Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Erronka bat, milaka pauso

ZARAUZKO PARROKIA aurretik irten eta Getariako San Anton mendira joan-etorria, egun bat bai, eta bestea ere bai. Hamaika kilometro aldioro. 2010a korrika bizitzea erabaki zuen Txema Gomez korrikalariak, eta horretan dihardu. Egia esan, hilabete baino ez zaio geratzen finkatutako erronka betetzeko, baina burutazioak jada urtea bete du. «Duela urte batzuk Soraluzeko mutil bat ezagutu nuen, eta hau Karakatera bizikletaz igotzen aritu zen urtebetez egunero-egunero. Iaz bolada txarra pasatu nuen, lesioak zirela-eta motibaziorik gabe bainenbilen. Urtero egiten dudan Zegama-Aizkorri mendi maratoiak ere ez ninduen ilusionatzen. Pizgarri bat behar nuen. Iazko udatik bueltan, pixkanaka-pixkanaka berriz entrenatzen hasi eta lau egun segidan San Antonera abiatu nintzen. Soraluzeko mutil hark egin zuena egiteko leku ederra zela pentsatu nuen. Berriz motibatuko ninduen erronka izan zitekeela», dio Gomezek.

Betidanik gustatu izan zaizkio desafioak eta abenturak. Hala, ibilbidea neurtu eta datuak biltzen hasi nintzen. Egutegian 2010a urte bisurtea zela ziurtatu eta ahalik eta azkarren ekitea erabaki zuen. Urrirako guztiz berotuta eta animatuta zegoen, baina urtarrilaren lehen egunetik hastea erabaki zuen: «Jendeak erraz egin nezakeela esaten zidan, korrika sarri-sarri aritzen nintzelako. Baina, nik astean gutxienez ere bi egun hartzen nituen atseden. Orain ezertxo ere ez!».

Gainera, egunero dabilenari belarretan korri egitea komeni zaio, eta erronkaria asfaltoan aritzen da aurrera eta atzera. Ondorioz, «lesionatzeko arrisku gehiago duzu» eta «psikologikoki ere oso prestatuta egon behar duzu. Ez da batere erraza!». Eta Gomezek ere izan ditu bere gorabeherak. Ezproiarekin arazoak izan ditu eta «benetan gogorra» egin zaio lasterka ateratzea: «Minez aritu naiz hainbat saiotan, eta abuztuan bertan behera uztekotan ere egon naiz. Gainera, orain arte ez nuen gastroenteritisik pairatu, baina aurten tokatu egin zait. Sukar eta guzti aritu naiz korrika, eta edozein baldintza klimatologikotan. Edozer ezbeharrek pikutara bidal dezake erronka, baina ez dut kalerik egin».

Korrikalaria eguneroko moduko bat lantzen ari da, gainera, egunez egun etortzen diren korrikalarien izenak, egindako denborak, datuak eta bitxikeriak koaderno batean idatziz. Argazkiak ere ateratzen joan da urtean zehar, eta material hori guztia bere blogean (erronkadesafio.blogspot.com) aurkeztu ohi du.

 

Txema Gomez, korrikalaria: «Denboraldi batez geratzeko premia dut»

Zarautz Kirol Elkarteko atletismo taldeko kide Txema Gomezi (Donostia, 1958) erronka osatzeko gero eta egun gutxiago geratzen zaio. Abenduaren 31n egingo du bere azken irteera, eta jada bukatutzat emango du urte osoko balentria.

Zein izan da erronkaren helburu nagusia?
Batetik, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, egunero-egunero, Zarautz-Getaria-Zarautz ibilbidea korrika osatzea. Pizgarri pertsonal moduan, alegia. Bestetik, egunero norbait nirekin korrika etortzea, hau da, beti lagunduta joatea. Horrela, erronka egiten ari naizenaren testigantza egongo litzateke eta, bide batez, adiskide bat izango nuke bidean. Gainera, herritarrak korrika egitera bultzarazi nahi izan ditut, lotsa eta beldurra duen jende asko baitago, eta 80 pertsona ezberdin izan ditut laguntzaile ibilbidean. Bi erronka horiek betetzen saiatuko naiz bukaerara arte.

Maila pertsonalean, zertarako balio izan dizu erronka honek?
Iraupen luzeko lasterketak pertsona bezala garatzeko baliogarriak dira eta, alde horretatik, erronka hau guztiz aberasgarria suertatu zait. Izan ere, egin nahi nuen zerbaitegatik ari naiz borrokan. Etengabeko borroka da, atsedenik gabekoa, arazoekin, lesioekin eta abarrekin egin beharrekoa. Atletismoaren onurak lehendik ere banituen, baina oraingoan, nire buruari exijitu diodan zerbait egiteko gai naizela konturatu naiz.

Proba prestatzen hasi zinenean eginiko aurreikuspen guztiak bete al zaizkizu?
Guztiak betetzen ari zaizkit, baita ezkorrenak ere. Jakin banekien memento zailak biziko nituela eta psikologikoki ere prest egon beharko nuela. Uda ostean, esaterako, lasterka joateko gogorik gabe ibili nintzen eta banekien halako krisiak izango nituela. Baina, aurrera jarraitu ahal izan dut. Orain azken txanpa geratzen zait, eta ez dut uste arazorik izango dudanik helburua betetzeko.

Eta nola moldatu zara beste lasterketak prestatzeko orduan?
Halakoetan eguneko ordutegia komeni zaidan eran erabili dut. Bi saio segidan ere egin ditut: lehena 23:00etatik 00:00etara eta bigarrena, lehena bukatu bezain pronto, 00:00etatik 01:00etara. Eguneroko saioetan lasai antzera joaten gara, laguntzaileekin hizketan joaten naizelako. Erritmo horrek oinarri fisikoa ematen dit, baina lehen ediziotik Zegama-Aizkorrin hartu dut parte eta aurten ere bertan atera nahi nuenez, eguneroko ordubeteko saioak ez ziren nahikoak. Ondorioz, San Antonetik Zarauzko parrokiara iritsi ondoren, Santa Barbaratik Askizura edo Zumaiara joan izan naiz astean pare bat egunetan.

Urtarrilaren 1ean ohean geratzea lan erraza izango al da?
Egia esan, ez dut zehaztu zer egingo dudan. Askotan pentsatu dut, ordea, motxila hartu eta oinez San Antonera igo eta bertan, Katxapon, langostino batzuk jatea, xanpain eta guzti. Erronka bete dudala ospatzeko, nolabait ere. Edonola ere, zaila izango da ohikoa bihurtu den ibilbide hori ez korritzea, batik bat lehen egunetan, baina denboraldi batez geratzeko premia ere badut.

Honakoa bukatzear da, beste erronkarik ba al duzu buruan?
Hainbat erronka dut buruan bueltaka, baina honako honi denbora luzeko atsedena eman behar diot lehenik eta behin. Jakin badakit, ordea, horren erronka luzerik ez dudala egingo berriro ere aurrerantzean. Zorte handia izan dut, nahiz eta hilabete batzuk lesionatuta eta ezinean ibili, aurrera jarraitu ahal izan dudalako. Orain, hilabete bat baino ez zait geratzen, eta inoiz baino ilusio gehiago dut erronka osatzeko.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info