Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Urrezko ezteiak mendirik mendi

BOST HAMARKADA eta hilabete batzuk igaro dira Pagoeta Mendizale Elkartea sortu zenetik. Urteurren biribila ospatze aldera, makina bat ekimen antolatu dute urtean zehar: besteak beste, zuhaitz landaketa, iraupen ibilaldia, boulder txapelketa, elkartearen historia jasotzen duen liburua... Eta asteburu batean 50 tontor igotzeko erronka. 50 urte, 50 gailur  izenburua jarri zioten ekimenari eta urriaren 25-26ko asteburuan egin zuten.
Erronkaren emaitza «oso positiboa» izan zela adierazi du elkarteko lehendakari Begoña Arriolak: «Azkenean, 50 gailur baino gehiago izan ziren eta. Guztira, 62 mendi igo genituen. Jendeak ederki erantzun zion gure proposamenari eta erronka ezin hobeto bete ahal izan genuen. Primeran atera zen guztia».
Ekimena prestatzerakoan Pagoeta Mendizale Elkarteak Euskal Herriko hainbat mendiren zerrenda  egin zuen. Dena dela, zerrenda hori ez zen itxia izan, jendeak edozein tontor egiteko aukera izan baitzuen. «Guk zehaztutako mendiak orientatzeko ziren, gutxi gorabeherakoak», dio Arriolak.
Lagunartean, familia giroan edota bikoteka gainditu zituzten tontor guztiak. Edozein modutan izanda ere, gailurrera iristerakoan Pagoetaren 50. urteurrena dela adierazten zuen txartela utzi eta urteurrenerako atera zuten logotipoarekin argazki bat atera zuten parte-hartzaile denek. «Argazki horiekin guztiekin erakusketa bat antolatu nahi dugu. Guztiak bildu ondoren, gure egoitzan jarriko ditugu erakusgai»,  eman du jakitera lehendakariak.
Urteurreneko ospakizunei ere abenduan emango diete bukaera, itxierako ekitaldi xume batekin. Hain zuzen ere, hilaren 14an lagunarteko bazkaria egingo dute Pagoetako kideek.

Hastapena eta jarraipena
Irrintzi taldeko Ibon Ezenarro,  Pedro Diez Txandarra eta Eduardo Garziak sortu zuten elkartea, 1958ko maiatzaren 7an. Horrela hasi zen Pagoetaren historia. Arazo batzuk tarteko, ordea, Mendi Federaziotik kanpo utzi zituzten eta euren ekimena bertan behera utzi behar izan zuten. Hiru urte geroago, koadrila batek elkartea berregin zuen, lehengo izen eta irudi bera erabiliz; tartean, Mariano Gereka zebilen. Aintzindarien lekukoa hartuta, mendizaletasuna piztea eta ondo pasatzea izan ziren Pagoetaren helburu nagusiak.
«Gorabehera handiak» izan dituen elkartea dela nabarmendu du Arriolak. Nolanahi ere, beti aurrera jarraitzeko indarrik eta gogorik ez zaie falta izan. Hala, Pagoeta Mendizale Elkartea 50. urteurrenera iritsi da eta, gaur egun, 765 bat bazkide ditu eta horietatik 500 inguru mendian federatuta daude.

Giro ona irteeretan
Oro har, 35 lagun inguru elkartzen dira hamabostean behin egiten dituzten mendi irteeretan. Irteera bakoitzean aukeratutako mendiaren arabera, jende gehiago edo gutxiago animatzen da: «Aneto bezalako gailur ezagun batera bagoaz, jendea errazago animatzen da».
Irteeretan giro aparta izaten da nagusi: «Pagoetakoak talde bat garenez, elkarrekin joaten gara ibilbide osoan. Gainera, azkena doanari errespetua zor zaiola iruditzen zaigu. Ondorioz, batzordekidetako norbait atzetik joaten da beti laguntzen. Dena dela, ez gara bizkor joaten diren  horietakoak. Gure helburua mendiaz gozatzea da. Horregatik, jendea gure irteeretan parte hartzera animatu nahiko nuke», dio Arriolak.

Atal berriak indartuz
Datozen urtetan ere orain arteko martxari eutsi nahi diote Pagoetako kideek. Baina, bide batez, aurten antolatu dituzten eskalada txapelketari eta iraupen lasterketari jarraipena eman nahi diete. Bi ekimen horiez gain, «BTTko boskote bat gogotsu sartu» da elkartean eta hori ere sustatu nahi dutela eman du jakitera Pagoeta Mendizale Elkarteko lehendakariak.  
Bestalde, orientazioko talde bat elkartearen egoitzan biltzen da ostegunero, irteerak prestatzeko. «Kide batek irteeraren bat proposatzen duenean, GPSarekin ibilbidea egiten du eta aparatuan jasotako datuak orientazio taldeari ematen dizkio, irteerak aldez aurretik finkatzeko. Azken finean, familia bat bezala funtzionatzen dugu».�
 
URTEKO HAINBAT EGITASMO: 
Lilatoian, Pagoetako 50 kide lasterka: Pagoetako 50 emakumek Lilatoian hartu zuten parte martxoan, urteurreneko elastikoarekin. Lasterketa amaieran sari berezia eman zieten probako antolatzaileek.

‘50 urte, mila pauso’: Urteurreneko ekimenekin batera, elkartearen historia jasotzen duen 50 urte, mila pauso liburua argitaratu zuten. Bere egilea Imanol Epelde Pagola da eta  modu kronologikoan kontatu du Pagoeta Mendizale Elkartearen orain arteko ibilbidea. Liburua hainbat garaitako argazkiz eta txostenez hornituta dago.

Iraupen ibilaldia:
Iraupen ibilaldiak arrakasta izan zuenez, bi urtetik behin halako ibilaldi bat antolatzeko asmoa du Pagoeta Mendizale Elkarteak. Izan ere, «jendeari orokorrean asko gustatu zitzaion egitasmoa». 

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info