Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Euskararekiko konpromisoak

UROLA KOSTAKO Udal Elkarteak duela hamar urte jarri zuen abian Euskara Sasoian programa, eskualdeko kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko. Horretarako, urte hauetan guztietan, hainbat baliabide eman dizkiete kirol elkarteei euren ekitaldietan, jardueretan edota kudeaketetan euskara presente egon dadin. Gainera, konpromiso hori urtero-urtero berritzen dute Udal Elkartearen egoitzan egiten den sinadura-ekitaldian. Hain zuzen ere, abenduaren lehen egunean ospatu zuten ekitaldia, Euskararen Egunaren atarian. Bertan, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek, Urola Kostako Udal Elkarteak eta eskualdeko kirol elkarteek hartu zuten parte; 45 lagun inguru elkartu ziren, guztira.

Oraingoan, ekitaldira bertaratutako kideek Euskara Sasoian Manifestua sinatu zuten. Euskararen erabileraren aldeko idazki horretan, honako aldarriak egin zituzten: Euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz egin nahi dugu kirola; Sasoian egon nahi dugu eta euskara sasoian ikusi eta sentitu; Gure klub eta elkarteetan euskararen erabilera bermatu eta bultzatzeko konpromisoa berresten dugu; eta, azkenik, Gure elkarteetako kide, laguntzaile eta, oro har, Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaiako herritarroi konpromiso honen berri eman eta gurekin bat egiteko gonbita egiten dizuegu. Eskualdeko kirolean euskararen erabilera normalizatua bultzatzeko deklarazioa, zalantzarik gabe.

Emaitza aipagarriak

Udal Elkarteak 2010. urtean zehar eskualdeko herrietan antolatu diren kirol ekitaldi nagusi edo esanguratsuenen hizkuntzaren erabilpena neurtu du, EMUN Hizkuntza Aholkularitza Kooperatibaren bitartez. Besteak beste, kirol jardueren iragarpen kartelak, oinarriak, bozgorailuko oharrak, esatarien hizkuntza eta abar gainbegiratu ditu, eta emaitzak aipagarriak izan direla nabarmendu du. Izan ere, neurtutako 25etik gora ekitalditan euskararen erabilpena %100ekoa izan da; zehatzago esate aldera, kirol jarduera guztietan gutxienez bi hizkuntzak erabili dira (euskara eta gaztelania), baina kasurik gehienetan euskara gailendu da.

«Neurtu diren jardueretan euskararen erabilera altua da, eta ezaugarri komuna da hori. Emaitza hauek Urola Kostako bost udalerrietan antolatzen diren kirol ekintza guztietara hedagarriak dira eta udalerri horietako egoera soziolinguistikoaren isla dira», baloratu dute EMUNeko teknikariek.

Erabilera hitzarmenak
Euskara Sasoian programaren barruan eskualdeko 35 kirol elkarte daude. Hauek beraien jardunean euskara erabiltzeko konpromiso ezberdinak dituzte, aukeratutako hitzarmenaren arabera. Egitasmoaren oinarrian lau hitzarmen daude eta bakoitzak helburu jakin bat dauka; eta horren arabera konpromiso gehiago edo gutxiago hartzen ditu kirol elkarteak. Jarraipen zehatzeko hitzarmena duten elkarteen artean konpromiso maila zehatzeko mikroplanak ere egiten dituzte. Orain arte, Zarauzko Kirol Elkartean, Zumaiako Pulpo Kirol Elkartean (bertan behera utzi dute) eta Orioko Arraun Elkartean landu dituzte. Iaz, eskualdeko beste bi elkartek hartu dute mikroplanak garatzeko erabakia: Zumaiako Itxas-Gain Elkarteak eta Zarauzko Surf Elkarteak.

Mikroplanak garatuz, pauso bat haratago emango dute elkarteek. Hala, hizkuntza erabileraren diagnostikoa egin eta diagnostiko horretan oinarrituta hizkuntza irizpideak proposatu zaizkie. Irizpide horiek lau alorretan dute eragina: kanpo irudia-errotulazioan, barne irudia-errotulazioan, kanpo harremanetan eta barne harremanetan, alegia. Onartutako irizpideak elkarteko eguneroko lanekin uztartuz, betiere.

Joan den azaroan mikroplanetan onartutako hizkuntza-irizpide zehatz horien jarraipena egin zuten Zarautz Kirol Elkartean eta Orioko Arraun Elkartean. «Oro har, oso emaitza onak jaso ditugu, irizpideak gutxienez %75ean bete baitira. Jarraipena egiterakoan antzemandako hutsuneei konponbidea eman nahian berariazko hainbat ekintza planteatu dira, eta 2011n zehar garatzeko asmoa dugu», zehaztu dute EMUNetik.

Motibazio saioak
2008-2009 ikasturtean bezalaxe, oraingoan ere motibazio saioekin jarraitzea erabaki du Udal Elkarteak. Horrela, Zarautzen eta Zumaian saio bana egitea erabaki du, «euskararen erabileran esatetik egiterako jauzian eragitea» helburu izanda. Izan ere, «euskararen aldeko jarrera askotan erakusten da. Jarrera hori portaera bihurtzea gehiago kostatzen da. Saio hauetan kideengan eragin edo kideak eragile bihurtu nahi dira». Lehen saioa Zarauzko Surf Elkarteko gaztetxoei zuzendu zitzaien, eta hauekin munduko hizkuntzen egoera modu atseginean aztertu eta hizkuntza ohituren inguruan hausnartu zuten. Bigarren motibazio saioa Zumaiako Itxas-Gain Elkarteko gazteekin egitea adostu dute. Hasieran 2010ean egiteakoak ziren, baina azkenean urte honen hasieran egingo dute.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info