Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Bateaz jotzea bezain eraginkor

«AITA, SOFBOLEAN jokatu nahi dut». Halaxe esan zion alabak gaur egun Iñurritza Sofbol taldeko entrenatzailea den Jabier Benitori duela 5 urte inguru. Guztia bat-bateko kontua izan zen, ia-ia Hollywoodeko film baten antzekoa. Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako soinketa irakasleak sofbol ikastaroa antolatu zuen 11 eta 12 urteko neskekin. Hortik abiatuz, hiru talde osatu ziren eta Kataluniako txapelketa batean hartu zuten parte. «Bidaia hartatik bueltan, jada elkartearen egitura osatzen hasiak ginen»,  ekarri du gogora Benitok.
Elkartea abian jartzerakoan, OBB Orioko Bate Bizkorrak taldearen sortzaile Manuel Peñaren eta Gipuzkoako Sofbol Federazioko presidente Ricardo Garreren laguntza izan zuten. «Hasiera hartan, ez genekien gauza handirik sofbolaz eta, era berean, ez geneukan materialik. Egia esan, bi pertsona horiek bultzada handia eman ziguten», dio Benitok. Gaur egun, emakumezkoen kadete eta junior mailako talde bana du Iñurritza Sofbol Taldeak, eta bere lekua egin du Euskadiko sofbol zirkuituan.
Bere ibilbidean hainbat garaipen lortu du: jubeniletan, besteak beste, areto sofbolekoa, neguko liga eta udaberriko liga irabazi zituen iaz eta Euskadiko txapeldunorde ere izan ziren; kadetetan, berriz, areto sofbolean txapeldunorde eta ligako txapeldun izan ziren. Edonola ere, «lortutako garaipenik handiena ezarritako helburua betetzea eta ongi pasatzea» izan dela adierazi du taldeko entrenatzaileak.

«Noraezean» entrenatzen
Garaipenen zerrenda luzea bada ere, oraindik ez dute Zarautzen entrenatzerik lortu. Herrian tokirik ez dutenez, Orioko Mendibeltz zelaian egiten dituzte entrenamenduak: «Gai horrekin arazoak ditugu. Udalarekin hitz egiten ari gara, baina oraindik ez digute irtenbiderik topatu. Entrenatu ahal izateko, nolabait esateko, noraezean ibili gara hasiera-hasieratik. Honi jarraikortasunik eman ezean, elkarteak desagertzeko arriskua izan dezake».
Entrenamenduak etxetik kanpo egin behar izaten badituzte ere, partidak normalean Zarautzen jokatzen dituzte: areto sofboleko jardunaldiak Aritzbatalde kiroldegian eta atari zabalekoak, Asti Txikin. Urteko egutegia txapelketaz josita izaten dute, gainera: urtarriletik martxoa bitartean, areto sofboleko liga jokatzen dute; martxotik ekainera, udaberriko Euskal Liga; jarraian, Espainiako Txapelketa; udako oporren ondoren, irailetik abendura, neguko Euskal Liga; eta abenduan, Euskadiko Txapelketa.

Oriotarrekin hitzarmena
Iñurritza Sofbol Taldeak lankidetza hitzarmena du OBB-Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldearekin. Euskadiko Txapelketan eta Euskal Ligan Iñurritza bezala jokatzen dute, baina Espainia mailan, OBB moduan. Jubenil mailan, Zarauzko talde osoa OBB bihurtzen da eta kadete mailan, jokalari zarauztarrek eta oriotarrek osatzen dute taldea.
Seniorretan, Ohorezko Mailan  jokatzen du OBBk (Espainiako lehen maila), eta Iñurritzako hainbat jokalari jubenilek eurekin jokatzen du. Beste modu batera esanda, Iñurritza OBBren «harrobia» litzateke. «Goiko taldea sortzeko dirurik ez dugunez, OBBera pasatzen dira gure neskak seniorretara iristen direnean», argitu du Benitok.
Entrenatzailea, era berean, harro dago bere jokalariez: «Beste kirol ezagunago batzuetan nabarmentzen ez ziren neskak Espainiako Selekziora iristea lortu dute, eta hori oso pozgarria da. Urte hauetan gogotik egin dugu lan eta jasotako fruituak asko bete nau».
Benitoren esanetan, sofbola beisbolaren «anaia txikia» da; beisbola baino xumeagoa. Gainera, edonork jokatu dezake, eta «horretarako nahikoa da gogoa eta ilusioa izatea, eta, jakina, entrenatzea». Horrekin batera, sofbola «orkestra» bat dela azpimarratu du: «Talde lana funtsezkoa da kirol honetan. Bizpahiru lagunen indibidualismoak ez du balio hemen. Jokalari guztiek jokatzen dute partidan; txandaka, guztiek bateatzen dute, guztiek egin behar dute korrika... Kirol honetan ez dago golak sartzen dituen aurrelaririk. Sofbolean guztiek dute beraien gola sartzeko aukera». �
 
 
Hondartzako Lehen Sofbol Txapelketa
Zarauzko Turismo bulegoarekin elkarlanean, irailaren 29an I. Sofbol Txapelketa antolatu zuten hondartzan. Iñurritzako arduradunek  balorazio positiboa egin dute.

Selekzioan ere bai
Iñurritzako hainbat jokalari Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatzeko hautatu dituzte. Espainiako Selezioarekin, esaterako, Europan zehar jokatzeko aukera izan dute.

OBBrekin ahaidetuta
Iñurritza Sofbol taldeak Orioko Bate Bizkorrak taldearekin lankidetza hitzarmena du. Ondorioz, Zarauzko hainbat jokalarik oriotarrekin jokatzen du Ohorezko Mailan. Iaz, Iñurritzako 13 lagunek jardun zuten OBB taldearekin; aurten, berriz, 7 lagun ari dira. �

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info