Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Puntista hasiberriak kantxara!

ZUMAIAKO Zesta-Punta Eskolak jokalari gaztetxoen topaketak antolatu zituen Gabonetan Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Bertan, Euskal Herriko hainbat zesta-punta eskoletako ordezkariak aritu ziren jokoan: Cabanillas eta Noain (Nafarroa), Gasteiz (Araba), Markina (Bizkaia) eta Tolosa, Mutriku eta Zumaiako (Gipuzkoa) alebin mailakoak; hau da, 10 eta 11 urteko jokalariak. Guztira, hiru jardunaldi egin zituzten: abenduaren 18an, abenduren 29an eta urtarrilaren 2an, hain zuzen ere.


Zumaiako Zesta-Punta Eskolako arduradun Luis Mari Etxabek adierazi zuenez, «urtero-urtero eskola mailako txapelketa jokatzen dute alebinek, urtarrilean hasita. Bitarte horretan, ordea, entrenatu besterik ez dute egiten. Hainbat hilabetez pizgarririk ez dutenez, beste eskoletako adin bereko jokalariekin elkartu nahi izan ditugu; batetik, elkar ezagutzen nahiz lagun berriak egiten joan daitezen eta, besterik, geldirik egon ez daitezen».


Dozena bat bikotek hartu zuten parte topaketetan, hiru bikoteko lau multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko bikote onenak azken jardunaldirako sailkatu ziren. Azken fase horretan, lehenik eta behin finalerdiak jokatu zituzten eta, ondoren, finaleko eta hirugarren nahiz laugarren postuak erabakitzeko partidak. Lau bikote aritu ziren jokoan azken fasean: Noaingo Roman Alonso-Asier Bariain, Mutrikuko Ekaitz Mendizabal-Mikel Manzisidor eta Zumaiako Eduardo Agirre-Jon Alberdi eta Igor Armendariz-Unai Vazquez. Mendizabal-Manzisidor mutrikurrak izan ziren topaketako garaile, finalean Agirre-Alberdi zumaiarrei 25-15 irabazi ondoren. Armendariz-Vazquez zumaiarrak hirugarren sailkatu ziren eta Alonso-Bariain noaindarrak laugarren; elkarren aurkako partida 25-24 emaitzarekin bukatu zen.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info