Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Ametsen zelaian loratutako jokalariak

GETARIAKO KETA bigarren erregional mailako futbol taldea da. Horrela esanda, eskualdeko talde bat gehiago dela pentsa dezake irakurleak. Bat gehiago da, zalantzarik gabe, baina gainerakoen aldean ezberdina. Ezohikoa. Berezi egiten duen hainbat ezaugarri ditu Ketak, baina bi dira nabarmenenak: bata, Getariako futboleko lehen elkartea dela, eta bestea, koadrila baten ekimenez sortu zela duela urte eta erdi.
Aretoko eta hondartzako futbol taldeak izanagatik, futbol talde federaturik ez zuten sekula izan herrian. Ondorioz, getariar askok inguruko herrietan jokatu behar izan du, etxean aukera hori izan ez duelako. Aurretik inora iritsi ez ziren saiakera batzuk izan baziren ere, 2006-2007 denboraldi bukaeran taldea sortzeko ideiari heldu zion 25 urte bitarteko lagun talde batek.
Egin beharreko gauza guztiak egin eta bete beharreko baldintza guztiak bete ondoren, «lagun talde horren ametsa egia bilakatu» zela dio Ketako sortzaileetako eta jokalarietako bat den Iosu Mujikak.

Maila igotzea helburu
Senior mailako behe-beheko kategorian ekin zion bere ibilbideari: bigarren erregional mailan. Estreinako denboraldirako gora begirako helburua finkatu zuten: mailaz igotzea, hain zuzen ere. Azkeneraino borrokatu bazuten ere, atarian geratu ziren: «Iaz hirugarren geratu ginen igoera faseko ligaxkako gure multzoan, eta beste multzoko hirugarrenaren aurka jokatu behar izan genuen kanporaketa. Penaltietan galdu genuen lehen erregional mailara igotzeko txartela»  ekarri du gogora Mujikak.
Aurten, ordea, ez dirudi finkatutako helburuari ihes egiten uzteko inolako asmorik dutenik. Ligako ia partida denak irabazi ditu taldeak eta bere multzoko lehen postuan sailkatu da igoera faserako. «Horrek esan nahi du taldean hobekuntza bat dagoela eta egiten ari garen lana ongi egiten ari garela. Gainera, mailaz igoko bagina, orain baino jende gehiago erakarriko genuke. Hala ere, ez dakigu beste multzoetako taldeek zer-nolako maila duten. Beraz, ikusi egin beharko dugu zer gertatzen den». Igoera faseko ligaxkako multzoa erabakitzeko zozketa urte hasieran egingo dute.

Jokalarien elkartea
Finkatutako helburuak lortze aldera, taldea gogor ari da lanean, bai zelaian bai zelaitik kanpo. «Jokalariok osatzen dugu kluba», nabarmendu du Mujikak. Eta arrazoirik ez zaio falta. Izan ere, jokalarien bitartez sortu zen taldea eta beraien ekimenez jarraitzen du aurrera. «Ardura dena gurea da, jokalariona. Horrek, gainerako elkarteekin konparatuta, berezi egiten gaitu. Normalean, futbol elkarte gehienetan entrenatzeaz eta jokatzeaz soilik arduratzen dira jokalariak. Gu, ordea, elkarteko kontu guztiez arduratzen gara».
Zuzendaritza batzordearen eta jokalarien artean ia alderik ez egoteak bere abantailak dituela dio Ketako kideak: «Gisa horretan, agian, gauzak gogo gehiagorekin egiten dira. Harremana zuzenagoa da; ez dago gainerako elkarteetako piramiderik». Etorkizunean elkarte barruan bigarren talde bat sortuko balitz, «denen gainean» egongo litzatekeen batzorde bat jartzea aztertu beharko luketela azaldu du Mujikak. Izan ere, «elkartea handituz gero, erantzukizun gehiago egongo lirateke. Une honetan, ordea, daramagun funtzionamenduarekin gustura gaude. Dena errazagoa da horrela, gainera».

Herriari begira
Lagunartean garatutako proiektua izanagatik, «Keta ez dugu guretzat bakarrik sortu, herriarentzat baizik». Horrexegatik, futbolean jardun nahi duen orori zabaldu dizkiete ateak, baina «oraingoz inork ez digu proposamen zehatzik egin». Iosu Mujikaren esanetan, «herrian ez daude 18 urtetik gorako jokalariak bakarrik. Txikiak ere badaude, eta horiek inguruko taldeetan jokatzen dute. Mementoz, ekonomikoki guri ezinezkoa zaigu behe mailako talde bat sortzea, baina interesa balego aztertuko genuke. Une hauetan, bi infantil eta kadete bat ditugu, baina hauek Oriorekin jokatzen dute».
Keta «familia» pixkanaka-pixkanaka handitzen ari da. Zale kopurua ez ezik, bazkideak ere gero eta gehiago dira: «Iaz138 lagun egin ziren bazkide  eta aurten 175era gerturatzen ari gara. Horrek esan nahi du jende gehiago hasi dela gugan sinesten».
 
 
Bazkideak zaintzen 
Astero, partiden gastuak ordaintzeko zozketak antolatzen dituzte. Era berean, bigarren zozketa bat egiten dute bazkideen artean bakarrik. Aurten, 175 bazkide izatera iritsi nahi dute. Denboraldiko kuota 50 eurokoa da16 urtetik gorakoentzat; 20 euro, gaztetxoentzat.

Berrikuntzak
Babesleak promozionatzeko modu berritzailea jarri dute abian aurten: etxeko partidetan baloia babesteko aukera dute, 50 euroren truke. Horrekin batera, webgune berria jarriko dute abian pare bat hilabete barru. Bestalde, Iturzaeta eskolako haurren kirol ardura hartu dute taldekideek.

Orioko futbol zelaian
Orioko Mendibeltz futbol zelaian entrenatzen eta jokatzen dute, Getarian zelairik ez dagoelako. «Getariako Udalak futbol 7ko zelaia eraiki nahi du Sahatsagan. Guk zelai handiago bat egin dezaten proposatu diegu, bestela ezingo genuke bertan partidarik jokatu».  

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info