Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Ezinezko akrobaziak, Brasilgo erritmopean

Senzala Euskadi Kapoeira Taldea elkarteko lehendakari eta irakasle Igor Ezpeletaren ekimenez sortu zen. «Edimburgon nintzela hasi nintzen kapoeira egiten, egun nire irakasle den Contramestre Pedro ezagutu nuenean. Euskal Herrira itzuli nintzenean kapoeirarekin jarraitu nahi nuen, baina nire sorterrian eta inguruan ez zegoen talderik. Beraz, Eskoriatzako Udalari lokal bat eskatu nion entrenatzeko eta, pixkanaka-pixkanaka, jendea interesatuz joan zen eta klaseak ematen hasi ginen. Jarraian, herri gehiagotan hasi ginen ikastaroak ematen. Duela bi urte, Zumaiara etorri ginen bizitzera, eta hemen ere ekin genion». Ofizialki taldea Eskoriatzan erregistratuta dagoen arren, jarduera gehienak Zumaia aldean egiten dituzte. Hala ere, nolabaiteko bi ordezkaritza ditu; bata, Debagoienan eta bestea, berriz, Urola Kostan.

Urtean zehar ikastaro finkoak ematen dituzte, bai helduentzat bai haurrentzat, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Zumaian eta Arrasaten. Zumaian, Maria eta Jose ikastetxean elkartzen dira kapoeira praktikatzeko; helduak asteartetan eta ostegunetan, 20:00etatik 21:30era, eta haurrak ostegunetan bakarrik, 19:00etatik 20:00etara. Bestalde, ikastaro solteak egiten dituzte beste herri batzuetan edo ikastetxeetan, eta, era berean, hilean behin ikastaro bat antolatzen saiatzen dira kanpoko irakasle batekin. Ikasturte amaieran, ekainean, kapoeira topaketak antolatzen dituzte Zarautzen.

Kalera atera nahian
Senzala Euskadi taldea «zeharka» sortu zen, baina aurrera joan den heinean, bere nortasuna garatu du: «Gure helburua ez da gimnasio barruan geratzea, baizik eta egiten duguna kalera ateratzea, han-hemen egin dezakegun erakustaldien bidez. Esaterako, Zarauztik Mundura jaian izan ginen. Jendeak gu ikustea eta kapoeira egitera animatzea nahi dugu». Taldeak, gaur egun, 50 kide inguru ditu orotara; 30 haur eta 20 heldu, hain zuzen ere.

Kirol alternatiba bat izateaz gain, kapoeirak kultur espresio bat ezagutzeko bide ematen du. «Bere garaian babesteko eta erasotzeko borroka arte gisa sortu zen Brasilen. Gaur egun, ordea, gainerako borroka arteekin konparatuz, musikaren erritmoan egiten den bakarra da. Era berean, lehia edo txapelketa ikuspegirik ez du. Badago txapelketak antolatzen duten talderik, baina horiek ez dira elkar jotzean oinarritzen, mugimendu estetikoetan baizik». Kirola eta borroka-artea baino «askoz gehiago» da kapoeira: «Ez gara mugimenduetara mugatzen. Horrekin batera, musika jotzen eta abesten ere ikasi behar da».

Kapoeira praktikatzen hasten direnen profila anitza da: beste borroka arte batean aritutakoak; Brasilgo kulturak erakartzen dituenak; break dantza egin dutenak edo akrobaziak gustuko dituztenak; eta musika bera deigarria egiten zaienak. «Denbora baten ondoren, klaseetan jarraitzen dutenak kapoeira hori guztia dela konturatzen dira. Ez dela ostikoak ematen ikastea bakarrik, alegia. Zarautzen egiten ditugun topaketetan, esaterako, sanbako edo dantza afrikarreko mugimenduak ere ikasi izan ditugu, baita musika tresnak jotzen eta egiten ere. Kapoeirak aukera zabala eskaintzen du!».

Kapoeira poliki-poliki ikasten den zerbait da, eta lantzen hasteko indarra eta malgutasuna edukitzea ez da ezinbestekoa. Pausoak eta mugimenduak ikasi ahala lortzen da dinamismoa. Lehiarik ez dagoenez, bata ez da bestea baino hobea. «Bakoitzak bere erritmoan praktikatzen du eta, horrenbestez, heldu batek haur batekin landu dezake, baina bakoitzak bere mailan. Kategoriak egon badaude, baina helburua ez da batak besteari irabaztea», dio.

Kontaktu fisikoa
Bakoitzak bere erritmoan praktikatu arren, horrek ez du esan nahi kontaktu fisikorik ez dagoenik: «Ostikoak erabiltzeko moduan dago gakoa. Adibidez, lagunarteko futbol partida batean, hasieran patxanga gisara jokatzen da, baina giroa berotzen bada, jokoa ere gogortu egiten da. Kapoeiran gauza bera gertatzen da. Hainbat joko eta erritmo daude, eta batzuetan kontaktu fisikorik ez dagoen bezala, beste batzuetan egon daiteke, tentsioaren arabera».

Maila antzekoa duten bi lagunen artean, saioa gogortzen bada, elkar ukituak egon daitezkeela dio Ezpeletak. Azken finean, «horretarako sortu zuten, elkar jotzeko, kolpeak saihesteko eta aurkaria lurrera botatzeko. Baina, argi dagoenez, ikastaroak ez ditugu horretara bideratzen. Elkarrizketa gisa planteatzen da: batek ostiko batekin galdetzen du eta besteak, ostiko horri erantzuten dio, jauzi batekin edo akrobazia batekin ostikoa saihestuz».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info