Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Eneko Urbieta, zaldizalea: «Zortea kontuan hartzeko eragilea da, ez erortzea oso garrantzitsua baita»

HIRU URTE daramatza zaldi gainean lehiatzen. Getarian hartu zuen parte lehen aldiz, Malkorbe hondartzan jokatzen den San Antongo lasterketan, baina zoritxarrez estreinaldia ez zen espero bezala atera, ez baitzuen proba amaitzerik lortu. «Zaldia zuzenean uretara joan zen eta ni bere gainetik erori nintzen», gogora ekarri du Eneko Urbieta (Zumaia, 1980) zaldizaleak. Baina, lurrera erortzetik podiumeko goiko kutxatilara pasa da oso denbora gutxian. Iazkoa bezain urte oparorik ez du izan orain arte, eta oso gustura dago. Harro egoteko moduko garaipen sorta lortu du, Iron Star zaldia beti lagun, bai hondartzako probetan (Getaria, Zarautz eta Ea), bai mendikoetan (Bidania, Oreindain eta Zizurkil). Eta urte berriari ere atzean utzitakoa bezain fin ekin dio, Donostiako Antiguoko lasterketa menderatuz eta Getariako San Antongo lasterketan beste horrenbeste eginez. postuan sailkatuz. Une honetan ba al dago bikote hau garaituko duenik?

Denboraldi benetan ona osatu duzu. Espero al zenuen horrelakorik?
Denboraldian zehar oso gustura aritu naiz eta benetan pozik nago lortu ditudan emaitzekin. Egia esan, ez nuen horrelakorik espero. Ez nuen uste horren ongi ariko ginenik zaldia eta biok. Baina, horrela etorri da eta itzel! Zaldia lesionatuta eduki dut, azazkala irekitzen baizitzaion, eta, ondorioz, gutxi entrenatu dugu. Baina, herrenka bada ere, hainbat lasterketa irabazteko gai izan gara.

Zerk eragin du horren bolada oparoa?
Oro har, esperientzia gehiago dugulako aritu gara horren ongi. Zaldia bera ongi moldatu da hondartzara nahiz mendira, baita nirekin ere, eta nik neuk ere konfiantza gehiago dut orain bere gainean. Une hauetan, jakin badakit memento bakoitzean nola erreakzionatuko duen, zein mugimendu egingo dituen, eta nola jokatu behar dudan berarekin. Esaterako, plastikozko elementua dagoela ikusten badu zeharo urduritzen da. Oraingoz, behintzat, oso ongi moldatu naiz. Edonola ere, zortea bera ere kontuan hartzeko eragilea da; izan ere, ez erortzea edota irteera on bat egitea guztiz garrantzitsuak dira. Hondartza batetik bestera ere aldea dago, batzuetan besteetan baino gehiago hondoratzen da zaldia hondarretan, eta halako ezaugarriak ere kontuan eduki behar dira.

Ezin hobeto zabiltza, baina hiru urte nahikoak al dira zaldizale bat eskarmentatzeko?
Pasa den denboraldian erakutsitakoarekin, nik uste dut hor goian lehiatzeko nahikoa esperientzia dudala jada. Ez dut uste gehiago hobetuko dudanik aurrerantzean. Eskarmentua jasotzeko ibili eta ibili egin behar da zaldi gainean; hau da, zaldiari neurria hartu behar zaio eta hark ere zu ezagutu behar zaitu. Horixe da gako bakarra, eta hori guztia menderatzen dudala uste dut.

Ekin berri diozun denboraldia zailagoa izango al da? Zeintzuk dira aurtengo helburuak?

Saiatuko gara aurtengo urtea iazkoa bezain ona izaten. Hala eta guztiz ere, oso zaila izango da. Esan bezala, zortea eragile zuzena baita gurean. Erorketarik ez baduzu eta zaldia lesiorik gabe badabil, aldeko asko duzu. Bestalde, iaz hainbat txapel irabazi ondoren, gainerako zaldizaleen begiradapean egongo gara. Ezagutzen dute zaldia, eta badakite nola korritzen dugun.

Zaldi on baten jabe izatea nahikoa al da, ala zaldizaleak berak ere abila izan behar du?
Biek dute zerikusia, zaldiak eta zaldizaleak. Zaldiak indartsua behar du, eta hauspo ona edukitzea ere oso garrantzitsua da. Lasterketetan dezente hondoratzen dira, askotan belaunetaraino, eta noizean behin gehiago ere bai. Kasu horietan, hondarretatik ateratzeko, indar handia egin behar dute; indarrik ezean, berehala nekatzen dira eta ez dute baldintza onetan bukatzen proba. Horrekin batera, bizkorra izatea komeni da. Baina, zaldizaleak ere ausarta izan behar du, zaldi gainean ez baita bromarik. Horrela, zaldi batek abiadura hartzen duenean, ez dago gelditzerik, nahiz eta tira egin. Arriskua dagoela pentsatzen hasten baldin bazara, jai duzu. Zaldizaleak seguru eta kontzentratuta joan behar du; hutsegite txiki batekin lurrera zoaz. Uneoro garbi jakin behar duzu zer egin behar duzun. Beraz, alferrik da primerako zaldia edukitzea, gainean edozein jartzen bada.

Zaldia horren sasoiko edukitzeko zaintza berezia beharko du, ezta? Albaitariengana eraman, janaria, prestaketa...

