Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kronika

Kukuarriren altzoan sasoi betean

ORIOKO HERRI IKASTOLAK hainbat kultur eta kirol jarduera antolatzen du urtean zehar herrira begira: ikastaroak, saskibaloi txapelketak, triatloia... Oraingo honetan, ordea, pauso bat haratago eman eta Orioko I. Mendi Lasterketa antolatu du apirilaren 10erako. Auzoko herrietan halako probarik bazela eta, herrian ere «zerbitzu hori» eman zezakeela otu zitzaion Ikastolari.  Hutsunea betetzeaz gain, lasterketa honek Orio inguruko parajeak aurkeztu nahi ditu, mendia eta itsasoa uztartzen dituen ibilbide batekin. Izan ere, «jende askok ezagutzen ez dituen toki ederretatik pasako da lasterketa, eta mendialde hori hementxe bertan dago», zehaztu du Ikastolako zuzendari Iñaki Berazak.

Mendiko probak 18 kilometroko ibilbidea izango du, 1.000 metroko gorabehera metatuarekin. Lasterketaren luzera zein desnibela kontutan izanik, mendiko lasterketetan «hasteko edota probatzeko oso egokia» dela nabarmendu dute antolatzaileek. Nolanahi ere, parte hartu nahi dutenek oinarrizko maila fisikoa eduki behar dute; hau da, sasoi betean egon behar dute, korrika egitera ohituta eta lasterketa herrikoietan eskarmentuarekin. Sasoiko egonda ere, halako lasterketetan bakoitzak bilatu behar du bere erritmoa, korrika nahiz oinez, biak tartekatuz proba osatzeko. Azken finean, ez da gauza bera asfaltoan ala mendian lasterka aritzea. Ez dute zerikusirik!

«Bi mendi maratoi egin ditzakezu hilabete batean, baina asfaltoan pentsaezina da hori. Mendian txandakatu egiten dituzu beharrak: aldapa gora nekatu egiten zara eta behera errekuperatu, besteak beste. Guztiz ezberdina da. Ez zoaz denbora jakin bat egin nahian edo markak haustera, baizik eta erritmo bat hartu eta ibilbidea osatzera. Puntako lasterkariek korrika egiten dute ibilbide osoa, baina gainerakoek ahal den moduan», dio Ikastolako zuzendariak mendi lasterketen inguruan. Horrenbestez, ibilbidean zehar ez dute denbora kontrolik jarriko, ezta lasterketa osatzeko denbora mugarik ere. Alde horretatik, malguak izango dira.

Herriko eta bailarako lagun ugari ari da izena ematen egitasmoan, baita Euskal Herri osotik ere. «Egia esan, ez genuen uste jendea horren animoso ariko zenik. Inoiz ez duzu halakorik espero! Ez genekien zer-nolako oihartzuna eta erantzuna izango zuen, are gutxiago lehen aldia izanda. Herrian, behintzat, oso giro polita sortu da, eta herritarren artean bolo-bolo dabil lasterketa. Ondorioz, konturatzen zara horrelako zerbaiten beharra bazegoela herrian».  Izena emateak 12 euro balio du eta www.oriokoikastola.net webgunean egin behar da. Lasterketa egunean 20 euro balioko du inskripzioak.

Jendetza animatzen doan arren, parte-hartze kopurua 250 lagunetara mugatu dute. Orioko Herri Ikastolaren helburua ez da «sekulako partaidetza duen antolakuntza bat» aurrera eramatea: «Kontrolatu dezakegun partaidetza batekin ekin nahi diogu ekimenari. Hurrengo urteetan eskaera areagotuz gero, bada, horren arabera hartuko genuke partaidetza igotzeko erabakia». Eskaerak eskaera, «datozen urteetan jarraitzeko borondatearekin abiarazi dugu mendi lasterketa».

Ibilbidea bereizgarri
Eskualdean badira beste bi mendi lasterketa; bata, Zumaiako Flysch Trail proba, uztailaren 10ean jokatuko dena, eta, bestea, Zarauzko Pagoeta Mendi Lasterketa, ekainaren 22an izango dena. Baina, zerk egiten du ezberdin Orioko lasterketa? «Azken finean, lasterketa bakoitzak ibilbide propioa du, eta gu ibilbide bariatua bezain erakargarria atontzen ahalegindu gara. Benetan, oso polita da. Txorakeria dirudi, baina lasterkariek asko estimatzen dute ibilbide erakargarri bat proban zehar. Adibidez, Flysch Trailek bertako parajeaz gozatzeko aukera ederra ematen dizu lehiatzen ari zaren bitartean. Eta gurea ere ibilbide oso ederra eta ikusgarria da».

Mendi lasterketak Ikastolan izango du abiapuntua eta helmuga. Proba hasi bezain pronto, San Martin baselizara abiatuko dira lasterkariak eta, jarraian, Txanka, Erretzabal gaina, Etxaiz baserria, Orioko Benta, Kukuarri (363 metro), Itsaspe baserria, Luxarbe zalditegia eta baserria igaroko dituzte, hurrenez hurren. Ondoren, Santio bidetik, berriro Kukuarrira igoko dira, eta handik, Andu baserritik igarota, helmugara iritsiko dira, Txanka eta San Martin baseliza atzean utzita. Hasierako eta amaierako zatitxoetan baino ez dute asfaltoa topatuko parte-hartzaileek ibilbide osoan zehar, gainerako guztia menditik egingo baitute. Heldu! Herri Kirol Taldeko kide eta zaldizale Peio Saizar oriotarrak lagundu die Orioko I. Mendi Lasterketaren ibilbidea diseinatzen.

«Erretzabal baserri ingurua deigarria da, guztiz. Horrez gain, lasterketako zati konplexuena Itxaspe baserritik Luxarbeko zalditegira doana da. Egia esan, oso zati kuriosoa da; GR-121 mendi bideko zatia, itsasoaren gainetik pasatzen den bide estua, alegia. Harlasta handi bat zeharkatu beharko dute; zenbait unetan baso itxi baten artetik», zehaztu du Berazak. Ibilbideko zati «arriskutsuena» izanda, pasabide horrek antolatzaileei beraei ere «errespetu handia» sortzen diela onartu dute: «Mendiko lasterketetan korrikalariak oso barneratuta du arriskua present dagoela eta zuhurtziaz jokatu behar duela uneoro, ez dabiltzalako errepidean.

Orion ez ezik, zailtasunak proba guztietan daude; Zegama-Aizkorri mendi maratoiko zati batzuetan amildegi baten ondotik zoaz, eta kontuz ibili behar duzu».
 
 
Pagoeta Mendi Lasterketa
Zarautz-Pagoeta-Zarautz mendi lasterketaren zortzigarren hizordua maiatzaren 22an jokatuko dute. Azken Portu auzoko Guria taberna aurretik abiatuko dira korrikalariak 10:00etan, eta toki berean helmugaratuko dira, tontorrera igo eta gero. Probak 15 kilometroko luzera izango du eta 1.468 metroko gora-behera metatua. Izena apirilaren 11tik maiatzaren 16ra eman daiteke, eta inskripzioa lasterketaren webgunean egin beharko da (www.pagoetamendilasterketa.com ),15 euro ordainduta. Parte-hartze kopurua 225  lagunetara mugatu dute antolatzaileek. Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute. Probako marka berria jartzen dutenek sari berezia jasoko dute, gainera: emakumezkoetan 900 euro eta gizonezkoetan 300 euro.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info