Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Oriotik Santurtzira, haize berrien bila

BERE IBILBIDEARI 180  graduko bira eman dio Ibon Gaztañazpik. Arraunlari oriotarrak etxeko taldearen elastiko horia defendatu du 20 urtez, baina aldatzea erabaki du. KAE ligako lehen multzoan jokatzen duen Santurtzi taldeak fitxatu du, baina ez arraunean egiteko, trainerua bera zuzentzeko baizik.
Desadostasun batzuk medio, Joseba Fernandezek bizkaitarren entrenatzaile izateari utzi zion eta elkartekoak Gaztañazpirekin jarri ziren harremanetan. «Egia esan, ustekabean harrapatu ninduen proposamenak eta, hasieran, ezezkoa eman nien. Izan ere, inoiz ez zitzaidan entrenatzaile izatea burutik pasatu», dio oriotarrak. Azkenean, ordea, onartu egin zuen, «eskaintza ona delako eta erronka polita dela iruditzen zaidalako».

Orioren filosofia
Dirudienez, Orioko Arraun Elkartea «jarraitu beharreko erreferentea» da Santurtziko zuzendaritza batzordeko kideentzat, eta «bertan jardundako norbait nahi zuten taldea zuzentzeko; hau da, Orioren filosofia ongi ezagutzen zuen norbait. Bilatzen zutenarekin nire profila bat zetorrela adierazi zidaten».
Erronka berriak beldurrik ematen ez dion arren, bere egoera goitik behera aldatu dela adierazi du Gaztañazpik: «Arraunlari izatetik entrenatzaile izatera pasatu naiz; goi mailan dagoen traineru batean lehiatzetik beheko mailetan jokatzen duen talde batera joan naiz; nire herriko taldean jardutetik ezagutzen ez dudan herri batera etorri naiz. Giroa bera ere erabat ezberdina da, Orion beti lagun artean ibili bainaiz».
Zuzendaritzak helburu zehatzik jarri ez dion arren, taldearen maila hobetzea izango da bere lana: «Kirol mailan hondoa jo dute, baina tradizio handiko arraun elkartea denez, egoera horri buelta eman nahi diote. Arraunlariak ere motibaziorik gabe aritu dira azken urteetan. Horren aurrean, taldeari egoera ilun horretatik ateratzen laguntzea izango da nire zeregina». �

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info