Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Hotza ala beroa, hori da gakoa

HOTZAREN eta beroaren erabilera oso zabalduta dago kirol esparruan; batik bat, lesioetarako tratamendu bezala. Muturreko bi tenperatura horiek mina arintzeko baliagarriak dira, baina askotan norberak duen kirol-medikuntzaren ezagutza horretara bakarrik mugatzen da. Izan ere, zein kasutan erabili behar da hotza eta zein kasutan beroa? Berotasunak odol-hodiak dilatatzen laguntzen du, odol zirkulazioa erraztuz; hau da, odola giharreetatik ondo barreia dadin ahalbidetzen du, mindu dugun gunea lasaituz. Hotzak, aitzitik, odol-hodiak uzkurtzen ditu eta, modu horretan, giharrak pairatzen duen hantura gutxitzen du. Tratamendu bata zein bestea oso ohikoak dira fisioterapian eta errehabilitazio prozesuetan. Lesioa sendatzen ez badute ere, mina arintzen du aldi baterako. Mina benetan zorrotza eta jasanezina bada, ordea, mediku espezialista baten eskuetan jartzea da egokiena.�

 

BEROA
Giharretako eta artikulazioetako tentsioa gutxitzen du. Gehiegizko esfortzu fisikoak edo postura txarrak eragindako kontrakturak murrizten ditu, eta hilerokoak sorrarazten duen ezinegona sosegatzen du.

Ez aplikatu hantura, hematoma edo kontusioa dagoen guneetan. Hipertentsioa eta bihotz-arazoak dituztenek medikuari kontsulta egitea komeni da aurretik.

Minak burmuinera igorritako seinalea blokeatzen du beroak, ezinegona gutxituz. Odol isuria areagotzen du eta, hala, odolaren mantenu gaiak erraz iristen dira lesiora. Era berean, zurruntsuna murrizten du, kontrakturak ezereztatzen ditu eta guztiz erlaxagarria da.

Mindutako gunean ur beroa aplikatu daiteke. Bestela, ur poltsa edota manta elektrikoak bero lehor (50 gradu inguru) eta erregulatzailea eman diezaioke. Azken hauek 10-15 minututik behin aplikatu behar dira, atsedena emanez. Aproposa da lunbaretako minari aurre egiteko, bizkarreko kontrakturentzat eta hilerokoaren mina arintzeko.

Beste tratamentu batzuk: bururditxo erlaxagarriak, sauna edo bainu turkiarra eta harri beroak.

 

HOTZA
Kirol lesioek eragindako giharretako, tendoietako nahiz artikulazioetako mina eta espasmoa arintzen du. Efektu analgesikoa du. Aproposa da bihurrituentzat, buruko minari aurre egiteko eta hankak hantutzen direnerako.

Hodi-uzkurdura sorrarazten du hotzak. Horrela, lesioa hedatzea saihesten du, hantura murriztuz.

Hotzarekiko hipersentsibleak direnentzat, gaixotasun kardiobaskular larria dutetenentzat edo giltzurrunetako arazoak dituztenentzat ez da batere komenigarria hotza aplikatzea.

Horrelako lesioetan izotza jarri ohi da, bizpahiru egunez. Izotza ez da inoiz zuzenean aplikatu behar, eskuzapi edo poltsa batekin bilduta baizik. Hasierako egunen ondoren, mindutako gunean beroa jartzen hasi behar da.

Beste tratamentu batzuk: hozkailuan hoztutako mozorroa edo karatula, hotz efektua ematen duten gelak edo 10-12 gradutako dutxa hotza.

 

TENPERATURA KONTRASTEA
Hainbat kasutan hotzaren eta beroaren nahastea erabil daiteke; esaterako, bizkarreko mina lasaitzeko edo organismoa tonifikatzeko. Horretarako, tenperatura kontrasteen dutxa bat hartzea da egokiena. Ur txorrotada beroarekin giharrean masajea eman eta erlaxatu. Ondoren, progresiboki ura hozten joan, zirkulazioa hobetzeko. Tenperatura aldaketa errepikatu hainbat alditan, eta ur txorrotada hotzarekin bukatu saioa.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info