Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Itsaslabarretan saltaka

ESTREINAKO urtean lortutako oihartzunaren ondoren, Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak ez zuen erronka erraza aurten. Lehen aldiak herrian eta, oro har, parte-hartzaileen artean utzitako zapore gozoa mantendu behar zuen, goi mailako mendi lasterketen zirkuituan egonkortzen joateko. Itxaropenak egi bihurtzen dira eta egindako lanak bere fruitua ematen du, eta itsaslabarretako probak pauso bat aurreruntz egin du. Alde batetik, 360 lagunek irten zutelako lasterka, antolatzaileek ezarritako kopuru mugatik oso gertu, eta bestetik, lehia ikusgarria bizi izan zelako, iazko markak hobetzeekin batera.  
Gizonezkoetan ez zen ezusterik izan. Iazko irabazle eta Europako txapeldun Raul Garcia Castan zen faboritoa, eta honek ez zuen hutsik egin. Dena dela, txirrindulari ohi Aitor Osa itziartarrak lanak eman zizkion; izan ere, hasieratik buruan jarri zen tiraka, Garcia Castan oso gertu zuela. Sakoneta parean biak parean zihoazen, baina Mendata inguruan Osak aurrera egin eta, Zumaiara bidean, bi minutuko aldea atera zion txapeldunari. Honek, ordea, indarrak ongi neurtuta zituen, eta Talaimendira iritsi baino lehen Osa harrapatu eta azken igoeran, indarrez osoago zegoela erakutsiz, helmugarantz abiatu zen bakarka. Gainera, ia hiru minutuan hobetu zuen lehen marka hura. Bigarren Osa helmugaratu zen, ia bi minutura. Dena dela, itziartarrak ere nabarmen laburtu zuen iazko denbora.
Garcia Castan oso gustura agertu zen egindako erakustaldiarekin. Hala ere, bere gusturako lasterketa «azkarregi» abiatu zela iritzi zion: «Lehen aldapatxoan jada jendea tiraka hasi da eta nik erabaki dut nire erritmora joatea, gehiegi behartu gabe». Txirrindulari ohiarekin izandako lehian zuhur jokatu zuela aitortu zuen: «Bi minutuko aldea atera zidala esan zidaten lasterketan, baina nik banekien harrapatzeko aukera nuela, denboraren poderioz indarrak oso ondo neurtzen ikasi dudalako». Osak, bere aldetik, hasiberritzat jo zuen bere burua: «Urtebete baino ez daramat saltsa honetan eta asko dut oraindik ikasteko. Baina datorren urtean, hobetzea espero dut».

Conde bizkorrena
Nahiz eta mira guztiak Espainiako txapeldun Blanca Serranori zuzenduta egon, Ana Conde gasteiztarra izan zen onena emakumezkoetan. Kasu honetan, faboritoak kale egin zuen, eta hirugarren sailkatu zen Nerea Amilibia aiarraren atzetik. Condek lasterketa bikaina osatu zuen, ibilbidea ezagutzen ez bazuen ere. Proba hasieran atzean gelditu zen, baina seigarren kilometrotik aurrera pixkanaka-pixkanaka aurkari guztiak gainditu eta iaz Oihana Kortazarrek egindako marka hiru minututan ondu zuen. Irabazlea guztiz txundituta geratu zen Zumaia Flysch Traileko antolakuntzarekin: «Ibilbidea asko gustatu zait. Oso azkarra da, eta nabarmentzekoa da dena oso ondo markatuta dagoela, baita ibilbide osoan zehar jendea laguntzeko prest dagoela eta hornidura postuak daudela ere. Bikaina iruditu zait».
Mendi lasterketa hasi aurretik, Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Eizagirre mendizaleak omendu zituzten irteera puntuan. Hauek garaikurra jaso zuten Zumaiako alkatearen eta Flysch Trail probako antolatzaileen eskutik.
 
Etxeberria, Hiru Handietan handien
Pedro Etxeberria korrikalari zumaiarrak XVII. Hiru Handiak proba irabazi zuen ekaineko azken asteburuan, iraupen luzeko mendiko lasterketetako erreferente garrantzitsuenetako bat. Bera izan zen Gorbea, Anboto eta Aizkorri zeharkatzen dituen ehun kilometroko ibilbidea osatzen lehena, 11:58:10 markarekin. Aurtengoa proban parte hartzen zuen bigarren aldia zuen zumaiarrak. Lehena duela lau urte korritu zuen, baina osatzeko helburuarekin irten zen orduan, eta ezarritako denbora ere xumea izan zen. Oraingo honetan, ezustea eman du. Zur eta lur geratu den lehenengoa bera izan dela onartu du Etxeberriak, ez baitzuen espero txapela janzterik. Korrikalariaren esanetan, «halako probetan aritzen den jende askok hartu zuen irteera. Horiek distantzia luzeetan ibiltzera ohituta daude, eta, egia esan, ez nuen uste hor aurrean ibiliko nintzenik, ezta irabaziko nuenik ere». Buruan joan zen 60. kilometrora arte,  lau aldiz txapeldun izandako Joxe Luis Albizuri azkoitiarrarekin batera. Landan, ordea, Albizurik baino geldialdi luzeagoa egin zuen Etxeberriak, eta atzetik zetorren Oier Ibarbia zizurkildarrak ere ia segidan jarraitu zuen bidea. «Bi horiek tarte handia atera zidaten, baina pixkanaka haiek harrapatuz joan nintzen. Gero eta hurbilago ikusten nituenez, motibatu eta aurrea hartu nien 88. kilometro inguruan», gogora ekarri du korrikalari zumaiarrak. Bestalde, aurten lehen aldiz Zegama-Aizkorri mendi maratoian hartu du parte, eta 31. postuan sailkatu da. Euskadiko Kopako bi probetan bi 8. postu lortu ditu eta Flysch Trailean, berriz, eskualdeko lehena izan da.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info