Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Pablo Tuduri, Zumaia-Gipuzkoa 2010 belaontziko kidea: «Jakin badakigu estropadak lehiatu eta irabazi ditzakegula»

ARMADORE LANAK egin ditu Zumaiako San Telmo Bela Elkarteko presidente Pablo Tudurik (Donostia, 1971), Zumaia-Gipuzkoa 2010 belaontziko tripulazioa osatzeko. «Nik sortutako eta bultzatutako proiektua da, taldea osatzeaz arduratu bainaiz. Baina, estropadetan ez naiz ni izango tripulazioa eta ontzia gidatuko duena, Jon Obeso patroia baizik», nabarmendu du Tudurik. Bederatzi lagunek osatzen dute taldea eta berak piano lanak egiten ditu; hau da, poparen eta proaren arteko lotura. Proiektu lehiakorra osatu dute eta abuztuan Palman (Mallorka) jokatuko duten Errege Kopa irabazi nahi dute.

Zumaia-Gipuzkoa 2010 belaontzia eliteko kirol proiektu izateko sortu duzue. Ekimen berritzailea eta asmo handikoa dela ezin ukatu, ezta?
Horixe da. Kruzero modalitateko estropadetan aritu den euskal belaontzirik egon da lehendik ere, baina haiek ez bezala, gure helburua probak borrokatzea da. Orain artekoek oporretako aisialdi jarduera gisa hartu izan dute parte udako estropadetan. Gure proiektua, ordea, lehiatzeko eta irabazteko asmoz sortu dugu.

Itsasoratu zareten arren, zein da abentura honen abiapuntua?

Ideia nagusia iaz burutu zitzaigun. Inguruko ligak jokatu ahala, trebatzen joan gara eta, aldi berean, belaontzi prestatuagoak, handiagoak eta hobeak lortu ditugu. Horrela, anaia eta biok ontzi oso lehiakorra erosi genuen, eta Kruzero Klaseko Munduko Txapelketako proban hartu genuen parte iazko udan, A Coruñan (Galizian). Orain arteko euskal ontziak bezalaxe, lagunartean parte hartzeko asmoz joan ginen eta gainerako tripulazioek sekulako egurra eman ziguten! Belaontzia oso ona geneukan, baina ez generaman tripulazioa kualifikaturik. Taldea aldez aurretik ongi prestatu behar zela ohartu nintzen, entrenamenduekin eta abarrekin. Beraz, estropada hura bukatu bezain pronto, aurtengo denboraldiari begira jarri nintzen: jendearekin hitz eginez eta harremanetan jarriz, apurka-apurka tripulazioa osatu genuen. Joan den azarorako guztia lotuta geneukan, eta jada entrenatzeari ekin genion jo eta ke. Orduak eskaini dizkiogu egitasmoari, maniobrak egin eta egin, haizearen aurka, hotza pasatuz. Gogor egin dugun lan eta orain ilusioz gainezka gaude, jakin bai baitakigu estropadak borrokatu ditzakegula. Estropadetara ez gara besterik gabe aterako, zer gertatuko den esperoan.

Hala ere, ez al duzue nahiko denbora tarte laburra izan ongi prestatzeko?
Denbora tarte laburra izan da, baina hemengo jendeak ongi nabigatzen du. Tamalez, hemen inguruan ez dute maila handiko estropadarik antolatzen, Mediterranear Itsasoan bezala; eta halako probatan parte hartzeko, haraino joan behar da. Guk, ordea, abantaila nabarmena dugu: ederki hornitutako ontzia dugu. Horrek, nolabait esateko, gure eskarmentu eza ordezkatuko luke eta ez luke agerian utziko tripulazioaren eratze goiztiarra.

Ekonomikoki, proiektua bideratzeko zailatsunak izan al dituzue?

Ez da bide erraza izan. Ahalegin ekonomiko handia egin behar da horrelako proiektu bat garatzeko. Batetik, tripulazioa bederatzi lagunek osatzen dugu eta bestetik, belaontzia txukun-txukun zaindu behar da, erraztasun handiz apurtzen diren materialak baititu. Proiektuak sortzen dituen gastuak ahal ditugun moduan murrizten saiatzen gara, gure aldetik eman dezakegun guztia emanez; besteak beste, txapelketetan belaontzian bertan edo furgonetetan lo eginez, gainerako lehiakideek hoteletan ostatu hartzen duten bitartean. Gastu asko eta asko geure poltsikotik ordaindu behar izaten dugu.

Eta babesleei dagokienez, zer-nolako laguntza jasotzen duzue?
Mementoz, ez dugu babesle ekonomikorik, kolaboratzaileak baizik. Hain zuzen ere, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gure proiektuarekin bat egin dute, eta guri ezin hobeto datorkigu elkarlana; batetik, nor bere herriaren irudi izatea harro egoteko modukoa delako eta bestetik, komunikabideengana iristeko erraztasun gehiago ematen digulako. Kolaborazio horien bitartez, babesle ekonomiko bat lortuko bagenu, benetan itzela izango litzateke. Oraingoz inor ez da animatu. Zaila izateaz gain, nahiko kontu berria ere bada eta balizko inbertitzaile askok ez dakite zer-nolako oihartzuna izango duen.

