Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Maialen Mujika eta Karmele Makazaga, eskubaloi jokalaria eta jokalari ohia:«Etxeko lanarekin emaitzak lortzea da gure filosofia; harrobi lanarekin, alegia»

Belaunaldi ezberdinek bat egiten dutenean, garai batean izan zena gaur egun denarekin konparatzea ohiko jolasa bihurtzen da. Eskubaloiak, ordea, eskubaloia izaten jarraitzen du Zarautzen: pasio handiko kirola, lagunartekoa eta etxekoa. Familia handi bat osatzen dute, hain zuzen ere. Eta familia guztietan bezalaxe, honetan ere nabarmentzen diren hainbat kide daude. Karmele Makazaga (Zarautz, 1964), esaterako, Euskal Herriak inoiz eman duen eskubaloi jokalari onenetakoa da. Ikur eta erreferente nagusia, zalantzarik gabe. Maialen Mujika (Zarautz, 1991), berriz, etorkizuneko itxaropen berria. Zarauzko Kirol Patronatuak 2010eko herriko kirolari onenaren saria eman zion Mujikari eta, bide batez, Makazaga omendu zuen, bere kirol ibilbide oparoa goratuz. Belaunaldiz belaunaldi gauzak aldatzen eta berritzen joaten badira ere, begi bistakoa da Zarauzko emakumezkoen eskubaloiak harrobi paregabea izaten jarraitzen duela.

Urte honen hasieran Zarauzko Kirol Patronatuak omenaldi xumea egin zizueten Kirolaren Galan, beste kirolari batzuekin batera. Nola jaso zenuten saria?
Maialen Mujika: Ilusio handiarekin jaso nuen saria. Sekulako ezustea izan zen! Iaz lorpen pertsonalak izan nituen, eta egindako lana errekonozitzea polita da. Izan ere, joan den uztailean junior mailako Munduko Txapelketa jokatu nuen Hego Korean; aurretik, maiatzean, Mundialaren aurrekoa jokatu genuen Valentzian eta, ondoren, prestaketa gisa, Norvegian txapelketa ireki batean hartu genuen parte. Espainiako selekzioarekin jokatzen hainbat urte daramat, baina azken urtea izan da niretzat garrantzitsuena, nahiz eta Munduko Txapelketan ez ginen horren fin aritu eta hamargarren bukatu genuen.
Karmele Makazaga: Nik harriduraz jaso nuen omenaldia, egia esan! Hemezortzi urte badira eskubaloia utzi nuela, eta pixka bat ahaztuta neukan. Baina norbait nitaz gogoratu da edo kexatu egin da... Jakin badakit jende asko zegoela halako sari bat merezi nuela esanez. Azken finean, Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen lehen zarauztarra izan  nintzen eta, gainerako olinpikoak omenduta, ni falta nintzen. Berandu bada ere, ongietorria izan da! Aurretik Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurrenean elkarteak berak intsignia eman zidan, baina orain arte Udalak ez zidan omenaldirik egin.

Jasotako saria indibiduala bada ere, Zarauzko emakumezkoen eskubaloiaren ibilbideari eginiko errekonozimendua ere badela uste al duzue?
K.M.: Noski baietz! Azken finean, Zarauzko eskubaloian egiten dugu lan, eta elkarterik izan ez balitz, Maialen eta biok ez ginen hemendik aterako eta ez genuen izan dugun ibilbiderik izango.
M.M.: Erabat ados nago Karmelerekin! Inguruko guztia izango ez bagenu, ez ginen inora iritsiko.

Karmele, emakumeok eskubaloian hasi zinetenetik hona, hastapen haietatik hona, sekulako aldaketa antzemango zenuen, ezta?
K.M.: Gauzak asko aldatu dira gu hasi ginenetik. Zorionez, jarraipena eta garapena izan du, eta horrenbeste urtean lan egin ondoren, benetako emaitzak orain datozela uste dut. Azken hamar urtetik hona, alegia.


