Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Murgildu zaitez itsasoan

URPEKARITZA itsasoan, lakuan edo ibaian barneratzeko jarduerari deritzo, eta hainbat helburugatik praktikatzen du jendeak: kirol edo aisialdi gisa, zientzia ikerketarako, edo urpeko lanetarako, hain zuzen ere. Denek antzerako funtzionamendua eta ekipamendua erabiltzen badute ere, bakoitzak bere ñabardurak ditu. Kirol edo aisialdi urpekaritzak kostaldea beste modu batera ezagutzeko aukera eskaintzen du. Are gehiago, uda sasoian. Gainera, eskualdean urpekaritzan aritzen den edota urpeko jarduerak nahiz bataioak antolatzen dituen hainbat talde eta enpresa dago: Getarian, K-Sub; Zarautzen, Urpekoak, Mollarri Sub eta Alitan; eta Zumaian, Olarru-Sub. Animatu eta murgildu zaitez itsasoan!
Urpekaritza praktikatzeko bi modu nagusi daude: bata, apnea edo arnasik hartu gabe egiten da eta, bestea, eskafandra autonomo edo SCUBA baten bidez; hau da, airea daramaten botilen laguntzarekin. Apnea bidezko urpekaritzan, arnasa sakon hartuz eta berau mantenduz urperatzeko teknika menderatu behar da, horretarako espreski trebatuta. Ekipamendu berezirik behar ez den arren, ezinbestekoak dira oinarrizko materialak: uretako betaurrekoak, aletak, arnasa hartzeko tutua eta hotzetik babesteko neopreno jantzia edo jantzi termikoa.
SCUBA urpekaritzan, aipatutako oinarrizko ekipamenduaz gain, honako hauek ere erabiltzen dira: airea gordetzeko botila, arnesa, flotagarritasun mekanismoa, txaleko hiroestatikoa eta erreguladorea. Botila bidezko urpekaritza eredu horri esker, urpekariak denbora jakin baterako autonomia lortzen du ur azpian. Kirol urpekaritzan normalean sakontasuna 40 metro azpira artekoa izaten da gutxi gorabehera, nahiz eta apnea eginez sakontasun handiagoak lor daitezkeen.
Kirol urpekaritza jarduera segurua bada ere, parte-hartzaileen aldetik erantzukizun handia eskatzen du. Urpekaritza behar bezala eta arazorik gabe egin ahal izateko, behar-beharrezkoa da prestakuntza egokia jasotzea eta erabiltzen den ekipamenduaren ezagutza nahiz segurtasun arauen ezagutza izatea eta betetzea; baita gutxieneko teknika eta fisiologia ezagutzak izatea ere, uretako fauna eta flora errespetatzeko.�
 
BEHARREZKO EKIPAMENDUA
Urpekaritzan erabiltzen den ekipamendua bi mailatan banatzen da: bata, oinarrizkoa da eta bestea, autonomoa edo SCUBA deritzona (Self Contained Underwater Breathing Aparatus).
 
Oinarrizko ekipamendua:
· Betaurreko egokiak, sudurra
barneratzen duena eta aurpegira behar bezala moldatzen dena.
· Burua uretatik atera gabe arnasa hartzeko aukera ematen duen tutua edo snorkel-a.
· Hipotermiatik babesteko
neoprenozko jantzia; eskularruak eta eskarpinak gehitu behar zaizkio honi. Eskarpinek, gainera, aleten
urraduretatik babesten dituzte oinak.
· Aletak edo oinetako hegalak,
ur azpian abiadura handiagoan
higitzeko.
· Lasta gerrikoa, ur azpian errazago mantentzeko; pisurik gabe, gorputza goraka joaten da.

SCUBA ekipamendu autonomoa:
· Airedun botila; eduki dezaketen gasaren (5 eta 18 litro artean) eta onartzen duten presioaren (230 eta
300 bar artean) araberako botilak daude.
· Bi neurgailu eramatea komeni da: bata, ur azalerara dagoen distantzia neurtzeko eta, bestea, botilan dagoen airea neurtzeko.
· Txaleko hidroestatikoa edo
bizkarrean botila mantentzen duen arnesarekin bateratutako txalekoa.
· Lagungarriak diren beste tresna
batzuk:    
    - Labana
    - Linterna
    - Soka, bozina eta arbela

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info