Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Jose Luis Garcia, arkularia: «Oinarrizkoena burua argi edukitzea da jaurtiki behar duzun mementoan»

ARKULARIA da Jose Luis Garcia (Madril, 1970) zumaiarra. Eskualdean arku-tiroa praktikatzen duen bakarrenetakoa, gainera. Ordiziako elkarteko kidea da bera, eta dianara egiten diren ohiko doitasun jaurtiketetatik urrun, basoko modalitatean hartzen du parte arku errekurbatuarekin; hau da, basoko ibilbide batean zehar hainbat animalia-panpini tiro eginez, ahalik eta puntu gehien lortzen saiatzen da. Egia esan, ezin hobeto moldatzen da. Hirugarren urtez jarraian Euskal Liga eta Euskal Herriko Txapelketa irabazi ditu. «Lehen urtean, gainera, arranoaren ikurra ere eman zidaten Euskadiko Txapelketan. Zehaztutako puntu kopuru handi batera iristen diren arkulariei ematen diete, eta urte hartan nik bakarrik lortu nuen. Aurten ere ikur bera lortu dut Euskal Ligako proban», gaineratu du Garciak.

Denboraldi bikaina osatu duzu. Gustura al zaude egindako lanarekin?
Oso pozik nago hirugarren urtez Euskal Ligako eta Euskal Herriko txapeldun izan naizelako. Iaz eta aurten nahikoa eroso irabazi ditut, lehen aldian ez bezala. Estreinakoz txapeldun izan nintzenean, azkeneko dianara arte borrokatu behar izan nuen. Ez zen erraza izan. Azken bi denboraldiak, aitzitik, bikainak izan dira, nagusitasunez eskuratu baititut liga eta txapelketa.

Era berean, Espainiako Txapelketa jokatu duzu hirugarrenez Euskadiko Selekzioarekin.

Abuztu osoa lanean pasatu dut eta aurten ez naiz oso ongi prestatu Espainiako Txapelketarako. Nire asmoa lehenengo hamarretan sailkatzea zen, eta hortxe-hortxe geratu naiz, 60 partaideetatik hamaikagarren geratuz. Agian, lasaiegi aritu naiz, eta horrek bere ondorioak ditu. Nire postu onena duela bi urte lortu nuen, seigarren sailkatu bainintzen orduan. Dena dela, selekzioka paper oso txukuna egin dugu aurten. Bederatzi autonomietatik bosgarren geratu gara, orain arteko emaitzarik onena.

Nagusitasun handia erakutsi duzu azken urteetan. Sasoi onean zabiltzala ezin daiteke uka!
Hala da, bai. Edonola ere, garaipenak lortu ditudan bezala, porrotak ere izan ditut nire ibilbidean. Hasiera gogorrak izan nituen, eta irabazteko grinak bultzatuta, askotan ez nintzen fin aritzen probetan. Ondorioz, nire buruarekin haserretzen nintzen. Uztekotan ere egon nintzen, guztiz etsita. Trebetasuna hartu eta askatu arte, ez nintzen garaipenak lortzen hasi. Azken finean, lasaitasun kontua da guztia.

Denboraldia bukatu eta hilabetera, azaroaren amaieratik, jada denboraldi berriari ekin diozu. Zeintzuk dira zure asmoak?
Nolabait esateko, orain arte irabaztea dagoen guztia lortu dut Euskal Herrian arku errekurbatuarekin. Beraz, denboraldi berrian poleazko arkuarekin ariko naiz. Urtebetez baino ez dut aldatu nahi, errekurbatuan dudan sena ez baitut galdu nahi. Bolada batez, ordea, sosegu gehiagoz ibili eta beste arkuarekin gozatu nahi dut kirol hau. Bide batez, gainera, sailkapenaren buruan kokatzen diren horiekin lehiatu nahiko nuke. Desafiatu egin nahi ditut, eta ahal bada laugarren postuan bukatu liga. Aurtengo irabazlea urduri dago, nola moldatuko naizen jakin-minez.