Ez diogu aparteko zaintzarik ematen. Egunero jaten eman eta ibilarazi. Hori bai, pentsu arrunta ematen diogu. Pentsu berezia ekartzen hasi ginen, zaldiarentzat hobea zelakoan eta errendimendu gehiago izango zuelakoan, baina ez genuen hobekuntzarik igarri. Alde bakarra prezioan zegoen, eta pentsu arruntarekin berdin-berdin ibiltzen zaigu zaldia. Gainerakoan, lesioren bat badu edo aparteko zerbait duela antzematen badiogu, goserik ez duela edo, orduan deitzen diogu albaitariari. Bestela, zainketa berezirik ez!

Horrelako lasterketetan animaliak izan ohi du lehentasuna. Kontrolik izaten al da?
Inoiz ez dugu kontrolik pasatu. Gainera, larria iruditzen zait zaldia horrela drogaraztea edota halako sustantziak ematea. Lasterketa bukaeran bitaminak eman izan dizkiogu, egindako ahaleginetik hobeto errekuperatu daitezen: nolanahi ere, probetan ez dago halako konturik.

Hondartzan eta mendian aritzeko, animalia eremu horietan ibiltzera ohitu beharko da, bada?

Bai, halaxe egiten dugu. Hondartzan, esaterako, itsasoan ere sartzen dugu zaldia. Urari beldurra galtzeko lagungarri izateaz gain, odol-zirkulazioarentzat oso aproposa da. Badira ausartzen ez diren zaldiak, baina guk ez dugu horrelako arazorik. Hondarra oso ona da zaldien hankak indartzeko.

Eta nola moldatzen zara horretarako, hau da, entrenatzeko?

Egunero edo, behintzat, ahal dudan guztietan mendira joaten gara zaldia eta biok. Narrondon dugun ukuilutik Elorriaga aldera joaten gara. Asteburuetan, berriz, mendi buelta egin ondoren, Santiagoko hondartzara etortzen gara. Askotan, Artaditik Askizura eta handik Santa Barbarako behatokira joaten gara.

Probetan biltzen zaretenok familia bat osatzen duzuela dirudi.
Lasterketetan Txomin Zubia, Alex Karakas eta hiruok ibiltzen gara Zumaiatik; Joanito Etxetxuri ere ibiltzen zen lehen. Bestela, gainean paseatzen ibiltzeko jende gehiago elkartzen gara asteburuetan, hamar lagun inguru (Zumaia, Elorriaga, Arroa...), eta Zumaiatik irtenda Attolara edo Izarraitzera joaten gara. Iaz, esaterako, Arantzazura joan ginen. Lagun artean txangoak egiten ditugu, nahiz eta gero elkarren aurka lehiatu. Lasterketetan elkar haserretuko gara, baina hortik kanpo adiskide onak gara.

Pentsatu al duzu bestelako lasterketa batzuetan parte hartzea, hipodromoetan adibidez?
Ez dut aldatzeko asmorik. Ez dut horretan pentsatu. Ezberdina izango da, segur aski. Egia esan, inoiz ere ez naiz hipodromo batean jardun zaldiarekin. Ilusio berezirik ere ez dit egiten. Lagun bat badugu hipodromoan ibiltzen dena, eta agian probatzera joango gara, baina geure artean ibili asmoz.

Alde handia al dago zuek bezalako zaldizaleen eta hipodromoetako jockeyen artean?
Bai, bada alderik. Lasterketa eremuak ezberdinak izanda, haiek beste modu batera korritzen dute. Jockeyak hipodromoetan lehiatzen dira, eta lasterketa eremua zuzen-zuzena da, kurba zorrotzik gabea. Abiada bizia lortzen dute, baina bihurguneak hartzen ez dira iaioak. Gure zaldiak, aitzitzik, ohituta daude hondartzetako zirkuitu zigi-zagatsuetara. Bakoitzak, beraz, bere abantaila eta desabantaila du. Dena dela, gero eta gehiago dira hondartzako lasterketetan parte hartzen duten jockeyak.
 
 
ZALDI LASTERKETAK. Konfiantza hartu arte
«Betidanik gustatu izan zaizkit zaldiak, eta aspalditik nenbilen bat ekartzekotan. Lagun batek bere zaldia utzi zidan; gure ukuiluko bazkide batek eta, horrela, poliki-poliki igandetan irteerak egiten hasi ginen duela lauzpabost urte. Ideia handirik gabe, geure kontura. Txomin Zubia bezalako herriko zadizaleak bizkorrago ibiltzen ziren, gure aldean. Duela hiru urte, Getariatik hots egin ziguten, zaldizale askorik ez zutela-eta, ea parte hartuko ote genuen galdezka. Horrelaxe murgildu ginen lasterketen zirkuituan. Nire estreinaldian ez nuen proba amaitzerik lortu; zaldia zuzenean uretara joan zen eta bere gainetik erori nintzen. Hasieran zaldi lasaiago batekin hasi behar duzu, konfiantza hartzeko; izan ere, odol garbiko batekin ezin duzu zaldian ibiltzen ikasi. Ondoren, lasterketetan aritzeko egun dudan zaldia ekarri nuen, ingeles arrazakoa eta osoa. Lehendik ere lasterketetan ibilitakoa da Iron Star, Lasarteko Hipodromoan lasterketa bat irabazitakoa. Hondartzan lehiatzen hasi ginenean, hasiera batean oso urduri jartzen zenez, irendu egin nuen; zikiratuta asko lasaitzen dira zaldiak. Harrezkero, hor aurrean gabiltza, probak irabazten».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info