Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Taula gainean irrist egiteko prest!

SKATEAN TREBATZEKO  aukera eskaintzen du sortu berria den Zarauzko Skate Eskolak. Ikastaro modalitate berria da herrian, orain arte inork kontuan hartu ez duena. Ez behintzat eskola moduan. «Egia esan, behar zen halako zerbait, Zarautzen eta eskualdean harrobi polita sortzen ari delako», adierazi du skate eskolako irakasle Santiago Carrascok.

Zarauzko Surf Eskolaren, 310 Projecten eta Essus dendaren elkarlanaren fruitua da skate eskola. Baina, izatez, Carrascori berari bururatu zitzaion ideia. Bera Zarautzen bizi den arren, argentinarra da, eta bere herrialdean profesional gisa lehiatzen aritutakoa. Gainera, Argentinako skate elkarte bateko kidea da, eta aipatu elkarteak hamarkada bat baino gehiago darama taula gainean nola patinatu irakasten. «Hona [Zarautzera] bizitzera etorri nintzenean, begirada guztiak surfera bideratuta zeudela konturatu nintzen. Nolabait esateko, skatea ahaztuta zegoen. Surf eskolek 20 urte pasatxo zituzten, baina skate eskolarik ez zegoen», dio eskolako irakasleak. Skate monitore bat behar zela ikusirik, «Zarauzko Surf Eskolako arduradun Mikel Troitiñori proposatu nion, eta hark ezin hobeto hartu zuen ideia».

Eskolak astelehen, asteazken eta ostiraletan ematen dituzte, Argiñano jatetxe aurreko skate parkean. Udan zehar 12:00etatik 13:00era egin dituzte saioak; orain, udazkenetik aurrera, arratsaldeetara aldatuko dute ordutegia. Aurki eguraldi txarra ere maiz izango da, baina eskolak badu irtenbide bat, Zarauzko Surf Eskolako egoitzaren barruan skate parke txiki bat baitute. Normalean 5 eta 12 urte arteko gaztetxoekin aritzen da lanean Carrasco, baina eskola skate-aren munduan murgildu nahi duen edonori irekita dago.

Ikastaroekin hasi aurretik, ordea, izena ematen duen haur bakoitzarekin banakako saio bat egiten du skate irakasleak. Modu horretan, patinatzaile hasiberriak zer nolako maila duen baloratu, eta mailaren araberako taldeetan banatzen ditu. Maila oso aurreratua dutenei banakako eskolak ere ematen dizkie, hobetzeko. Mailaren arabera, gainera, jauzi, maniobra edota oztopo ezberdinak jartzen dizkie begiraleak.

Ordubeteko saio batek 20 euro balio du; astebeteko ikastaroak, 50 euro; eta hilabetekoak, 150 euro. Izena eman edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 652-38 77 18 telefono zenbakira deitu edo skateeskola@hotmail.es posta elektronikora idatzi dezakete.
 
Skateari esker ikasten diren baloreak eguneroko bizitzarako baliagarriak direla dio Zarauzko Skate Eskolako irakasle Santiago Carrascok: «Taula gaineko kirolei (surfean, skatean eta snowboardean) esker, oreka eta egonkortasuna lantzen duzu, baita ikusmena eta entzumena ere. Erne egoten ikasten duzu, eta behin arlo horretan entrenatuta bazaude, guztia automatikoki ateratzen zaizu. Kirola baino askoz gehiago da: etengabeko sormena eta norbera pertsona bezala gainditzea». Eskolaren bidez, skatea surfaren osagarri izatea nahi du irakasleak. Izan ere, «skateak beldurra saihesten laguntzen die, batez ere, uretan egin ditzaketen maniobren aurrean».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info