Eta egun zein da eskubaloiren  egoera?
M.M.: Hemen beti bezala jarraitzen dugun arren, kanpoan ikusten da krisiaren eragina. Azken urteetan ez daude horren ongi taldeak. Gurean, beharbada, zuzendaritza taldeak lan gehixeago egin behar duela ikusten da.
K.M.: Emakumezkoen lehen taldea kili-kolo dabil, baina urtero bezala mailari eutsiko dio, Ohorezko Zilar Mailari alegia. Zaila da, harrobiko jokalariz osatuta baitago taldea. Hauen kategorian, gainerako taldeetan jokalariek kobratu egiten dute, edota jokalari atzerritarrak ekartzen dituzte. Eta horrelako taldeen aurka jokatzea ez da erraza. Bestalde, zonaldeko talde onena Donostiako Bera Bera da, eta inguruko jokalari onenak haiek eramaten dituzte. Gainerako mailetan, jubeniletan eta kadeteetan, oso maila ona ematen ari gara Zarautzen.

Denboraldiari ez diozue hasiera txukuna eman, azken postuetan baitzaudete. Zeintzuk dira denboraldiko helburu nagusiak?
M.M.: Sailkapenean pare bat koska gorago kokatzea da; hau da, azken hiru postuetatik aldendu eta mailari eustea. Horretarako gogor ariko gara lanean eta, nola ez, zorte pixka bat ere beharko dugu. Iaz azkeneko jardunaldian lortu genuen mailari eustea, eta duela bi denboraldi ere azken txanpan lortu genuen helburua.

Gero eta profesionalagoa al da lehiatzen zareten kategoria?
M.M.: Aurten gutxiago dela esaten dute, baina berdin-berdin ikusten ditugu jokalari atzerritarrak gainerako taldeetan. Gurekin konparatuta, behintzat, badago aldea. Guk etxeko jendearekin eta, gehienez, inguruko jokalariekin osatzen dugu taldea.

Eta horri aurre egiteko babesle ekonomiko garrantzitsuagoak behar al dira?
K.M.: Ez, gure filosofia ez da kanpoko jendea taldera ekartzea. Gure babesleak mailari eusten laguntzen digu, bidaietako eta halakoetako gastuak ordaintzeko ahalegin ekonomikoa eginez. Hala eta guztiz ere, gure filosofia etxeko lanarekin emaitzak lortzea da; harrobi lanarekin, alegia.

Garai batean bezala, Ohorezko Mailara igo eta Akaba Bera Bera edota Itxako taldeen pare lehiatzea hitz potoloegiak al dira gaur egun?
K.M.: Hitz potoloak dira horiek, bai. Zarauzko emakumezkoen taldeak 80ko hamarkadan Ohorezko Mailara igotzea lortu zuenean, ez zegoen Akaba Bera Berarik. Duela 25 urte pasatxoko kontuak ezin dira gaur egungoekin konparatu, ezinezkoa da. Gauzak ikaragarri aldatu dira eta, egun, Bera Berak Gipuzkoako esklusibotasuna hartu du, bertako jokalari onenak bereganatuz. Horretaz gain, atzerriko jokalariak ere ekartzen ditu. Guk ez dugu haiek duten aurrekonturik, eta ez dugu sekula edukiko.

Erokeria al da noizbait hori lortuko dela amestea?
M.M.: Gauzak asko aldatu beharko lukete horretarako...
K.M.: Gerta daitekeena zera da: beraiek maila galtzea dirurik ez dutelako eta guk gaur egungo mailari eustea, gure lanari esker.


Belaunaldi ezberdinetako bi eskubaloi jokalari zarete. Alde batetik, Euskal Herriak inoiz izan duen jokalari onenetakoa eta bestetik, etorkizunekoa. Modu horretan ikusten al duzue elkar?
M.M.: Niretzat Karmelek egindako eta lortutako guztia izugarria da. Egia esan, asko gustatuko litzaidake bere bidea jarraitzea. Zalantzarik gabe, erreferente nagusia da Zarautzen. Talde barruan Olinpiar Jokoetan parte hartzera iritsi zen jokalaria da, listoia oso goian utzi zuen jokalaria.
K.M.: Eta pentsa, hauen erdiak ere ez naute jokatzen ikusi! Nire alabak izan daitezke! Hauek jaiotzerako nik ia egin beharreko guztiak eginak nituen. Maialeni dagokionez, bere ibilbidea oso ona da eta bide onetik doa. Lortuko duela uste dut.

