Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Dani Estrada, Realeko futbol jokalaria: «Dena emango dut hasierako hamaikakoan sartzeko»

«LIGARI SERIO-SERIO heldu behar diogu hasieratik. Aurten partida guztiak izango dira garrantzitsuak. Beraz, argi ibili beharko dugu!». Nahiz eta orain arte jokatzeko aukerarik ez duen izan, ilusioz gainezka ekin dio Realeko futbol jokalari Dani Estradak (Zarautz, 1987) Lehen Mailako 2010-2011 denboraldiari. Edonola ere, jakin badaki kontu handiz jardun beharko dutela urte osoan, berriz bigarren mailara jaitsi nahi ez badute. Talde txuri-urdinak hiru urte eman ditu infernuan, izarren ligara igo ezinik. Joan den maiatza bukaeran, ordea, denboraldi biribila osatu ondoren, «dagokion tokira itzuli» zen. Ospakizunak ospakizun, lanari heldu eta lehen mailako ibilbideari ekin dio Realak: Villarreal, Almeria, Real Madril, Osasuna... Lehen partidak jokatu ditu, jada. Urte gogorra bezain luzea izango da, baina mailari eusteko prestatuta daudela uste du jokalari zarauztarrak; betiere, partidaz partida joanez gero.

Bigarren Mailatik Lehen Mailara jauzi nabarmena antzemango zenuten. Baina, batez ere zertan dira ezberdin?

Argi dago jauzi kualitatibo bat dagoela. Lehen Mailan egundoko maila duten jokalari asko egoteaz gain, jokoaren erritmoa bizkorragoa da. Hori litzateke iaztik hona atzeman dugun aldaketarik handiena. Futbolari horiek oso biziak dira eta baloiarekin teknikoki oso iaioak. Dena den, gure taldea sendo baldin badago, aldaketari aurre egin ahal izango diogu. Begi bistakoa da sailkapeneko lehen postuetan kokatzen diren taldeetako jokalari gehienak internazionalak direla; askok eta askok Munduko Txapelketa jokatu berri du bere selekzioarekin; Lehen Mailako jokalariak dira, zalantzarik gabe.

Horren aurrean, taldeak zertan hobetu beharko luke?

Esparru guztietan hobetu dezake taldeak, baina baloia biziago mugitu eta, era berean, golak egiteko ahalik eta aukera gehien sortu beharko dugula iruditzen zait. Iaz bezala funtzionatzen baldin badugu, gauzak bide onetik joango dira, eta irabazteko asko izango dugu. Baina, jakina, aurten sendo mantentzea ez da joan den denboraldian bezain erraza izango.

Iaz behintzat Lehen Mailako taldea zinetela erakutsi zenuten...

Bai, baina hori aurten erakutsi behar dugu. Joan den urtean denboraldi bikaina osatu genuen arren, Bigarren Mailan geunden, eta ekin berri diogun mailarekin zerikusirik ez zuen. Lehen mailako taldea garela Lehen Mailan erakutsi behar dugu. Zaila izango da, baina hori lortzeko taldea badugula uste dut.

Aurtengo helburu eta erronka nagusia maila mantentzea izango da. Ez al duzue ahaleginean itsutzeko arriskurik ikusten?
Ez. Joan den urtean ere helburu bakarra geneukan buruan, igoera lortzea, eta gauzak behar bezala atera ziren. Orain, maila mantentzea xede izanda, hori kontuan dugula egin behar diegu aurre jardunaldi guztiei. Igo berriak gara, eta ezin gara goiko postuetan pentsatzen hasi. Iritsi berriak gara eta apaltasunez ekin behar diogu lanari, harrotasun guztiak atzean utzita. Bestela, nekez egingo dugu aurrera. Partidaz partida joan behar dugu, ahalik eta puntu gehien atera eta Lehen Mailan egonkortu. Gure mezua oso argia da: aurten mailari eutsi behar diogu.

Hori Ligari dagokionez. Kopa bezalako txapelketa bat ez al da beharbarda Realarentzat eskuraerrazagoa?
Orain arte Kopan ez ditugu oso urte onak egin. Denboraldiko beste txapelketa bat da, eta ahal dugun urrutien iristen saiatuko gara, zalantzarik gabe. Hala eta guztiz ere, Realaren lehen helburua Liga da, bertan mantentzea eta egonkortzea. Kopan ere borrokatuko gara, noski, baina lehentasuna Ligak du.

