Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Presiopean

Aitor Manterola Garate. HERRITAR ASKORENTZAT  Euskadi eta Euskal Herria gauza bera da. Hortaz, berdin zaie futboleko selekzioa Euskadi edo Euskal Herria izan. Ondorioz, herritar askok harriduraz hartu dute jokalarien agiria. Ez dute ulertzen zertara datorren eztabaida Euskadi eta Euskal Herria gauza bera badira haientzat. Baina Euskadiren alde egin duten politikarientzat eta federazioentzat Euskadi ez da Euskal Herria. Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa da haientzat. Hori salatzen dute jokalariek agirian, baina kontu horretaz oso gutxi hitz egin da hedabide gehienetan. Presiopean.
Baina nor ari da joko zikin horretan? Aurreko urtean, ‘Euskal Herria’ izena jartzea erabaki orduko, sutan azaldu ziren politikariak. Aurreko urtean, ‘Euskal Herria’ izenarekin ados ez, eta Kataluniaren aurkako partida historikoa bertan behera uztear egon ziren politikariak; tartean Iñigo Urkullu, EAJko presidentea. Jokalariek agirian ederki azaltzen dute Euskal Futbol Federazioak presioak onartu dituela aurten izena aldatzeko. Baina kontu horretaz ere, ezer gutxi hitz egin da hedabide gehienetan. Presiopean.
Ofizialtasuna lortzea ez dagoela beren esku esaten dute behin eta berriro federazioek eta politikariek. Baina saiatu ere ez dira egiten aitzakia horrekin. Nola saiatuko dira bada Euskal Autonomia Erkidegoa Euskaditzat hartzen duten horiek? Ez zaie komeni, eta ia federazio gehienetan erraz kontrolatzeko jendea jartzen dute aginteetan EAEko erakunde asko kontrolpean dituzten horiek. Jokalariek salatu dute ofizialtasunaren bidean ezer ez dela egiten ari, baina apenas hitz egin da hedabide gehienetan horretaz. Presiopean.
Argi adierazten da 165 euskal futbolarien agirian zein den eztabaidaren mamia. Futbolari dagokio berez, baina politikagintza bete-betean jo du. Batzuen azpijokoa agerian gelditu da, azpijokoa baita Euskadiz hitz egin, baina Euskal Autonomia Erkidegoan pentsatzen egotea. Jokalariek azaleratu dute hori, baina horretaz eztabaidatzea ez zaio komeni botereari. Horregatik desbideratu dute mamiaren funtsa kalapita txatxuetara, funtsik gabeko kalaketara. Eztabaida ez da Euskadi edo Euskal Herria. Eztabaida da Euskal Autonomia Erkidegoa edo Euskal Herria. Baina herri honetan askotan gertatzen den bezala, boterea zalantzan jartzen duena izaten da adarduna eta buztanduna. Botereak ederki engainatzen ditu herritar arruntak, gaur egun erabiltzen duten Euskadi eta Euskal Herria gauza bera direlakoan dauden horiek.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info