Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Nabigatzen mundua ezagutzen

BIZIMODUA abentura bihurtuta, Amaia Agirre eta Emilio de la Hoz bikoteak eta haien seme-alaba Izar eta Hodeik Silver Cloud izeneko belaontzia dute etxebizitza. Getariako familia honek orain hiru urte abiatu zuen bere ibilbidea Kanariar Irletatik  belaontzian irtenda. Ozeano Atlantikoa zeharkatu, eta hainbat eta hainbat herrialdetan bizitzeko aukera izan dute harrezkero. «Bizimodu honen onena, itsasoan ibiliaz mundua ezagutzearen onena, ematen duen askatasuna eta ikasteko aukera dira. Gauza askori aurre egiteko gai zarela konturatzen zara, beldurra galdu egiten duzu. Eta, noski, lekuak eta jendea ezagutzeko aukera hori ere izugarria da», dio laukoteak. Antza denez, azken abentura izango denaren aurrean daude une honetan: urtebetez hara eta hona ibiliko dira, gero «denbora luze baterako» Euskal Herrira itzultzeko.

Bidaia 2007an abiatu bazuten ere, honen guztiaren hasiera «urrun» kokatzen dute. De la Hozi beti gustatu izan zaio bidaiatzea, eta bere ametsa belaontzi bat erosi eta bizitzeko modu hori probatzea zen. Agirrek aitortu du hasiera batean ez zuela sinesten halakorik egin zezaketenik, baina orain berari ematen dio pena gehien lehorrera bueltatzeak: «Nik denbora gehiagoan jarraituko nukeen bidaiatuz, baina Izarrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hasiko du, eta itzultzea erabaki dugu». Aurretik, ordea, Kolonbiatik Panama aldera jo eta gero Kubari buelta osoa emateko asmoa dute.

Itsasoan bizi diren arren, denbora tarte gehiena lehorrean igarotzen dute: «Haurrek oso ondo pasatzen dute belaontzian, baina ez da ikasteko leku egokiena». Agirre irakaslea da, eta bera arduratzen da seme-alaben irakaskuntzaz. Patroi lanak, berriz, De la Hozek egiten ditu normalean, nahiz eta Agirre ere moldatzen den. Bizitzeko modu erakargarria da hau familiarentzat, baita lehorrean daudenean ere. Kontinente amerikarreko hamaika herrialde ezagutu dute, baita bertako herritarrak eta kultura ere. Bidaietatik Brasil eta Amazoniako oihana gustatu zaizkio gehien familiari.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info