Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Saskiratzeak suspertuz doaz pixkanaka

HAMARKADA BAT geroago, helduen mailako saskibaloi taldea du Oriok. Arrauna, futbola edota sofbola errotuta zeuden bitartean, saskibaloian hutsune nabarmena zegoen. Alde horretatik, aurrerapauso garrantzitsua eman du lagun talde batek, saskibaloia herrian suspertzen joan dadin. Hasiera batean, taldea ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldearen babesean osatzen saiatu ziren, baina saiakerak ez zuen aurrera egin. Taldea sortzeko garaian, era berean, Zarauzko Udaletik laguntzak jasotzeko zailtasunak izango zituztela-eta, Orioko Udaleko ateak jo zituzten, eta bertan begi onez hartu zuten proiektua, horretarako erraztasunak emanez. Horrez gain, «entrenatzeko aukera gehiago genuen Orion; Zarautzen, aldiz, kantxa libreak lortzeko arazoak daude», adierazi du Orioko saskibaloi taldeko kide eta jokalari Iker Gurrutxagak. Ondorioz, Orion finkatu zuen egoitza taldeak.


Jokatu ahal izateko, elkarte berri bat sortu, estatutu propioak zehaztu eta babesle ekonomikoa bilatu behar izan zuten eragileek. «Hori guztia presaka egin behar izan dugu, denboraldi hasierara iritsi ahal izateko. Irail bukaeran hasi ginen lanean eta jokatzeko ere justu-justu lortu genituen zortzi fitxa. Lehen jardunaldira in extremis ailegatu ginen!», kontatu du taldekideak.

Alustiza Autobusak
Orioko saskibaloi elkartea izanagatik, Yamumam izenarekin inskribituta dago erregistroan. «Izena ematerakoan taldekideetako batek izen hori jarri zion, baina ez dakit nondik datorren, ezta bere esanahia ere», dio Gurrutxagak. Nolanahi ere, lehiatzerakoan nahi duten izena erabil dezakete. Hala, beraien babeslearen izenarekin hartzen dute parte norgehiagoketan; hau da, Alustiza Autobusak Orioko izenarekin.


Senior mailako hirugarren mailan jokatzen du Orioko saskibaloi taldeak, senior mailako azken kategorian, alegia. Izan ere, talde berri bat sortzen den une beretik, salbuespenak salbuespen, behetik ekin behar dio bere ibilbideari. Mementoz, hasiera txukuna eman diote estreinako denboraldiari, igoerako faserako sailkatu baitira. Maila igotzeaz haratago, taldekideen helburua taldea sortu, ongi pasa eta lehiatzea zen. «Lagunarteko talde bat gara eta ongi pasatu nahi dugu, baina gure asmoa ez da lasai antzera aritzea, baizik eta ahal den neurrian guztia ematea partiduoro. Hala ere, jokalari guztiok geure tartea dugu partidetan, guztiok jokatzen dugu eta parte-hartze hori bermatuta dugu», nabarmendu du jokalariak.


Hamahiru jokalari-fitxa dituzte une honetan, baina entrenamenduetara zazpi lagun gehiago hurbiltzen zaizkie, laguntze aldera. Jokalarien artean, gainera, duela hamar urte Orion aritutako Aitor Sarasua dabil. Lagun artean osatutako taldea izanik, jokalariak dira elkarteko arduradun eta zuzendaritzako kide; esaterako, Joannes Gonzalez Txabarri taldeko lehendakaria, entrenatzailea eta jokalaria da. Karguak kargu, «talde lanean planteiatzen ditugu entrenamenduak eta norgehiagokak. Berak (Gonzalez Txabarrik) hasierako bostekoa eta pauta batzuk jartzen ditu, baina guztion artean hartzen ditugu erabakiak. Talde funtzioa betetzen dugu. Egundoko mailarik ez dugun arren, ilusio handia dugu eta saskibaloian jokatu nahi duen guztiei irekita gaude, jokalariak izan ala ez».

Azpiko taldeak ZASTekin
Orain arte bezala, Zarauzko Saskibaloi Taldea arduratzen da Orioko saskibaloi harrobiaz eta bere kudeaketaz, eta oraindik bera arduratzen da kadete mailara arte, nahiz eta elkarte berria sortu duten herrian. Beraz, Orioko alebin, infantil eta kadete taldeak ZASTek eramaten ditu.

«Elkarte bezala, pisu hori guztia hartzea gehiegizkoa zaigu oraingoz. Azpiko mailak osatzen joatea kontu serioa da, eta alde horretatik sekulako lana egin du Zarauzko elkarteak. Printzipioz, elkarlanean jarraituko dugu. Izan ere, Orioko talde gazteak –alebin eta infantil neska-mutilak eta kadete neskak– guk geuk entrenatzen ditugu», jakitera eman du Gurrutxagak.

 

Gazte-gaztetatik, harrobia lantzen 
«Orion harrobi polita dugu», azaldu du Iker Gurrutxagak: «Gainera, hainbat jokalari gaztetxo Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioarekin jokatzeko deitu izan dituzte. Teknikoen aldetik esperientzi gehiago dugu, ilusio izugarria dugu eta, azkenean, horrek guztiak bere fruituak ematen ditu». Astearte eta ostegunetan infantil neska-mutilek entrenatzen dute; eta astelehen, asteazken eta ostiraletan, kadete neskek. Kadete nesken entrenatzaileak Asier Fernandez eta Joseba Arrillaga dira; infantil neskenak, Ainhoa Fernandez eta Ainara Zamakola; eta infantil mutilenak, azkenik, Iker Gurrutxaga bera eta Egoitz Dorronsoro.

   Une honetan, alebin mailakoekin teknifikazio saioak egiten ari dira, Gipuzkoako haria ez galtzearren. Izan ere, «edozein herritan –Azpeitin, Zarautzen, Tolosan edota Donostian– teknifikazio saioak egiten dituzte, eta gazte-gaztetatik maila ikaragarria antzematen da Gipuzkoan. Eta hari hori ezin dugu galdu, ardatza baita. Duela bi urte Zarautzen ekin zioten, eta guk Oriora ere eraman dugu planteamendua. Oso ongi ari gara funtzionatzen: 30 neska-mutil ari gara trebatzen eta irakasten astean behin. Gerora begira ere lanean ari gara!». Asteazkenero biltzen dira, 18:30ean, eta herriko haur guztientzat irekita dago. Saio horietaz Mikel Narciso, Xanti Arrieta, Iker Gurrutxaga eta Ainhoa Usandizaga arduratzen dira.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info