Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Eneida Etxabe eta Leire Baraibar, Getaria-Tolosa traineruko arraunlariak: «Berdintasuna oraindik urruti dago emakumeen arraunean»

GETARIAKO ARRAUN elkarteko arraunlariak dira Eneida Etxabe (Getaria, 1988) eta Leire Baraibar (Areso, 1979), eta biak trainerurako taldea sortu zutenetik dabiltza bertan; Etxabe beheko mailetatik hasia eta Baraibar, berriz, duela hiru urtetik. Trainerilla denboraldian, ia dena irabazi dute aurten: Gipuzkoako Liga eta Gipuzkoako nahiz Euskadiko txapelketak; eta Espainian txapeldunorde izan dira. Lortutako garaipenekin oso gustura daudela onartu dute, baina trainerilletan ongi ibiltzea «betebeharra» zela adierazi dute: «Iaz liga eta bi txapelketak irabazi genituen, eta aurten ere borrokatzeko aukerak geneuzkala ikusten genuen. Agian, aurten koska bat igo dugu, Espainiako Txapelketan emaitza hobea lortu baitugu». Atsedenik hartzeko astirik gabe, ekainaren erdian Tolosako arraunlariekin elkartu eta traineru denboraldia prestatzen hasi ziren. Orain, iraila bitartean, trainerilletan erakutsitako maila eta, nola ez, iaz egindako lana berretsi nahian dabiltza. Nagusitasun hori udako estropadetan islatzeko gogoz badaude ere, zuhurtziaz erantzun dute bi arraunlariek: «Ez dago gure esku bakarrik, gainerako ontziak nola dauden ikusi behar baita». Hala ere, hasiera ezin hobea eman diote sasoi berriari: EuskoTren Ligako lehen bi estropadak irabazi dituzte Gipuzkoa selekzio gisa (Zumaiarekin batera, txandaka ordezkatzen ari dira), eta Gipuzkoa Ligan ere nagusi dira.

Trainerua ateratzen duzuen hirugarren urtea duzue aurtengoa, Tolosako arraunlariekin bat eginda bigarrenez. Nola ikusten duzue denboraldia?
Eneida Etxabe: Gogotsu ekin diogu denboraldiari, zalantzarik gabe. Iaz egindako lana errepikatu nahiko genuke eta, ahal izanez gero, hobetu. Egia esan, hirugarren urtea dugu, eta hasi ginenetik hona esperientzia pixka bat irabazi dugu. Ez da gu baino eskarmentu gehiago duen emakume arraunlaririk edo talde askorik izango estropadetan!

Beste behin Tolosarekin elkartu zarete. Bakarka, Getaria bezala taldea sortzeko behar adina arraunlaririk ez al dago herrian?
Leire Baraibar: Ez eta, gainera, ez da erraza arrauna egitera animatzen diren neskak topatzea. Galizian ere bi elkarte batu dira, trainerurik osatzen ez zutelako. Gizonezkoen taldea osatzea zaila bada, emakumezkoena osatzea are zailagoa.
E.E.: Azken urteetan emakumezkoen arraunak gorantz egin du, baina, azkenean, beti jende berdintsuak jarraitzen dugu. Beharbada, beheko mailetan gehiago antzematen ari da, jubeniletan eta.
L.B.: Oro har, gero eta emakume gehiago animatzen ari da arrauna egitera. Gipuzkoan, esaterako, iaz baino bi talde gehiago daude aurten: San Juan eta Orio.

Eta Getaria-Tolosako ontzian aldaketarik ba al dago?
E.E.: Arraunlari bat edo beste faltako da eta beste horrenbeste berri ditugu, haien hutsunea betetzeko. Baina, bestela, iazko jende bertsuak jarraitzen dugu taldean. Oinarrizko blokea joan den urteko bera da.
L.B.: Iazko blokea mantentzea abantaila nabarmena izan da taldearentzat. Izan ere, arraunlariok elkar ezagutzen dugu jada, eta jakin badakigu bakoitzak nola funtzionatzen duen, nola egiten duen arraunean. Joan den urtean zailagoa izan zen, tolosarrek eta guk arraunkera ezberdina geneukalako. Aurten, aitzitik, etxeko lanak eginda daude eta uretaratzen garenean igartzen da elkarrekin aritutakoak garela.
E.E.: Hori hasierako kezka izan zen, nolabait ere. Ondoren, entrenatzen eta estropadak jokatzen joan ahala, berehala egin genuen bat.

Trainerilletan ongi ibili ondoren eta orain erakusten ari zareten maila kontuan izanda, helburu zehatzak finkatuko zenituzten, ezta?
E.E. eta L.B.: Ahal izanez gero, dena irabazi nahi dugu! Gure nahia parte hartzen ari garen txapelketa eta estropada guztiak irabaztea da, baina ea zer gertatzen den! Aurten, gainera, iazko txapelketez gain, Gipuzkoako Liga ere jokatzen ari gara estreinakoz, eta hori ere lortu nahiko genuke. Ahal duguna egingo dugu, noski, baina irabazteko aukera badugu, aurrera! Bestela alferrik ariko ginateke entrenatzen.