Doitasuna eta punteria ona. Ezaugarri nahikoak al dira arku tiroan txukun aritzeko?

Egonkortasuna ere ezinbesteko ezaugarria da, arku batzuk beste batzuk baino irmoagoak baitira. Gure kasuan, gainera, sasoian egotea komeni da, basoko lehiaketetan zeharkaldi luzeak egiten baititugu. Oinarri-oinarrizkoena, ordea, burua argi edukitzea da. Azken finean, dianaren erdigunean asmatzeko gakoa arkulariak du %80an. Jo-puntua ez da mugitzen; norbera da mugitzen dena. Inguruan zarataren bat baldin badago, kontzentrazioa gal dezakezu, baina zuk ez diozu jaramonik egin behar. Zurean buru-belarri egoten ikasi behar duzu, eman beharreko mira galdu gabe.

Zortzi urte daramazu arku-tiroan. Zer moduz moldatu zara ezaugarri horiek menderatzen?
Nire garapena progresiboa izan da. Bien bitartean, material hobea eskuratzen joan naiz, nire ezaugarrietara hobeto moldatzen ziren arkua eta geziak. Nolanahi ere, erabateko kontzentrazioa eta burua guztiz isolatzea oso zaila egiten zait. Hori oso konplexua da oraindik ere, baina horretan saiatzen naiz. Hala ere, jaurtialdi luzeetan ezin duzu denbora osoan horren zentratuta egon. Batzuk lortzen dute, baina gu ez gara hortik bizi. Nire garaipenak lortu ditut, bai, baina horretarako oso gogor entrenatu naiz, edozein baldintza klimatologikotan, eta sufritu ere egin dut pixka bat.

Arkulari gisa, zeintzuk dira zure dohainak?

Beharbada, Euskal Herrian gainerako arkulariek baino potentzia edo indar gehiagoz jaurtikitzen dut gezia. Baina, beti dago zer hobetu. Horretarako hemen inguruan entrenatzeko toki egoki bat topatzea eta jaurti eta jaurti aritzea da gakoa. Une honetan, adibidez, Iraetako zelai batean aritzen naiz noizbehinka, baina normalean Ordiziko elkartean pasatzen dut asteburua entrenatzen.

Eta hemen inguruan, eskualdean, ba al da arku tiroan aritzen denik?

Lehiaketetan Joni Tamayo zestoarra eta biok aritzen gara. Zumaian interesa piztu zaien hainbat herritar gerturatu zait, baina ez dago horretarako tokirik eta hori ere oztopo bat da. Bere garaian Udaleko kirol arduradunekin hitz egiten aritu ginen, kiroldegian txokoren bat prestatzeko. Gastuak gure poltsikotik ordainduko genituela esan genien, baina azkenean ezerezean geratu zen guztia. Orain, Zestoako Sastarrain Zaldi Taldeko kideek Iraetako lursail bat utzi digute, eguraldi ona egiten duenerako.

Basoko modalitateko arku tiroan aritzen zara. Zertan datza eta nola funtzionatzen du?

Mendian edo basoan zehar ibilbide bat egiten dugu, hiruko, lauko edo bosteko multzotan banatuta, parte-hartzaile konpuruaren arabera. Antolatzaileek zirkuitu bat zehazten dute animalia itxura duten hainbat diana-panpinekin. Euskal Ligan 20 animalia jartzen dituzte, eta bi ordu eta erdi irauten du oinez; Espainiako Ligan 40 panpin izaten dira eta Espainiako Txapelketan, berriz, 80. Diana bakoitza dagoen inguruan argazki bat dago, jo-puntua errekonozitzeko; horiek 15-30 metro arteko distantzian kokatzen dituzte. Koloretako hainbat hesola izaten da errenkan, eta horietatik jaurtiki behar izaten dugu. Bi gezi jaurtitzeko minutu bat izaten dugu, eta baldin eta panpinari non eman, puntu gehiago edo gutxiago lortzen dugu; lehen geziak bigarrenak baino gehiago balio du. Zirkuitu osoan zehar puntu gehien pilatzen duenak irabazten du.