Alde horretatik, lehen harria jarri duzuela iruditzen al zaizu?
Lehen pausoa eman dugu, baina aurrera begira, guk urratutako bidea beste batzuk ere jarraitzea gustatuko litzaiguke. Oihartzuna lortzen eta kirol honek dituen aukera guztiak ezagutzen joan ahala, euskal belak gorantz egingo du. Gure abentura abiapuntua izan daiteke, erreferentzia. Horrexegatik, jokatuko ditugun estropadetan maila ona erakutsi nahi dugu, hau guztia ez baita gutizia hutsa. Oraindik ezagutzera emateko dagoen kirol modalitate bat da eta Gipuzkoan  potentzial ikaragarria dugu, batik bat daukagun kostaldeagatik.

Errege Kopa irabazteko diseinatu duzue denboraldia. Helburu zehatzak finkatu dituzue!
Itsasoetako Frantziako Tourra da Errege Kopa. Zalantzarik gabe, estropada gorenena da eta ontzidi gehien duena. Azken finean, profesionalena eta oihartzun handiena duena da. Entzutetsuena izan arren, kirol arloan maila gehiago du apirilean jokatu genuen Frantziako Spi Ouest txapelketak. Nolanahi ere, denboraldia Errege Kopa irabazteko diseinatu dugu. Beste planteamendu batekin itsasoratuko bagina, ezinezkoa litzateke. Txapeldunak izateko lehiatu nahi dugu; bestela, gu baino errotuago dauden belaontziez liluratzen utziko gara.

Oso ziur zaudetela dirudi...
Egiten ari garen guztia pauso irmoz egiten ari gara, seguru eta konbentzituta. Ordu asko eta asko pasa dugu itsasoan, eta ez dut uste gainerako tripulazioek horrenbeste entrenatu dutenik. Ordu asko sartzea ez da arrakastaren giltza eta horrek ez du ezer bermatzen. Guri, ordea, balio izan digu, batez ere, belaontzia hobeto ulertzeko eta elkar ezagutzeko. Esperientziaren poderioz, gauzak hobeto ateratzen ari zaizkigu. Belaontziarekin egiten den ekintza bakoitzean tripulazioko laupabost kidek hartzen dute parte, eta kide horiek zehaztasun osoz egin behar dute euren beharra. Norbait deskoordinatzen bada, ekintza edo maniobra hori ez da behar bezala ateratzen. Beraz, bi aukera daude: ongi egitea edo ipurdiz gora ateratzea!

Errege Kopaz gain, zein beste helburu dituzue aurtengo denboraldirako?
Errege Kopa jokatu aurretik, uztailean, Munduko Txapelketa jokatuko dugu Valentzian eta Tabarca Trofeoa Alicanten. Bi horietan  Errege Kopan ariko diren belaontzi gehienek hartuko dute parte, prestaketa gisa. Ondoren, Koparen ostean, Zirkuitu Galiziarrean murgilduko gara, eta hiru estropada jokatuko ditugu irailean. Denboraldia bukatzeko, Bilbon eta Castron ariko gara. Horiek irabaztea posible izango al den? Ongi prestatutako eta hornitutako belaontzia dugu, baina ontzia tripulazioa baino gehiago da oraindik. Ez diogu atera behar geniokeen adina etekinik ateratzen, baina abuzturako puntu-puntuan izango garela uste dut.

Zein izango da denboraldiko aurkari zuzenena?
Telefonica taldea izango da faborito nagusia, inolako zalantzarik gabe. Beti hor dagoen taldea da, eta beti nabigatzaile onentsuenekin dabil. Batzuetan aurre egin dakiokeen talderik agertzen da eta, aurten, Zumaia-Gipuzkoa 2010 belaontzia izatea espero dugu. Azken adibidea Navantia izan zen, duela bi urte irabazi egin baitzion. Gainera, Navantia taldeak orduan erabilitako ontzia da guk orain darabilguna. Oso ongi diseinatuta, osatuta eta zehaztuta dago, eta oso ongi moldatuta dago estropadetarako. Beraz, belaontzi irabazle batekin ari gara lehian!�


TRIPULAZIOA

Bederatzi dira Zumaia-Gipuzkoa 2010 ontziko tripulatzaileak, denak gipuzkoarrak: Jon Obeso (patroia), Danel Altuna (nagusiaren arduraduna), Aitor Ocerin (Genova eta Spi-aren arduraduna), Ander Etxabe (bainera laguntzailea), Pablo Tuduri (pianoa), Ander Tuduri (nabigatzailea), Edurne Tamayo (liberoa eta emakume bakarra), Willy Ortega (brankako 2.a) eta Borja Villagran (brankakoa). «Jon Obeso patroia oso ona da, eta zailduta dago bela arinean edota J80 eredutako kruzeroko belan. Ohituta dago ontzi askoren alboan lehiatzen eta hori gure mesederako izango da. Maila handia du eta oso baliagarri izango da taldearentzat, baina taldeko gainerako kideak ere ezinbestekoak dira. Azken finean, belaren erritmoa polikien doan kidearen erritmoa da. Alferrikakoa da zortzi figura izatea tripulazioan, bederatzigarrena mantso badabil», adierazi du Pablo Tudurik. 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info