Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Elkarkidetza zelai gainean

Orioko Udaleko Euskara Batzordeak Kultur Aniztasunaren II. Jaia antolatu du maiatzaren 29rako, eta bigarren urtez jarraian, etorkinek eta herritarrek lagunarteko futbol partida jokatuko dute Mendibeltz futbol zelaian. «Kanpotik atzerritarren uholdetxo bat etorri zaigu Oriora ere. Haietako askok gaztelania dakarte edo berehala ikasten dute, baina euskara urrunekoa egiten zaie. Horregatik, euskarara hurbiltzeko bitarteko gisa, festa hau sortu genuen iaz. Nolabait ere, motibatzeko. Bertan, euren jatorriaz hitz egiteko aukera eman genien eta,  gainera, festa egun bat jarri genuen, elkarrekin jateko, edateko, abesteko eta dantzan egiteko. Eta futbol partida hau horren osagarri da», azaldu du Euskara batzordeburu eta egitasmoko koordinatzaile Iñaki Iturainek. Iazkoak arrakasta izan zuenez, aurten berriz antolatu dute.

Printzipioz, gizonezkoak bakarrik ariko dira futbolean. Iaz emakumezkoak ere saiatu ziren partidarako biltzen, baina ez ziren behar adina animatu. Aurten, beste behin saiatu dira arrakasta handirik gabe. Ondorioz, sofbol partida jokatzea erabaki dute, baldin eta taldeak osatzen badituzte. Hauek gizonezkoen aurretik ariko lirateke lehian.

Kultur aniztasunaren futbol partidan «munduko selekzioa» bilduko dela nabarmendu du Iturainek. Izan ere, oriotarrekin batera, herrian bizi diren hainbat senegaldarrek, marokoarrek, portugaldarrek, kolonbiarrek eta ekuadortarrek jokatuko dute, bereziki. Iaz Orioko jokalari beteranoen eta etorkinen arteko norgehiagoka izan bazen ere, aurten batik bat kanpotik etorritakoen artekoa izango da lehia. «Entrenamenduetara baino etorkin gehiago gerturatu zen partida egunean eta, azkenean, askok jokatzeko denbora tarte laburra izan zuten. Futbol gosez geratu zirenez, aurten beraien artean ariko dira gehien bat», adierazi du antolatzaileak. Segur aski, afrikarrez osatuta egongo da talde bat, Senegaleko ordezkari dezente dagoelako, eta bestea, berriz, Europako eta Hego Amerikako ordezkariek osatuko dute.

Horrez gain, Orioko Futbol Taldeko presidente Jesus Antonio Makazaga bete-betean murgildu da ekimenean eta iaz bezala, parrillada egiteko asmoa du partida bukatu ostean.

Futbola, unibertsala
Ekimena kulturen arteko elkarkidetza sustatzeko lanabes «ona eta unibertsala» dela berretsi du Iturainek: «Neurri batean, jendearen arteko harremana bultzatzeko balio du futbolak, baita gizarteratzeko ere. Beraiek oso gustura hartu dute egitasmo guztia». Lagun artean arituagatik, «normaltasun osoz» jokatu zuten iazko partida, haserraldi eta guzti. «Jendeak irabazi nahi izaten baitu!», zehaztu du Ituraineak. Horregatik, apirila bukaeratik hona entrenamendu saioak egiten aritu dira igande goizetan.

Partida jokatuko duen etorkinetako bat Moussa Toure senegaldarra da. Rufisque herrian jaio zen duela 21 urte, baina azken bi urteak Orion eman ditu. «Ekimen paregabea iruditzen zait, egia esan. Herrian kanpotik etorritako jende asko bizi gara eta partida honek gure artean hobeto ezagutzeko eta elkarrekin harremanetan jartzeko aukera ematen digu, bai herritarrekin bai beste herrialdetakoekin», dio sengaldarrak.

Bere iritziz, ezinbestekoa da herritar bat gehiago izatea eta normaltasun osoz bizitzea, eta «partida honek horretarako bide ematen digu». Horren haritik, euskara ikastea garrantzitsutzat jotzen du: «Nik zertxobait badakit, ikastaroetan aritu naizelako. Nahiz eta oso zaila izan, pixkanaka-pixkanaka moldatzen ari naiz».

Elkarkidetza partidaz gain, herriko senegaldarrek urtean zehar ere jokatzen dute futbolean, eta inguruko futbol taldeetan ere integratu dira. «Iaz Getariako Keta taldearekin entrenatzen nintzen futbolean, eta aurten nire anaia eta beste herrikide bat eurekin jokatzen ari dira», dio Tourek.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info