Azpiko mailetatik Espainiako selekzioarekin jokatzen hasitakoak zarete biok. Maialenek junior mailako Munduko Txapelketa jokatu zuen udan Seulen; Karmelek, berriz, duela 25 urte inguru. Nolako esperientziak izan ziren?
M.M.: Ez nekien datu hori!
K.M.: Juniorretan izan zen, bai.
M.M.: Gure kasuan, behintzat, sekulakoa izan zen. Hemen ez da horrelakorik ikusten; ikuskizunari dagokionez, batez ere. Karmeleren garaian ere handia izango zen, baina guk, behintzat, teknologia berriak eta gauza arraro ugari ikusi genuen.
K.M.: Guretzat esperientzia itzela izan zen, hasiberri batzuk baikinen. Gaur egun gazteek askoz ere gehiago bidaiatzen dute, baina gure garaian  etxetik ateratzen ginen ia lehen aldia zen eta hura ikaragarria izan zen. Harrezkero, eskubaloia asko aldatu da.

Selekzioarekin aritzeak eta, era berean, nazioarteko partidak jokatzeak jokalari bezala hezitzen laguntzen al du?
M.M.: Esperientzia berriak bizitzeko balio du, baina ez dakit jokalari bezala garatzen laguntzen duen. Egia da selekzioan jokalari onenak elkartzen garela eta maila handia dagoela, baina azkenean hilabete bateko egonaldi batean ezin duzu horrenbeste egin. Jakina, lagungarria da eta asko ikasten duzu, baina zure taldean eginiko eguneroko lanak gehiago balio du.
K.M.: Gure garaian, aldiz, bestelakoa zen. Gehiago ikasten genuen selekzioarekin etxean baino. Aitzitik, hauek orain etxean egiten duten lana askoz ere handiagoa da; ondoren, lan horri jarraipena ematen diote selekzioan. Egungo jokalariek duten maila eta entrentzeko modua hobea da. Orain gehiago dakigu eta hobeto irakasten diegu!

Karmele, guztira 131 aldiz aritu zinen selekzioarekin, bertako kapitaina zinen, eta Bartzelonako Olinpiar Jokoetan ere hartu zenuen parte. Ibilbide oparoa, zalantzarik gabe!
K.M.: Ez dago gehiago eskatzerik. Egia esan, eskubaloian ahal nuen guztia egin nuen eta finkatutako helburu guztiak lortu nituen. Ni horrekin geratzen naiz!

Arantzarik geratu al zaizu? Lortzea gustatuko litzaizukeen garaipenen bat?
K.M.: Nire frustrazio bakarra euskal selekzioarekin jokatu ez izana da. Gure garaian ez zegoen. Gaur egun, aukera egin beharko banu, ez nuke zalantzarik izango non jokatu. Alde horretatik, egungo jokalariek sekulako inbidia ematen didate.
M.M.: Euskal selekzioarekin izandako bizipenak oso politak izaten dira. Urtero elkartzen gara lagunartean, eta giro ederra izaten dugu. Espainiako selekzioaren aldean ezberdina da. Bertako selekzioa etxekoa da, bere xarma du, eta irabaztean saria txikiagoa bada ere, asko betetzen zaitu.

Eta datorren urtean Londresen izango diren Olinpiar Jokoetan ikusiko al zaitugu, Maialen?

