Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Entrenamenduak gomak erabiliz

INDARRA lantzeko tresna erabilerrazak bezain eraginkorrak dira goma edo zinta elastikoak. Hainbat kiroletan, gainera, prestaketa fisikoaren atal garrantzitsu bihurtu dituzte. Hainbat ariketa eta mugimenduren bitartez, gomak luzatuz egiten da entrenamendu mota hau. Helburua gorputzeko gihar taldeak lantzea da, gometatik tiratzerakoan sortzen den erresistentzia aprobetxatuz. Azken finean, pisuak erabilita egiten den lanaren baliokidea litzateke, nahiz eta ez izan berdina. Izan ere, goma elastikoek garapen mugatua dute, kargari eta erresistentziari dagokionez, eta muga hori gainditzen denean ezin zaio karga nahiz erresistentzia gehiago gehitu. Pisuekin entrenatzerakoan, aitzitik, ez da halakorik gertatzen: beti gehitu daitezke kiloak. Edonola ere, gomek ez dute zertan pisuen ordezko izan behar, elkarren osagarri izan baitaitezke. Azken finean, entrenamendu mota ezberdinak dira. Hala eta guztiz ere, gomak ez dira pisuak bezain oldarkorrak eta, ondorioz, lesionatzeko arrisku gutxiago dute. Hasiera batean, giharrak modu leun eta kontrolatu batean tonifikatzeko erabiltzen zituzten gomak, lesio batetik osatzeko. Ondoren, fitness munduan eta mantenuko gimnasian egin zen ezaguna, ariketa fisikoa egiteko oso erabilerraza zelako. Azken hamarkadan, kirol kolektiboetako nahiz indibidualetako prestaketa fisikoaren parte bihurtu dira. Oro har, indarra, abiadura, erresistentzia eta malgutasuna hobetzen laguntzen du, eta hori edozein kirolarirentzat da mesedegarri. Giharretako zuntzak indartzen ditu pixkanaka-pixkanaka, eta enborreko nahiz gerriko gihar egonkortzaileen mugimendua hobetzeko balio du. Horretaz gain, artikulazioen ibilbidea zabaltzen laguntzen dute. Korrika egiterakoan, esaterako, artikulazioen anplitudea keinu jakin batera mugatzen da eta, besteak beste, goma bidezko ariketak egiten ez badira, laburtu egin daiteke.�

NOLA ERABILI
· Norbere gorputza (hankak eta bizkarra, batez ere) edo horma-barra
euskarri bihurtuta, gihar bakoitza lantzeko hainbat ariketa egin daiteke, goma eslastikoetatik behin eta berriz tira eginez.
· Ariketa-zirkuitu bat egitea komeni da, goikaldeko zein behekaldeko
gihar garrantzitsuenak landuz.
· Ariketa bakoitzean behin eta berriz tiratzea komeni da, eraginkorra izan dadin; errepikapen gutxi eginez hasi (8-10 tiraldi inguru) eta asteak pasa ahala, progresiboki gehitzen joan (25-30 tiraldira iritsi arte). Baina,
errepikapenak pixkanaka gehitzen diren bezala, ariketa-zirkuitua ere
errepikatu daiteke aurrera begira.
· Zirkuitua egin ostean, laupabost korrika saio bizi egin behar dira, 50-100 metrokoak, oinkada luzeak emanez, giharrak askatzeko.
· Gomak entrenamendu saio bezala erabili daitezke, baina baita beroketak egiteko edo saio baten bukaeran giharrak tonifikatzeko ere.

MATERIALA
· Edozein kirol edo fitness dendatan eros daitezke goma edo zinta
elastikoak, baita ortopedia dendetan ere. Ez dira garestiak: euro gutxi
batzuen truke eskura daitezke, eta gutxienez 5 urte irauten dute.
· Latexarekin egindakoak izan behar dute eta 3-5 metro arteko luzeradunak. Zapalak izan daitezke, edo 1,5 zentimentro diametroko lodierakoak.
· Gomen ertz bakoitzean korapilo bat egitea komeni da (zortzi formakoa, ahal bada), helduleku gisa erabiltzeko.
· Erraz eraman daitezke batetik bestera, eta oso praktikoak dira edozein tokitan nahiz momentutan erabiltzeko.
· Erabili ondoren, lehortu eta, noizbehinka, xaboiaz garbitu, pilatzen joango den izerdia ezabatzeko.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info