Hiru urte eta gero, Lehen Maila zorrotzagoa bihurtu da, Barça, Real eta Atletico Madril edota Sevilla bezalako taldeen etengabeko fitxaketa garestiekin. Reala bezalako talde xume batek zer nolako kabida du izarren liga honetan?
Barçak eta Madrilek, esaterako, gainerako talde guztiak baino bi koska gorago daudela erakutsi zuten joan den denboraldian. Aurrekontu ekonomiko ikaragarria dute eta jokalari onenak dituzte, eta badirudi beraiek bakarrik jokatzen dutela. Era berean, oso indartsu dauden zenbait talde dago: Sevilla, Valentzia eta Atletico Madril, esaterako. Baina, zazpigarren eta zortzigarren postutik aurrera talde asko dago, eta Reala horien artean kokatuko nuke, postu bat gorago postu bat beherago. Gainerako taldeak pareko samar gaude. Denboraldiari ekiteko moduak eragin zuzena izango du gerora. Nolanahi ere, goiko talde horiek kenduta, antzerako ibiliko gara guztiok ere.

Liga baten barruan, bi liga al daude?
Beharbada gehiegi esatea litzateke, baina lehenengo biak gainerako guztion gainetik daude, nabarmen. Ligak iazko martxa hartzen badu, istorio bera errepikatuko da aurten; iaz hirugarren sailkatuari 20 puntu inguruko aldea atera zioten, eta hori errenta oso handia da.

Kontatzen duzunaren arabera, posible al litzateke Reala taularen erdialdean kokatzea?
Posible izan daiteke, noski baietz! Mantentzea dugu helburu, eta horretarako behar dugun puntu sorta lehenbailehen lortzen badugu, askoz ere hobe; betiere, lasaiago ibiltzeko. Taldeak konfiantza hartzen badu eta hasieratik lehiaketari ongi heltzen badio, sailkapenaren erdialdean koka gaitezke, zergatik ez! Zalantzarik gabe, jokoan dauden puntu guztiak borrokatuko ditugu.

Agerikoa da klubak zurekin kontatzen duela. Iazko denboraldi bukaeran 2014ra arte luzatu zenuen kontratua. Etxeko taldearekin jarraitzeko aukera izatea beti da pozgarria, ezta?
Oso pozik nago, bai. Realeko zuzendaritzak etxeko jokalari gazteekin kontatzen du, eta hori agerian utzi du, jokalari askori kontratua berrituz. Realak beti egin du lan harrobiarekin, eta bide horretatik jarraitu behar duela irizten diot. Zenbat eta etxeko jokalari gehiago izan, hori taldearen onerako dela uste dut. Ni, behintzat, oso gustura nago.

Askotan, Bigarren Mailatik Lehen Mailarako jauzi horretan, talde ugari goitik behera berregituratzen dira. Ez berritzeko beldurrik ba al zeneukan?
Gure kasuan, taldearen oinarria bere horretan mantendu du klubak. Egungo egoera kontuan hartuta, memento askotan harrobiko jendearekin aurrera atera behar izan du, baina Realak beti egin du lan etxeko jokalariekin. Nola ez, kanpoko jokalari asko izan dituen urte batzuk ere egon dira. Nik uste dut egokiagoa dela harrobiko jokalariekin kontatzea eta fitxaketa batzuekin osatzea taldea. Konfiantza emanda, taldeak gauzak ongi egiten dakiela erakutsi zuen iaz. Horren haritik, Lehen Mailan ere maila ona eman dezakegu.

Harrobiarekin emaitzak lortzen badira, zergatik aldatu?
Hori da! Iaz, igandero-igandero etxeko zazpi edo zortzi jokalari zelairatzen ziren lehen hamaikakoan, eta jendeak lan bikaina osatu zuen. Azken finean, etxeko edo harrobiko jokalariak gara Reala gehien maite dugunak; hain zuzen ere, koloreak sentitzen ditugunak. Beraz, bertako jokalariekin kontatu behar dela begi bistakoa da eta, babesa emanez gero, erantzuten eta emaitzak lortzen badakigu.

