Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Hodeiertzeraino iristeko adorea

ORIO ARRAUNKETA  Elkarteak arraunketa egokituko taldetxo bat osatu zuen 2009ko maiatzean, lau arraunlari elbarriz osatuta. Ilusio handiz ekin zioten ekimenari, eta arraunlari berriak serio-serio hasi ziren entrenatzen Juan Angel Garmendiaren aginduetara. Urtebeteko epean, talde horretako kide Edorta De Anta tolosarrak aurrerapauso izugarria egin du, sekulako denboraldia osatuz. Orain urtea biribildu nahi du, azaroan Carapiro aintziran (Zeelanda Berria) jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuz. Bertan izateko, ordea, Espainiako selekzioaren hautaproba gainditu behar izan du iraila bukaeran.

De Antak martxoan abiarazi zuen denboraldia. Banyolesen jokatutako estropada irekian txukun aritu ostean, Espainiako selekzioan lekua lortu eta Gavirateko (Italia) Nazioarteko Kopako estropada jokatzeko txartela lortu zuen maiatzaren hasieran. «Bertan ezustekoa eman nuen, iazko Espainiako txapeldun Juan Pablo Barciaren aurretik helmugaratu bainintzen lau bider eta nahikoa erraz, gainera. Italiatik brontzezko bi domina ekarri nituen etxera», gogoratu du De Antak.

Horren haritik, maiatzaren bukaeran, Espainiako Federazioak Esloveniako Munduko Kopan lehiatzeko hautatu zuen Orioko arraunlaria, eta beste behin erakustaldi bikaina egin zuen. «Munduko onenak bertan biltzen zirela kontuan izanda, ezusteko galanta izan zen niretzat podiumera igotzea. Jokatu nituen estropadetan oso eroso sentitu nintzen eta brontzezko beste domina bat lortu nuen», azaldu du honek.

Itzulitakoan, Espainiako Txapelketa prestatzen aritu zen buru-belarri. Nazioarteko probetan erakutsitako nagusitasuna ikusirik, bazirudien txapela De Antarentzat izango zela, baina gauzak ez ziren espero bezala izan. «Bero handia pasatu nuen proba hartan eta, egia esan, ez zen nire egunik onena izan», onartu du arraunlariak. Azkenean, «iazko txapeldunak irabazi zidan bi segundoko aldearekin, eta joan den urtean bezalaxe, zilarrarekin konformatu behar izan nuen».

Biren artean
Hurrengo hitzordua Zeelanda Berriko Munduko Txapelketa da, baina bertan parte hartzeko txartela iraileko azken astebukaeran erabaki dute. Selekzio bakoitzak arraunlari bakarra aurkeztu ahal izango du, eta Espainiako Federazioa Barciaren eta De Antaren artean zegoen. Espainiako Txapelketako estropozua kenduta eta gainerako probetan erakutsitako maila aintzat hartuta, helburua lor zezakeela uste zuen De Antak. Eta, azkenean, halaxe izan zen: «Biotako nor eraman erabakitzeko, Trasonan (Aviles, Asturias) elkartuko gintuzten. Mila metroko lau proba jokatu genituen elkarren aurka, eta horietatik hiru irabazi nituen. Lehia gogorra izan genuen eta ez zen batere erraza izan, parekatu samar gaudelako biok», adierazi du arraunlariak.

Munduko Txapelketarako sailkatuta, helburua «ondo pasatzea» dela nabarmendu du honek: «Emaitzak ezin dira aurreikusi, jendea ongi prestatuta joango baita. Nire asmoa kanporaketak gainditu eta finalera sartzea da. Sei onenen artean nagoela esan nahiko luke horrek, eta hori ikaragarria izango litzateke niretzat». Bere ustez, munduko txapeldun Tom Aggar ingelesa da faborito nagusia, «horri irabaztea benetan zaila baita». Txapelketa azaroaren 2tik 4ra jokatuko da Zeelanda Berrian, baina De Anta urriaren 20an abiatuko da hara: «Hamar egun izango ditugu hara moldatzeko».

De Anta iaz hasi zen arraunketa praktikatzen, eta «hasiberri samarra» dela onartzen du. Beraz, «niretzat egundoko oparia da bigarren denboraldian Munduko Txapelketara iristea. Horrek guztiak aurrera jarraitzeko motibatzen nau, eta orain beste gogo batekin ari naiz entrenatzen; izan ere, arraunketa oso kirol gogorra da. Oso pozik nago, baita nire familiarengatik, Oriogatik eta uneoro laguntzeko prest aritu den Juan Angel Garmendia entrenatzaileagatik ere».

Egonkortasunaren bidea
Euskal Herrian eta Gipuzkoan oraindik oso gutxi dira arraunketa egokitua praktikatzen dutenak. «Zenbait gerturatu da probatzera, baina askok, oso zorrotza dela konturatuta ez du jarraitu». Denboraren poderioz diziplina hau egonkortzea eta multzo polit bat osatzea espero du. Hala, «Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketa jokatu ahal izango genuke. Izan ere, lau parte-hartzaile ez bagaude ezin da antolatu; arazo horregatik aurten ez da egin».

Denboraldian zehar, gainera, estropada oso gutxi izaten dituztela dio. Eta, bide batez, «nazioartean lehiatzeko maila ona eman behar duzu, bestela Federazioak ez du zurekin kontatzen. Ondorioz, urte osoa prestatzen pasatzen duzu denboraldian bizpahiru proba bakarrik jokatzeko. Eta hori oso gogorra da! Horren lasterketa gutxik eta jarraikortasun ezak lehiatzeko txinparta galduarazten dizute. Nik eta Barciak, zorionez, Munduko Txapelketara joateko aukerak izan ditugu, baina Espainiako Txapelketan sei lagun aritu ginen, eta gainerakoek ez dute zereginik izan datorren urtera arte».

Etorkizunari begira, «jendea laguntzeko prest» dago eta «arraunlariak ere parte hartzeko prest badaude, arraunketa egokitua finkatzen joango da pixkanaka-pixkanaka. Hala ere, jarraikortasunean dago gakoa. Beste kiroletan ia astero lehiatzen dira, eta gurean ere ligaxka moduko zerbait antolatuko balute, kitzikagarriagoa izango litzateke guztiontzat».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info