M.M.: Horretarako gauzek asko aldatu beharko dute. Gure mailan jokatuta, ez dut uste selekzio absolutura iritsi gaitezkenik.
K.M.: Lehengo aldean, orain zailagoa da maila absolutura heltzea. Lehiakortasun eta profesionaltasun gehiago dago. Kasu horretan, Maialenek erabaki handia hartu beharko luke; hau da, ikasketak utzi edo beste modu batera hartu eta kirol ibilbideari seriotasun gehiago eman. Nik, esaterako, ez nuen halakorik egin. Lana eta entrenamenduak uztartzeko aukera izan nuen; izan ere, ez nuen egunero entrenatzen. Orain, Ohorezko Mailan astea entrenamenduz josita dute, batzuetan goiz eta arrasaldez ere bai.

Zarautzek harrobi inportantea du emakumezkoen eskubaloian: Libe Altuna, Alba Menendez, Maialen Mujika... Beheko mailetatik lana ongi egiten ari zareten seinale?
K.M.: Bai, emaitzak hor daude. Beheko mailetatik hasten gara lanean, eta euskal selekziorako ere herriko jokalari asko hautatzen dizkigute, bai kadetetan, bai jubeniletan.
M.M.: Zenbaitzuk zortea izan dugu eta hori guztia bizitzeko aukera izan dugu. Eta hori ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatu gara.

Zer-nolako etorkizuna ikusten duzue etxeko jokalarien artean? Maila handiko jokalari gehiago aterako al dira epe laburrera?

K.M.: Espero dugu baietz, baina hori denborak esango du. Jendea badator atzetik ere, eta hauek gero eta gorpuzkera handiagoa dute. Izan ere, egun alderdi fisikoa gehiago lantzen da. Gure garaian, atzerrira joaten ginenean, izugarrizko neska pusken aurka lehiatzen ginen. Egun ere diferentzia dago hemengoen eta hangoen artean, baina jada ez da horrenbestekoa. Hala eta guztiz ere, nik jokatzen nuen garaian selekzioko handienetakoa nintzen... Beraz, atera kontuak!

Nabarmentzen diren jokalariak, ordea, talde handiago batera egiten dute jauzi. Hori ezinbestean eman beharreko pausoa al da?
M.M.: Zerbait lortzea goian egoteari, internazionalagoa izateari edota kanpoan jokatzeari deitzen baldin badiogu, bada, orduan bai. Zarautzen astean hirutan entrenatuta ezin da maila horretara iritsi. Bera Bera eta halako talde handiek egunero entrenatzen dute, eta partidak ere biziagoak eta gogorragoak dira.

Eta, burutik ez al zaizu pasa profesionaletara jauzi egiteko ideia?
M.M.: Horretarako gauza asko hartu behar da kontuan: herriko taldea uztea, ikasketak, talde berrira egokitzea... Dena bat etortzen den egunean posible izango da. Nitaz galdezka etorri al diren? Bera Berak eskaintza moduko bat egin zidan.
K.M.: Orain ez da memento ona, krisian murgilduta baikaude, eta hori toki guztietan igartzen da.

Zuk kanpoan egin behar izan zenuen ia ibilbide osoa, Karmele.
K.M.: Jubenil mailara arte Zarautzen jokatu nuen, eta gero Donostiako Universitarios taldearekin jokatzen hasi nintzen, Ohorezko Mailan. Kategoria horretan jokatu beharra neukan, Espainiako selekzioarekin jokatu nahi banuen. Urtebete geroago, Zarauzko emakumezkoen taldea Ohorezko Mailara igo zen eta etxera bueltatu nintzen laguntzera. Maila eman ez genuenez, denboraldi bakarra iraun genuen hor goian. Ondoren, Hernani taldearekin aritu nintzen jokatzen hurrengo zortzi urteak. Izan nuen Madrilera joateko eskaintzarik, baina hemen geratzea erabaki nuen. Erretiroa hartu aurretik, beste bi urte egin nituen Bidebietan. Edonola ere, nik ez nuen jokalari profesional izateko aukerarik izan. Profesionala izan nintzen, baina beste modu batera, eta lan eginez. Azken finean, nire maila pertsonala lortzeko eta selekzioarekin jarduteko entrenatzen nuen.