Garai bateko Reala berreskuratzen ari al da? Hau da, atzerriko horrenbeste jokalaririk ez zuen klub hura.
Beno, izan daiteke. Zaletuek taldearekin oso gustura daudela erakutsi dute: iaz jende ugari irteten zen kalera Realeko elastikoarekin, eta Anoetara ere jendetza gerturatzen zen norgehiagokak jarraitzera. Zaletua Realarekin identifikatu da berriro ere, eta hori pauso oso garrantzitsua da.

Taldea ongi dabilenean, mundu guztia gehitzen da festara. Aurten, aitzitik, sufritzea toka daiteke. Taldea horren ongi ez badabil, jarraitzaileak kea bezala desagertuko al dira?
Jarraitzaileak jakin badaki aurtengoa bestelako denboraldi bat izango dela. Jendeak beti lagundu izan gaitu, baita mementorik zailenetan ere. Jakina, sailkapenaren buruan zaudenean errazagoa da beti, baina aurten ere, hiru urte eta gero, Anoetatik pasatuko diren taldeen aurkako partidak ikustera jende ugari joango da. Alde horretatik, zaletuak beti bezain fidel erantzuten ari dira.

Hiru urte pasatu dira Bigarren Mailara jaitsi zinenetik, baita lehen taldearekin debutatu zenuenetik ere; Real Madrilen aurka izan zen. Nola gogoratzen duzu une hura?

Urrutiko kontua balitz bezala ikusten dut, baina memento polita izan zen hura. Beti da amets bat Lehen Mailan debutatzea eta niri Real Madrilen aurka tokatu zitzaidan. Beharbada, ez zen taldearen unerik gozoenean izan, baina nik gustura jokatu nuen. Oro har, urte zaila izan zen eta jaitsi egin ginen. Orain zapore gazi-gozoz oroitzen dut; ona, estreinakoz lehen taldearekin jokatu nuelako eta, txarra, mailari eusteko gai izan ez ginelako.

Urte hauetan jokalari bezala garatuz joan zara, baina zertan hobetu duzula esan zenezake? Nolakoa da egungo Estrada?
Nire lehenengo bi urteetan ez nintzen fin ibili eta, gainera, ez nuen entrenatzaileen babes handirik izan. Urte gogorrak izaten dira, ez duzulako gehiegi jokatzen. Gisa horretan, jokalari gazte batentzat zaila da ibilbide egonkor bat garatzea. Iaz postuz aldatu nintzen [lehen erdialdean jokatzen zuen eta orain atzeko lerroetan, hegaletik], eta lesionatu bitartean partida guztiak jokatu nituen. Garapena pixkanaka-pixkanaka doa, bai entrenamenduetan, bai partidetan. Denboraren poderioz, lasaiago jokatzen eta zeure tokia bilatzen ikasten duzu. Jokatzen joan ahala gauza berriak ikasten zoaz. Edonola ere, oraindik gaztea naiz, eta gauza asko dut ikasteko.
 
Zure orain arteko ibilbidea gorabeheratsua izan da, dena dela. Bigarren Mailan izan duzuen entrenatzaileen joan-etorriak asko baldintzatu al du zure jarraipena?
Bigarren Mailan egoera ez zen oso ona izan eta lehen urteetan fitxaketa asko egin zituzten. Ondorioz, lan taldea jokalari askok osatu genuen. Hala, ez nuen partida askorik jokatu. Jaitsi eta lehen urtean, Chris Coleman entrenatzaile zela, dezente jokatu nuen, baina aldaketak etorri ziren: aurrena, Jose Ramon Eizmendi eta ondoren, Juanma Lillo. Azken honen joko sisteman ez nintzen gehiegi sartu. Futboleko ohiko gorabeherak dira horiek! Entrenatzaile batzuen planetan sartzen zara eta beste batzuenetan, berriz, ez. Iaz, Martin Lasartek hartu zuen taldearen entrenatzaile ardura, eta berekin, lesionatu bitartean, partida ugari jokatu nuen. Azken finean, futbolak kontu hauek ditu.

Eta lesiotik behar bezala osatu al zara?
Orain oso ongi nago. Villarreal B taldearen aurkako norgehiagokan lesionatu nintzen, zorte txarreko jokaldi batean. Zoritxarrez, ebakuntza egin behar izan zidaten eta denbora dezenteko atsedenaldia hartu behar izan nuen, ongi osatzeko. Ondoren, taldera itzuli nintzenean, taldea berriz osatuta zegoen, eta partida gutxi bezain erabakigarriak geratzen ziren. Lesionatu aurretik primeran nengoen,  sasoiko, baina hiru hilabete eta erdi geroago, berriz taldearen erritmoa hartu behar izan nuen eta hori ez da batere erraza. Gainera, nire postuan jokatzen zebilena ere txukun ari zen, beraz, zergatik aldatu? Egia esan,  lesio batek beti amorrarazten zaitu, baina tira!