EuskoTren Ligan parte hartzen ari da Getaria-Tolosa. Beste estropadetan ez bezala, aipatutako ligan Gipuzkoako selekzioa ordezkatzen du taldeak (txandaka, Zumaiarekin batera). Zer iritzi duzue horri buruz?
E.E.: Beste traineru batzuen lanaren mende egotea ez da batere motibagarria. Iaz, esaterako, EuskoTren Ligako lehen estropada irabazi genuen, baina hurrengo egunean Gipuzkoako beste talde batek ordezkatu zuen eta ez zen gu bezain ongi ibili. Gure taldea irabaztera eta duen guztia ematera ateratzen da uretara, erakutsi dugun bezala [bi bandera lortu dituzte]. Gero, beste talde batek estropada txarra jokatzen badu, bada ez digu inolako graziarik egiten!
L.B.: Alde horretatik, funtzionamendua edo sistema hori ez da beharbada egokiena. Azken finean, liga bat da eta parte hartzen dugun mementotik irabazi egin nahi dugu. Beraz, guk egindako lanak jarraipenik ez badu, alferrik gabiltza. Azkenean, ligako azken emaitza ez dago gure esku bakarrik.
E.E.: Selekzio gisa jokatu behar dugula zehaztu dute, eta taldeok onartu egin behar izan dugu. Gauzak aldatzeko eskatu zaie, baina xehetasun hori zehaztuta dago eta aurten behintzat ez dute aldatuko. Eta ez dago besterik!

Oso gutxigatik bada ere, iaz Kontxa Banderak ihes egin zizuen. Zer itxaropen duzue aurten?
L.B.: Bertan izango garela uste dugu, baina ez gara Kontxan pentsatzen hasi oraindik. Hurbiltzen doan heinean ikusiko dugu.

Aurten, eskualdean emakumezkoen hiru traineru uretaratuko dituzte: Orio, Zumaia eta Getaria-Tolosa. Emakumezkoen arrauna suspertzen ari dela iruditzen al zaizue?
L.B.: Talde berriak osatzen badoaz, agerikoa da suspertzen ari dela. Kontxako Banderan emakumezkook jokatzeko aukera izateak eragin nabarmena izan duela esango nuke. Orain arte gizonezkoek bakarrik jokatu ahal izan dute eta azken urteetan emakumezkooi ateak zabaldu dizkigute.
E.E.: Horrekin batera, EuskoTren Liga dela, telebista dela, oihartzun handia eman diote... Horrek emakume gehiago animatu ditu arraunean egitera... eta zenbat eta gehiago izan, askoz hobe!

Ondorioz, berdintasun egoera horretara hurbiltzen ari al da arrauna?
E.E. eta L.B.: Berdintasun egoera oraindik urruti dago!
L.B.: Liga selekzioka jokatu beharrak agerian uzten du oraindik ezberdintasunak daudela. Ez digute talde guztioi parte hartzen lagatzen, gizonezkoen ligan bezalaxe. Gainerakoetan, aldiz, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan, talde bezala aritzeko aukera ematen digute.
E.E.: Hainbat estropadatan distantzia laburragoa jarri izan digute. Aurten, proba batzuk kenduta, estropada osoak jokatzen ari gara, distantzia osoak. Alde horretatik, aurrerapauso polita da. Izan ere, gu gizonezkoek osatzen duten distantzia bera egiteko gai gara. Denbora gehiago beharko dugu, baina ez dugu gainditzeko inolako arazorik.

Zer falta da emakumezkoen arrauna gizonezkoen arraunaren pare egoteko?
E.E.: Denbora kontua da!
L.B.: Etorriko da. Gauzak pixkanaka-pixkanaka aldatuz doaz, eta urtetik urtera aurrerapauso berriak ematen ari gara.
E.E.: Emakumeok traineruan atera ginen lehen urte hartatik, zeina tamalgarria izan zen, gauzak aldatzen joan dira. Presaka egin zen guztia orduan. Orain garatzen doala dirudi: antolaketan, selekzioan, sarietan, distantzian eta beste arlo batzuetan dauden ezberdintasunak desagertzen joango dira denborarekin.
L.B.: Kontxan bertan ere badaude diferentziak: gizonezkoek bi asteburutan jokatzen dute eta guk, berriz, bezperan egiten dugu sailkapen proba eta igandean txanda nagusia. Gizonezkoek astebete dute atseden hartzeko eta estropada prestatzeko; gurea egun batetik besterako kontua izaten da.

Lehen denboraldian, taldea Zumaiarekin batera osatu zenuten urtean, «emakumeen arrauna anekdota hutsa ez izatea» espero zuten taldekideek. Hirugarren urtean gaude, jada. Zuek zer iritzi duzue?
E.E.: Jada ez da anekdota hutsa! Jende asko eta arraun elkarteak  beraiek buru-belarri ari dira hau aurrera ateratzeko lanean.
L.B.: Hirugarren urtea da, eta aurrerantz joango gara aurrerantzean. Gu ilusioz beteta gaude, behintzat!�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info