Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Baleen zipriztinak, igerilekutik itsasora

Zarauzko igeriketa taldea udal kiroldegiarekin ia batera sortu zuten, 1981-1982 aldean. Edorta Badiola izan zen hasiera hartan elkartearen kudeatzaile ardura hartu zuena eta entrenatzaile lanetan hasi zena. Orain dela hiru urtera arte igeriketa taldea Zarautz Kirol Elkartearen baitako atala zen, baina izaera autonomoagoa izate aldera, ZKEtik atera eta Zarautz Balea Igeriketa eratu zuten. «Enpresa moduan instalazioak kudeatzeko eta ikastaroak emateko ahalmena edukitzeko hartu genuen erabakia; betiere, ordura arteko kirol elkartearekin jarraituz. Hasierako filosofia berarekin jarraitzen dugu lanean, baina egitura handiagoa eta profesionalagoa dugu orain», adierazi du Zarautz Balea Igeriketa taldeko zuzendari teknikoa den Ion Trekuk.
Adin guztietako jendearentzat eskaintzen dituzte ikastaroak, haur txikienetatik helduenetara arte. Txikien ikastaroa sei hilabetetik 3 urte bitarteko umeentzat izaten da; igeriketa eskola 3-14 urte artekoei zuzenduta dago, eduki eta helburu ezberdina duten 5 mailatan banatuta; eta, azkenik, helduentzako eskolak ere ematen dituzte. Kirol elkarte bezala, benjamin, alebin, infantil, kadete, junior, senior eta master mailako igerilariekin egiten dute lan eta, guztira, 120 igerilari inguruk osatzen du taldea.
«Goi mailako igerilariak ditugu, baina baita parte-hartzaile gisa aritzen direnak ere. Maila guztietan beti agertzen da nabarmentzen den norbait. Azken urteotan, esaterako, Pablo Cazalis punta-puntan dabil; izan ere, Espainia mailan hainbat domina lortu du. Bestalde, master mailakoak ere Espainiako txapelketetan lehiatzen aritu dira eta, egia esan, emaitza onak lortu dituzte», adierazi du Trekuk.

Hasierako belaunaldiak
Tradizioz igerilari azpimarragarriak eman ditu Zarauzko igeriketa taldeak: «Elkartearen hasieran, 80eko hamarkadaren erdialdean, igerilari belaunaldi oso ona izan zen herrian; besteak beste, Edorta Badiola, Alex Zabala, Pablo Azkue, Mikel Azkue, Nerea Murua eta Jeronimo Esnal bezalako igerilariek osatu zutena. Zarauzko taldeak Euskal Herri nahiz Espainia mailan lehiatzen zuen. Izarreko teknifikazio zentrora zarauztar asko joan zen bere garaian», gogora ekarri du igeriketa taldeko arduradunak.
Gerora ere maila aipagarria izan duten igerilariak izan dituzten arren, 80eko hamarkadan nabarmendu zen belaunaldia bezalakorik, behintzat, ez da errepikatu: «Adin bereko igerilari sorta ona garai berean ateratzea oso zaila da, nahiz eta igeriketa elkartetik lana gogor egin».
Hala ere, Baleako zuzendari teknikoak aitortu duenez, orain dela gutxira arte «igeriketa eskola ez zegoen horren garatuta» eta, ondorioz, «hutsune handia» izan dute igerilariak behar bezala trebatzeko. Izan ere, «hasiera batean igerilekuan luze bat igerian egiteko gai ziren gazteak hartzen genituen elkartean, baina oinarrizko entrenamenduak egin beharrean igeri egiten irakasten aritzen ginen». Antza denez, haur askok ematen zuen izena taldean, baina jarraitzen zutenak oso gutxi izaten ziren. Egun, ordea, igeriketa eskolatik pasatu behar dute; lehenik eta behin igerian ikasi, eta ondoren, nahi dutenei, elkartearekin entrenatzeko aukera eskaintzen diete: «Horrek oinarrizko maila baduten igerilariak izatea bermatzen digu».
Duela hiru urte abian jarri zuten eskolari esker, gaur egungo igerilari gazteek maila hobea dutela dio Trekuk, eta  «epe motzera emaitzak ikusten hasiko gara».

Masterrak ere lehian
Master mailakoen taldea 20 urtetik 60 urte pasatxora arteko 30 igerilarik osatzen dute. Hauek beraien kasa hasi ziren entrenatzen, eta Zarautz Balea Igeriketak astean zehar entrenamendu saio batzuk jasotzeko aukera eskaini zien; batik bat, udako igeriketa zeharkaldietara begira. Hortik abiatuz, «pixkanaka-pixkanaka animatuz joan dira, eta neguan ere igerilekuetan jokatzen diren hainbat txapelketatan parte hartzen ari dira. Gazteek bezala, lehiatzeko grina dute hauek ere».�
 
Getaria-Zarautz 40. Itsas Zeharkaldia
40. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia jokatu zuten uztailaren 18an, inoiz izan duen parte-hartzaile kopuru handienarekin: 1.240 igerilarirekin, alegia. «Urtez urte zeharkaldia egiteko gero eta zale gehiago dagoela ikusten dugu, eta horrek asko motibatzen gaitu antolatzeko orduan. Hamarkardak betetzen dituzunean, eta kasu honetan berrogeigarrena izanik, ongi egindako lanaren erakusle da. Ondorioz, aurten zerbait berezia antolatu nahi izan dugu. Izaera herrikoia eman diogu probari, baina kalitate gehiago emanez», adierazi du Ion Trekuk. Aurten lehen aldiz, itsas zeharkaldiak lau irteera ordu  izan ditu; igerilariek beraiek lehendik eginda zituzten denboren arabera zehaztu zen bakoitzak zein ordutan irten behar zuen. Urteurren berezi honetako garaileak, Adnan Mustafic eta Maite Garcia izan ziren. Dena dela, igerilariek ez zituzten denbora oso onak egin, itsasoa mugituta zegoelako. Helduen aurretik, bestalde, gaztetxoek euren zeharkaldia egin zuten, Zarauzko moila inguruan.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info