Liga hasiera honetan ez duzu gehiegi jokatu, eta zure postuan Carlos Martinez ari da. Hasierako hamaikakoan ohiko jokalari izateko aukerik ba al duzu, ala zure postuan lehia borrokatua dago?
Nik guztia emango dut hasierako hamaikakoan sartzeko; azken finean, hori baita jokalari guztiok nahi duguna. Hasiera ona egitea da gakoa. Behin ongi hasita, errazagoa da postua mantentzea. Nire toki berean Carlos Martinezek jokatzen du, eta iaz denboraldi amaiera ona egin zuen. Biotako batek jokatuko du gehienbat aurten. Dena dela, elkarrekiko dugun lehiakortasuna sanoa da. Ni ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, entrenatzaileak nirekin konta dezan.

Lehen Mailan esperientzia askorik ez duzu oraindik. Era berean, Messi, Cristiano Ronaldo, Forlan eta Munduko Txapelketa irabazi duten Espainiako Selekzioko izar horien guztien aurka neurtuko dituzu indarrak. Errespetu handia sorrarazi behar du horrek!
Izugarrizko sona dute aipatutako jokalari horiek. Edonola ere, euren aurka jokatzen hasten zarenean, kontu horiek ahaztu egiten zaizkizu. Aurrean duzuna aurkari bat gehiago da, eta gainerako partidetan bezala, berdin-berdin jokatu behar duzu. Maila handiko jokalariak dira, eta nolabaiteko errespetua diezu, baina beldurrik ez. Errespetua jokalari eta talde guztiei izan behar zaie; nahiz eta horrenbesteko oihartzunik ez izan, kirolari oso onak daude futbol zelaietan. Beraz, kikildu gabe ekin behar diegu jardunaldiei.

Errespetua, bai, baina era berean beraien aurka lehiatzeko gogoz izango zarete, bada?

Dudarik gabe, guztiz motibagarria da horien guztien kontra jokatzea futbol zelai garrantzitsuenetan. Baina, betiere sentipen onekin, gogotsu, eta beldurrik gabe.

Goreneko mailan ibilbide oparoa egitea da futbolista ororen nahia. Zeintzuk dira zure helburu pertsonalak? Zer lortu nahiko zenuke?
Ahalik eta minutu gehien jokatzea gustatuko litzaidake aurten, baita urte ona eta lasaia izatea realzale guztiok ere. Niri dagokidanez, maila pertsonalean, ibilbide luzea egitea gustatuko litzaidake Realarekin Lehen Mailan. Helburu polita izango litzateke hori. Tituluren bat lortzeko borrokatzeak gauza ikaragarria izan behar du, baina horrek ez nau itsutzen. Oraindik urruti ikusten dut pauso hori. Apurka-apurka egin nahi dut aurrerantz, epe laburreko helburuekin. Mementoz, partidak jokatu eta eskarmentua hartu nahi dut.

Derbirik jokatzeko aukerarik izan al duzu? Irrikitan daude zaleak; jokalariak ere bai?
Tamalez, oraindik ez dut Athleticen aurkako derbirik jokatzeko aukerarik izan. Denboraldi honetan jokatuko ditugun partida guztien artean, Athleticen aurkakoa da jokatzeko gogo gehien dudana. Barça eta Madril talde garrantzitsuak dira, noski, baina Athleticen aurka lehiatzeak ilusio berezia egiten dit. Partida politak izango dira eta ea biak irabazten ditugun! Lehenengoa abenduaren 5ean izango da, Anoetan, eta zaletuek eurek ere gogo ikaragarria dute derbi bat ikusteko.

Reala dagokion tokira itzuli da. Goazen errealistak izatera, noiz arte?
Nik uste dut luzerako izango dela. Lehen Mailara igo eta lehen urteak izaten dira zailenak; hau da, igo eta maila mantentzea. Asko berehalakoan jaisten dira Bigarren Mailara, Xerez bezala. Baina, talde gaztea gara eta konfiantza apur bat ematen badigute, urte askoan jarrai dezakegu lehen mailan.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info