Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Libe Altuna, eskubaloi joklaria: «Lesioak asko aldatu du nire jokatzeko modua, nahiz eta ni ez konturatu»

BELAUNEKO LESIO  baten erruz, ia bi urtez taldetik nahiko aparte egon da Akaba Bera Berako eskubaloi jokalari Libe Altuna (Zarautz, 1985). Oraindik ehuneko ehun sendatuta ez badago ere, oso gustura dago berriro ere taldera itzuli eta partidak jokatzen ari delako. Izan ere, «denbora dezente noa ditxosozko lesio honekin eta jada nazka-nazka eginda nago». Irribarrea berreskuratu du eta pixkanaka-pixkanaka konfiantza gehiagorekin ari da jokoan.

Lesio luzea bezain konplikatua izan duzu. Egoera horretan lasai egotea zaila al da?
Egia esan, nahiko lesio gogorra izan da, bai fisikoki bai psikologikoki. Baina, beharbada, psikologikoki gogorragoa izan dela esango nuke. Izan ere, fisikoki apurka-apurka berreskuratzen joan naiz eta dena martxa onean joan denez, ez dut konplikazio handirik izan. Psikologikoki, ordea, sekulako zaplastekoa izan zen, batez ere bi aldiz jarraian hautsi nuelako. Memento horietan mamu ugari etortzen zaizu burura: ezingo duzula berriro lehen bezala jokatu, eskubaloia utzi beharko duzula...  Izan ere, jokalari asko ezin osatuta ibili da. Hori kontuan izanda, okerrena pentsatzen hasten zara!

Taldea bere mementorik onenean zegoenean lesionatu zinen, gainera. Horrek amorrua ere emango zizun, ezta?
Lesionatuta egon nintzen bitartean, Erreginaren Kopako eta Superkopako txapeldun izan ginen. Lehena irabazi genuenean etxean nengoen, oinez ibili ezinik, eta bigarrengoan kantxan bertan nengoen, baina makuluekin. Batean zein bestean ezin izan nuen jokatu. Iaz Europako Errekopako finalerdietara iritsi zen taldea eta bertan ere jokatu ezinik geratu nintzen. Europako norgehiagoketan askotan jokatu dut, baina partida garrantzitsuenak galdu egin ditut.

Lesioa osatuta, ligako lehen partidan minutu batzuk jokatu zenituen eta harmailetatik txaloak entzun ziren.
Lotsa pixka bat pasatu nuen, baina zalantzarik gabe eskertzekoak izan ziren harmailetatik entzun nituen animoak. Ilusioa egiten dizu jendea zutaz gogoratzen dela jakiteak, horrenbeste denbora lehiaketetatik kanpo egon ondoren.

Une hauetan, fisikoki ehuneko ehun ondo al zaude?
Ez. Oraindik nabaritzen dut fisikoki puntu-puntuan jartzeko zertxobait falta zaidala. Nolanahi ere, abuztuan taldera itzuli eta berriro entrenatzen hasi nintzenetik hobetzen joan naizela konturatu naiz. Izan ere, oso zaila da gure eguneroko erritmoa jarraitzea, nahiz eta  denboraren poderioz ohitu egiten zaren. Dena dela, kontuan izan behar da denbora luzez dinamika horretatik kanpo egon naizela. Abuztura arte beste bizitza mota bat egiten jardun dut eta, egia esan, itzulera benetan gogorra egin zitzaidan; hau da, entrenamenduetako eta lehiaketetako erritmoa berreskuratzea.

Lesioak aldatu al du zure jokatzeko modua?
Lesio batek beti aldatzen zaitu. Ni neu ez naiz asko konturatzen horretaz, baina jokatutako partidaren baten ikus-entzunezkoa jartzen dizutenean, zure jokoak izan duen aldaketaz ohartzen zara.  Lehen arrisku gehiagorekin jokatzen nuen eta orain ahal dudan neurrian saihestu egiten dut. Ez dut kontzienteki egiten. Partidetako bideoak ikusterakoan konturatzen naiz ez dudala normalean egingo nukeen jokaldia egin.

Beldurrez jokatzen al duzu?
Zorionez, gero eta beldur gutxiago dut. Hala ere, jokatzera itzuli naizenean berriz lesionatzeko beldur handia izan dut. Burutik gauza asko igaro zait: jauzia egiterakoan zerbait gertatuko ote al zaidan, norbaitek zerbait egingo al didan eraso batean… Oraindik ere izaten ditut halako pentsamenduak, baina konfiantza hartzen ari naiz.

Noizbehinka minik sentitzen al duzu?
Normalean, ez. Susto txikiak beti izaten ditut, eta esaten dute normala dela. Dena susto hutsean geratu  eta gehiago okertzen ez bada, lasai nago!

Nola definituko zenuke zure jokoa?
Horrenbeste denbora da erabat ondo jokatu ez dudala, ez dakidala definitzen nire jokatzeko modua. Lehen bizkorragoa nintzen, hori bai! Horrek ez du esan nahi orain jokaldiren bat egiterakoan bi aldiz pentsatzen dudanik, baizik eta lehen egingo nukeena beste era batera egiten dudala. Garai bateko jarrerak saihestu eta beste baliabide batzuk erabiltzen ditut.

