Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Kamera eskuetan zuen arraunlaria

2007. URTEKO arraun denboraldi osoa Zumaiako arraunlarien jarduna filmatzen pasatu zuen Eneko Dorronsoro zumaiarrak. Bildutako materialarekin Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka film dokumentala landu du, Tuntuxa ekoizpen etxearen babesarekin, eta Donostiako Zinemaldiaren Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama atalean aurkezteko aukeratu dute. Estrenaldia hilaren 19an izan zen, baina datozen asteetan Zumaian emateko asmoa ere badute.

Dokumentala «proiektu pertsonal» gisa abiarazi zuen Dorronsorok: «Neguko prestaketekin hasi eta denboraldia bukatu arte beraiekin izan nintzen. Talde barruan sartu eta nire kameratxoarekin euren egunerokoa filmatzea izan zen nire helburua». Arraunlarien aldetik inolako trabarik ez zuen izan, eta pixkanaka-pixkanaka bete-betean sartu zen taldean. Taldekide bat gehiago bihurtuta, entrenamendu eta estropada guztietara joaten hasi zen.

Denboraldian zehar 110 ordu filmatu zituen Dorronsorok. Irudi horietan bere aurrean gertatutakoa jasotzen saiatu zen. Izan ere, «inoiz ez diet eskatu normalean egiten duten zerbait kamera aurrean errepikatzerik. Gauza guztiak gertatu ziren bezala filmatu ditut». Hala eta guztiz ere, muntaketa prozesuan gauza batzuk hartu eta besteak kendu behar izaten dira, eta «loturak alde narratiboarekin indartu behar dituzu, ikusleei zuzenduta dagoelako. Prozesu horrek eman dit buruhauste gehien, gauzak izan ziren bezala kontatu nahi dituzulako, konnotazio guztiak mantenduz, eta guztiekin kunplitu nahi duzulako». Azkenean, ordubetera murriztu du filma.  

Arraunaren «edertasun piktorikoaz» haratago, ikusleak dokumentala ikusita arraunaz zertxobait gehiago ikasi dezan ahalegindu da zuzendaria. Ekoizpenaren ikuspegiari dagokionez, Ttaup, ttaup! Arraun kolpeka dokumentalak «denetik pixka bat» duela dio honek: «Ukitu periodistikoaz gain, 2007ko denboraldiaren kronika ere bada, urteko kontuak nola joan ziren azaltzen baitut. Era berean, atzera begirakoarekin ere jokatzen dut, garai bateko kontuekin; egun kirola dena garaiko ogibide batetik dator. Bestetik, berriz, kutsu poetikoa ere eman nahi izan diot».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info