Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Ariketa fisikoaz gain, adimena lantzen

SHIDOKAN karate elkartea 80ko hamarkadan sortu zen Zarautzen, Jesus Rubio irakaslearen eskutik. Honek aurretik ere karate ikastaroak ematen zituen Garma gimnasioan, baina Vista Alegre auzoko lokal batean abiarazi zuen elkartea. Bere «gogoari eta ahaleginari» esker, 30 urtetako ibilbidea egin du taldeak eta, orain, honek utzitako legatua mantendu, jarraitu eta lana hedatu nahian, ibilbide berri bati ekin dio. Hala, Zarauzko Udaleko Kirol Patronatuarekin elkarlanean, karate eskola abiarazi dute elkarteko kideek. «Berez, kirol elkarte bat gara, baina orain eskola izaera ere eman nahi diogu», nabarmendu du Shidokan taldeko kide Alberto Caballerok. Eskolaren helburu nagusia karate-do borroka artea irakastea da, betiere hezkuntzaren ikuspegitik eta alderdi artistikotik.

Giza heziketara zuzendua

Karate eskolako eskolak Mikel Perez irakasleak gidatzen ditu. «Karate eskola giza heziketara zuzendu dugu. Lehendik dabiltzan ikasleei gauza berriak irakasteaz gain, hasiberriak diren haurrak alderdi fisiko-teknikotik, psikomotrizitatetik eta mentalki hezi nahi ditugu», nabarmendu du karate irakasleak. Irakaskutza horren baitan, karatea zer den ezagutzera eman nahi dute. Izan ere, «filmeek irudi ona eta txarra ematen dute, eta gurasoei iruditzen zaiei aurpegia txikituta bukatuko dutela euren seme-alabek».

Karatean elkar astintzen aritzen direnaren ustea gizartean zabalduta dagoen gaizki ulertua dela onartu dute Shidokaneko lagunek: «Jakin badakigu gurea kontaktuko kirola dela, baina kolpeak saihesteko babesak daramatzagu: zango-babesak, petoak eta abar. Beste edozein kiroletan bezalaxe, zaintiratuak eta bihurrituak egon ohi dira. Baina, oro har, ez da lesiorik izaten karatean».
Jendeak estimulu ezberdinak bilatzen ditu karatea edo borroka arte bat praktikatzen hasten denean: besteak beste, jolas-jarduera gisa; lagun berriak egiteko; autodefentsa moduan; edota kirol berri bat ezagutzeko. «Karateak egoera fisikoa eta adimena lantzen du, eta erasoetatik babesteko baliagarria da. Diziplina osoa da zeharo, eta sasoian mantentzen laguntzen zaitu», zehaztu du karate irakasleak.

Egunerokoan mesedegarri
Lehiaren izaera horretatik kanpo, karatea guztiz mesedegarria da gizarteko hainbat esparrutan: eguneroko bizitzan arazoak edo egokitze zailtasunak dituzten nerabeentzat eta helduentzako; fisikoki ahulak direnentzat, giza organismoa orekatzeko; mentalki ahulak direnentzat, autoestima altxatzeko eta konfiantza berreskuratzeko; pertsona agresiboentzat, euren jarrera erreprimitzen laguntzeko eta bide batez lasaitzen ikasteko; eta urritasun fisiko edota mentala dutenentzat, betiere euren mugak kontuan hartuta. Bestalde, autodefentsarako tresna baliagarria ere bada.

Karate eskolak astelehenetan eta ostiraletan ematen dituzte, Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi Institutuko gimnasioan. 5 eta 9 urte bitartekoak kiroldegian biltzen dira, 17:00etatik 18:00etara, aipatu bi egunetan; 10 eta 13 urte bitartekoak, astelehenetan institutuan, 19:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan kiroldegian, 18:00etatik 19:00etara. Era berean, helduentzako entrenamendu saioak egiten dituzte, 20:00etatik 21:30era astelehenetan eta 19:30etik 21:00etara ostiraletan, institutuan edo kiroldegian.

Elkarteko kideek borroka arte hau ezagutzera eta praktikatzera animatu nahi dituzte herritarrak. Probatu edo informazio zabalagoa jaso nahi dutenek shidokando@gmail.com posta elektronikora idatzi edo 656-74 66 88 eta 678-73 25 80 telefono zenbakietara deitu dezakete. Shidokan karate elkarteak ez du inolako bazterketarik egiten, ezta mugarik jartzen ere, eta edozein adinetako, generoko, erlijioko edota herrialdetako jendea onartzen du. �

Karate tradizionala uztartze aldera 
Karatean lehiatzeko bi modu daude: bata, aurkarien arteko borroketan oinarritzen da eta bestea, berriz, Kata modalitatean; azken hau bakarkako mugimendu erakustaldia izaten da. «Euskadiko eta Gipuzkoako hainbat txapeldun entrenatu dudan arren, gaur egun ez naiz horren lehiakorra», dio karate irakasleak: «Denboraren poderioz, karate tradizionalera gerturatzen joan naiz. Kirol karatea karate tradizionalaren faseetako bat da, eta ez azken helburua. Ikasleek garbi izan behar dute hori. Lehiatzera bideratzen badituzu, beste edozein kiroletan bezala, arintasuna galtzerakoan utzi egiten dute. Karatea praktikatzeko ez dago adinik. Ondorioz, lehiaketen fasea bukatzen denean, karatearekin jarraitzeko fase berri bat hasten da, eta 30, 40, 50 eta nahi duzun adinarekin segi dezakezu praktikatzen». Shidokan elkarteko kideek txapelketetan parte hartzeko asmoa dute, baina elkartearen helburu nagusia ez da lehiatzea. Izan ere, «lehiatu nahi ez duen ikasle asko dago, eta hauek karatea borroka arte gisa bakarrik praktikatu nahi dute».


Shidokan elkartea
ShidoKan eskolako arduradunak Antxon Arin, Ibon Linazisoro, Javier Caballero, Garikoitz Larrañaga eta Alberto Caballero dira eta presidentea, berriz, Igor Domingorena. Elkartea 40 lagunek osatze dute.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info