Belauneko lesioak eskubaloirako dituzun dohainetan eraginik izan al du?
Nik uste dut ezetz. Nire dohain nagusia jauzia da eta garai onenetan bezala egiten dudala esango nuke. Alde horretatik, ez dut uste eraginik izan duenik.

Lesioaren aurretik titular jokatzen al zenuen?
Ez, baina oso une gozoa bizitzen ari nintzen talde barruan. Gero eta aukera gehiago nuen, eta asko ari nintzen gozatzen . Nire postu berean jokatzen duen Esme Lopez maila handiko jokalari beteranoa da, eta berari titularitatea kentzea oraindik zaila zela ikusten nuen. Dena dela, gero eta minutu gehiago banatzen ari ginen partidetan. Gozatzen hasi nintzen une horretan, ordea, lesioa etorri zen.

Eta orain berriz taldera itzultzerakoan, hutsetik hastea bezala izan al da?
Egungo egoera guztiz ezberdina da. Izan ere, Esme Lopezek nire lesio bera izan du eta orain jokalari eskuinak ari dira jokatzen gure postuetan: gehienetan Veronica Valverdek eta batzuetan Matxalen Ziarsolok. Ni oraindik ez nago topera eta aipatutako biak paper ona egiten ari dira. Nolanahi ere, jakin badakit ehuneko ehun ondo jartzen naizenean postua nirea izan daitekela.

Hori horrela izanda ere, Reyes Karrere entrenatzailearen babes osoa duzula dirudi.
Elkarteari beti interesatu izan zaio etxeko jokalariak izatea. Entrenatzaileak berak ere konfiantza izan du etxeko jokalariongan. Jakina, taldekide guztiok ez gara bertakoak, baina gehienak bai. Gainera, harrobiari gero eta garrantzi handiago ematen dio Akabak.

Azken finean, Carrere berak fitxatu zintuen Akaba Bera Berarekin jokatzeko. Epe luzerako apostu bat al zara taldearentzat? Lopezen ondorengo gisa edo?
Horrelako zerbait izan zen, bai. Gainera, ez dago ezkerra den jokalari askorik eskubaloian, eta hori nire aldeko ezaugarria da. Jokalari ezkerra izateak aukera gehiago ematen dizu jokoan: berme moduko bat gara, beste joko mota bat emateko gai gara eta jokalari eskuinen ikuspegia alda dezakegu.

Une honetan sailkapeneko bosgarren postuan zaudete ligan. Zein da Akaba Bera Beraren aurtengo helburua?
Gure helburua ligako lehenengo hiru postuetan sailkatzea da. Goialdean kokatuta dauden taldeak ikusita, posible dela uste dugu. Izan ere, parekatu samartuta gaude. Aurten, gainera, normalean aurrealdean kokatzen diren pare bat taldek aurrekontu txikia du. Halako liga indartsu bati aurre egiteko baliabiderik gabe geratu dira. Beraz, egoera aprobetxatu behar dugu.

Helburuak beteko balira, datorren denboraldian berriro ere Europan jokatzeko aukera izango zenukete, ezta?
Hala da, bai. Bosgarren posturaino Europan lehiatzeko txartela bermatuta dugu. Lehenengo bi sailkatuek Txapeldunen Liga jokatzen dute eta gure nahietako bat bertan sailkatzea litzateke, baina ez da batere erraza izango. Hirugarren postuak, behintzat, Errekopan jokatzeko aukera emango liguke. Guretzat oso interesgarria da Europara itzultzea, aurten berehala kalera joan gara eta.

Oso gutxigatik, baina azkenean, Europako txapelketatik kanporatuak izan zarete.
Joaneko partidan gol gehiegi sartu zizkiguten. Itzulikoa irabazi egin baldin bagenuen ere, ez genuen kanporaketa gainditu. Bi partidak parekatu samarrak izanagatik ere, bigarren norgehiagokan askoz gehiago egin genezakeela uste dut. Aurretik gindoazen bost goleko aldearekin eta ez ginen abantaila mantentzeko gai izan. Azkenean, nahiz eta partida 25-26 irabazi,  txapelketatik kanpo geratu ginen.

Ezuste handia izan al da taldearentzat?
Bai, dezentekoa. Berez, irabazteko moduko aurkaria zen. Final hamaseirenetan kalera joateko modukoa behintzat ez. Porrot handia izan da guretzat. Gutxienez final zortzirenetara iritsi beharko genukeen.

Orain ligan buru-belarri jartzeko aukera izango duzue behintzat.
Hori bai, baina Europan jokatzeak bere xarma du. Orain liga bakarrik jokatu beharko dugu, eta nahiko hutsa geratuko zaigu denboraldia. Urtarrila bitartean,geldialdia dugu ligan eta ABF Kopa jokatuko dugu; abenduaren 20-21ean, Donostian.


Berandu baina ziurtasun osoz
 
«Zarautzen jokatzen nuen garaiko oroitzapen oso onak ditut. Ni berandu hasi nintzen eskubaloian, 14 urterekin, eta hasieran nahiko arraroa egin zitzaidan, ez bainekien arauak zeintzuk ziren. Dena dela, berehala hartu nion neurria. Bi urte geroago, jubenilen Espainiako selekzioarekin jokatzen hasi nintzen eta 2004an Akaba Bera Berak fitxatu ninduen. Une hartan, ez nion aparteko garrantziarik eman, baina orain pentsatzen jarrita, bai, azkar gertatu zen dena».�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info