Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Mahai gaineko tenisarekin gozatzen!

AZKEN URTEETAN gero eta zaletu gehiago ditu mahai-tenisak. Urola Kostako eta inguruetako ikastetxeetan eskola kirol gisa eskaintzen eta jorratzen ari dira: Zarauzko Antoniano Ikastetxean, Zestoako Herri Eskolan eta Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxean, esaterako. Aipatutakoen artean, zumaiarrak nabarmendu behar dira. Urtero-urtero lan txukuna egiten dute Gipuzkoako nahiz Euskadiko eskolarteko txapelketetan. Aurten, esaterako, alebin mutiletan Gipuzkoako txapeldun izan dira taldeka.

Badira zortzi ikasturte inguru  mahai-tenisa lantzen dutela Maria eta Jose Ikastetxean. Eskolan bertan mahai-tenisa jokatzeko bi mahai zituztela-eta, kirol modalitate hau praktikatzen eta lantzen hasi ziren, oso kirol atsegina eta erakargarria egiten zitzaielako ikasleei. Baina, neurri handi batean, baita ere ikasleek beraiek eskatu zutelako kirol hau lantzen hastea. Gainera, atseden orduetan futbolaz gain beste aukera bat eskaini asmoz ekin zioten mahai-tenisari. Horrela, Gipuzkoako Mahai-Teniseko Federazioaren bitartez, beste hiru mahai erosi zituzten.

Ikasleak atseden orduetan aritzen dira normalean mahai-tenisean. Soinketa garaian landu ez arren, soinketako irakasleak eta ikastetxeko Eskola Kiroleko koordinatzaileak erakusten dizkiete jokatzeko arauak eta hainbat teknika. Atseden orduez gain, alebin mailako neska-mutilak ikastetxean geratzen dira 17:00etatik 18:00etara euren artean jokatzeko. Aurreko laupabost ikasturteetan Gipuzkoako Mahai-Tenis Federazioko kide Carlos Fernandezek ikastaroak ematen zizkien astean behin, 14:00etatik 15:00etara. Gauza bera egiten zuen Zestoako Herri Eskolan eta Antoniano Ikastetxean. Ikasturteko lehen hiruhilekoan alebinekin jarduten zuen lanean eta bigarrenaren amaieran, berriz, LH4ko ikasleekin. Aurten, ordea, Fernandezek ezin izan du etorri ikasturte osoan zehar. Ondorioz, ikastetxeko eskola kiroleko koordinatzaileak hartu du entrenamendu saioen ardura, baita ikastetxeko txapelketaren antolaketa ere. Abendua eta urtarrila bitartean jokatzen dute txapelketa, eta bertan erabakitzen dute Gipuzkoako txapelketetara zein talde sailkatzen diren.

Eskola kirolaren baitan, alebin nesketan 5 talde dituzte eta talde bakoitzean 4 jokalari; mutiletan, berriz, 6 talde osatu dira. Beraz, 43 neska-mutil guztira. Infantil nesken artean, 8 lagunek bakarrik eman dute izena aurten; hala, bi talde osatu dituzte. Infantil mutilei dagokienez, 8 talde osatu dituzte, 29 lagun orotara.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info