarra, kalitatea eta osagai dimentsionala asko gustatzen zaizkit, eta dantzaren eta mugimenduaren analisiarekin oso gertukoak direla iritzi diot». Gaia sakon aztertu ondoren, pilotako mugimendurik interesgarrienak jaso, bere egin eta koreografia sortzeko erabili zituen.
Balerdik azaldu duenez, proiektuak bi abiapuntu izan zituen. Alde batetik, «frontoirako lan bat egin nahi nuen, Euskal Herrian plaza izaera izan baitute betidanik. Izan ere, frontoiak pilota partidak jokatzeko guneak izateaz gain, arte eszenikoen antzoki ere izan dira. Aian, esaterako, ikusi genituen lehen antzezlanak herriko frontoian izan ziren». Bestetik, pilotariaren mugimendua bera izan zen: «Euskal Herrira itzultzerakoan hainbat partida ikusi nuen, eta  pilota eta dantza ikuskizun batean uztartzeko gogoa piztu zitzaidan».
Kezka horietatik abiatuta, Dantzan Banaka proiektuaren zirriborroa egin eta euskal koreografo berriak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen Dantzan Bilaka ekimenera aurkeztu zuen. «Zorionez, koreografia lantzeko laguntza ekonomikoa eman zidaten», dio dantzari aiarrak.

Pilotaria lagun
Urtebetez proiektua lantzen jardun ondoren, joan den udazkenean estreinatu zuen. Sortze prozesu luze horretan, gainera, Oier Mendizabal pilotariarekin jarri zen harremanetan. «Londresen nintzela ezagutu nuen Mendizabal eta, agian, hori ere izan liteke nire hirugarren abiapuntua. Lagun egin ginenez, berarekin kontrastatu ditut pilotarien mugimenduak; nik nire dantzari eta koreografo ikuspegitik eta berak, berriz, pilotaren erraietatik. Nire analisia pilotaren errealitatearekin uztartzen lagundu dit».
Ikuskizunak harrera ona izan duen arren, orain arte hiru aldiz baino ez du taularatu. Aurrerantzean, ordea, jendaurrean ahalik eta gehien aurkezten saiatuko da. Koreografia zabaltze aldera, udaberritik aurrera Euskal Herrian eta Espainian antolatzen diren kale antzerki jaialdietan antzeztu nahi duela jakitera eman du Balerdik: «Nire lanak publikoarenganako gerturatze zuzena du, eta kaleak horretarako bide emango lidake. Gainera, nire hasierako asmoetako bat frontoietan antzeztea zenez, kale animazioko jaialdi horiek horretarako aukera eman diezadaketela uste dut». �

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info