Eta, ondoren, entrenatzaile lanetan hasi zinen.
Hala da, bai. Eskubaloia utzi ondoren, entrenatzaile lanetan hasi nintzen Zarautzen. Hain justu ere, urte horretan emakumezkoen taldea lehen mailara (Ohorezko Zilar Mailara) igo zen, egun dauden kategoriara. Denboraldi batez entrenatzen jarraitu nuen arren, nire bizitza familiarrak ez zidan denborarik uzten eta utzi egin nuen. Harrezkero, beste entrenatzaile batzuk pasatu dira taldetik. Era batera zein bestera, Zarauzko emakumezkoen lehen taldeak hamalau urte daramatza gaur egungo kategoriari eusten.

Karmele eredu bat izango da zuontzat. Berak lortu duena berdintzea ametsa al litzateke?

M.M.: Jakina, nahiko nuke horren urrutira iritsi!

Zer gomendio emango zenioke horretarako, Karmele?
K.M.: Asko entrenatu dezala, lanik gabe emaitzarik ez baita lortzen. Horretaz aparte, zorterik onena opa diot, batez ere lesioekin. Arazo fisikoek asko baldintzaten dute jokalari baten ibilbidea.

 

Karmele Makazaga - ATZOKOA GAUR 

«Kirol guztiak praktikatu nituen eskola garaian. Batez ere, krosa egiten nuen eta nahikoa ongi moldatzen nintzen. Baina, 16 urterekin ezin nituen bi kirolak egin, eta eskubaloia aukeratu nuen, talde polita geneukalako eta askoz ere hobeto pasatzen nuelako, nire aitaren disgusturako. Eskua txikia nuela eta ez nuela baloia ongi harrapatzen esaten zidan. Zarauzko mutilen taldeko kideak boluntario hasi ziren neskoi eskubaloian irakasten, modalitatea sustatzen, taldea sortzeko helburuarekin. Eskolan hasi ginen, zortzigarren mailan, eta gero elkarte barruan taldea sortu genuen eta beste herrietara joaten hasi ginen partidak jokatzera. Kalean jokatzen genuen, euritan; Zarauzko Munoa plazan. Baloia itsasora erotzen zitzaigun eta kixkilleroarekin jasotzen genuen! Orduan, zure burua lurrera botatzea ez zen broma...sekulako arrastak egiten genituen, harri koxkor guztiak itsatsita geratzen zitzaizkigun zangoetan eta besoetan. Egungo jokalariek kiroldegiko kantxa ezagutu dute betidanik, baina hau guk inauguratu genuen».
    «Zarauzko emakumezkoen taldeak behin baino ez du jokatu Ohorezko Mailan. Partida bakarra berdindu genuen denboraldi osoan. Bat-batean igo zen mailaz eta kategoria handiegi geratu zitzaigun. Orduan ere herriko jokalariok eta Zumaiako beste lauk osatzen genuen taldea. Duela hiru urte igoeraren 25. urteurrena ospatu zuten, baina talde hartan ez nengoen ni, Donostiako Universitariosen jokatzen bainuen».
    «Zarauzko taldearekin goiko mailan jokatzea ohore bat izan zen eta bolada hartako oroitzapen oso gozoak ditut, nahiz eta irabazteko gai ez izan. Alde horretatik, pixka bat nekagarria bazen ere, nire betiko lagunekin jokatu ahal izateak merezi izan zuen. Gainera, oso lagun onak ditut».�

 

Maialen Mujika - GAURKOA BIHAR

«Ikastolan hasi nintzen eskubaloian, saskibaloian eta futbolean jokatzen. Gero, infantiletan kirol bat aukeratu behar genuela-eta, eskubaloian murgildu nintzen. Gurasoak eskubaloiari lotuak egon dira eta horrek eragina izan zuen, baita kiroldegian pasatako asteburuko arratsalde guztiek ere. Auskalo eskubaloiko zenbat partida ikusten genuen txikitan!»
 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info