Modalitateak ohiko ehizarekin zerikusi zuzena du, ezta?
Bai, ehiza ekologiko gisa ere ezagutzen da. Gurean duela dozena bat urte abiatu bazen ere, AEBetan aspalditik praktikatzen dute. Guk kirol diziplina gisa jorratzen dugun bitartean, estatubatuarrek ehizarako entrenamendu gisa lantzen dute. Ehiztariak trebatzeko modalitatea litzateke; izan ere, asko eta asko ehiztari profesionalak dira. Dena dela, haiek gezi bakarra jaurtitzen dute, ehizean bezala aukera bakarra dutelako. Badirudi doitasun tiroko modalitatea baino hedatuago dagoela basokoa AEBetan. Hemen, berriz, gure modalitatearen sorlekua Bartzelona da.

Euskal Herrian zein da arku tiroaren egoera? Zer moduz zaudete?
Euskal Federazioaren baitan hamar elkarte inguru gaude. Gipuzkoako klubik garrantzitsuena gurea da, Ordizikoa; izan ere, lorpen gehien eta Espainiako txapelketetan ordezkari gehien duena da. Oro har, arkularien kopurua murriztu egin da iaztik hona, inoiz baino lizentzia gutxiago egin baita. Dena dela, pixkanaka-pixkanaka gauzak hobeto egiten ari dira federaziotik, eta arkulariak gehiago zaintzen gaituzte. Bestalde, sekulako oztopoak ditugu haurrak kirol honetara gerturatzeko; orain arte, adin nagusikoa ez bazinen ezinezkoa zen lizentziarik eskuratzea. Orain 15 urterekin atera dezaketela uste dut, baina gainerako kirolekin alderatuta desabantaila nabarmena dugu. Ikasturte honetan eskola kirolean barneratu dute Gipuzkoan, baina normalean ateak itxi izan dizkigute. Jendeak uste du haurrek zaurituta bukatuko dutela arku tiroan aritzen badira, baina beste edozein kiroletan lesio larriagoak izan ditzakete. Arkua arma bat bailitzan ikusten dute guraso askok, eta beldurtu egiten dira. Gaizki ulertzeak daude eta bakoitzak komeni zaion bezala interpretatzen du praktikatzen dugun kirol hau.�
 
ARKU TIROA. Arkularien inguruko film hura 
«Haurra nintzenean tiragomekin eta halakoekin jolasten aritzen nintzen. Benetako zaletasuna, ordea, gerora etorri zitzaidan. Duela zortzi urte inguru arkulari batzuen inguruko filma ikusi nuen eta guztiz tentatuta, hurrengo egunean kiroletako saltoki handi batera joan nintzen arku bat erostera. Ez nuen kirola ezagutzen, ez nuen nola jaurtitzen zen ideiarik ere. Hasieran asmatu ezinik ibili nintzen, Puntuanuetako inguru horretan, baina hamabost egunetara neukan arkuaz aspertu eta poleazko arku berri bat erosi nuen, bisore eta guzti. Gustuko nuela ikusita, hilabetera federatu egin nintzen, baina txapelketetan parte hartzeko elkarte batean izena eman behar nuela esan zidaten. Hala, Donostiako Diarco elkartekoengana jo nuen eta haiek, nuen arkua ikusita, basoko modalitatean hobeto moldatuko nintzela esan zidaten. Beraiek batik bat prezisio tiraketan –diana batera jaurtitzen– aritzen zirenez, Ordiziko klubera joatea gomendatu zidaten, eta bertako arduradun Amadeo Diaz eta Juan Antonio Gullonen telefonoak eman zizkidaten. Diazekin entrenatzen hasi nintzen eta berari esker ikasi dut arku tiroan dakidan guztia. Gainera, berak arku errekurbatua erabiltzen zuen eta joko gehiago ematen zuela ikusirik, modalitate horretara aldatu nintzen eta arku berria erosi nuen».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info