Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirolari gazte

Batetik bestera, arrainak uretan bezala

AZAROAREN erdialdean benjamin eta alebin mailakoen  eskola kiroleko igeriketa jardunaldia izan zen Zarauzko kiroldegian. Giro aparta sortu zen igerilekuan, harmaila igerilarien gurasoz eta lagunez bete baitzen. Denboraldiko lehen saioa izan zen eta bertan, eta Zarautz Balea Igeriketako gaztetxoek hartu zuten parte, Oarsoaldeko eta Bidasoako igerilariekin batera.
Saio hartan, Baleako 20 bat lagunek egin zuten igeri. Dena dela, alebin eta benjamin mailako 40 gaztetxo dabiltza aurten taldean. Kontua da bigarren urteko alebin mailakoak infantilekin batera jarduten dutela. Taldeko gaztetxo gehienak zarauztarrak dira, baina tartean badira oriotarrak, aiarrak eta getariarrak ere.
Orain arte haurrek euren ikastetxetan ematen zuten izena eta, jarraian, Zarautz Balea Igeriketarekin hasten ziren entrenatzen. «Baina askok ez zekiten igerian eta, azkenean, igeri egiten irakastera mugatzen ginen» dio Zarautz Balea Igeriketako arduradun Ion Trekuk.
Aurten, ordea, taldeak berak hartu du kiroldegiko igeriketa ikastaroen kudeaketa. «Ondorioz, igeriketa menderatzen dutenei eta ikastaroko azken mailara iristen diren gazteei ematen diegu Balean sartzeko aukera. Nolabait esateko, ikastaroetatik pasatu behar dute haurrek elkartean sartzeko. Izena ematen dutenei test bat egiten diegu, dagokion mailan jartzeko. Txapelketan jarduteko igerian egiten jakin behar dute eta gutxieneko teknika ere menderatu behar dute».

Modalitate guztietan hartzen dute parte gaztetxoek. Lehen urteko benjaminek 50 eta 100 metroko probak egiten dituzte, crawl, bizkar, bular eta tximeleta estiloetan. Azkeneko biak liga amaieran lantzen dituzte, normalean. Era berean, errelebokako probak ere egiten dituzte, mutilen eta nesken artean: 8 lagunez osatuta daude taldeak eta parte-hartzaile bakoitzak 25 metro egiten ditu. Bigarren urteko benjaminek eta alebinek proba horiez gain, 200 metroko probak ere egiten dituzte. Aipatutako mailetan araudia horren zorrotza ez den arren, denborak hartzen dizkiete parte-hartzaileei. Hala ere, irabazleei ez diete saririk banatzen, parte-hartzea sustatu nahi delako. Gehienez jota, jardunaldia antolatzen duen taldeak oroigarritxoren bat edo goxokiak banatzen dizkie.

Jardunaldiz jardunaldi igerian 
Igeriketa jardunaldietan Oarsoaldeko eta Bidasoako kideekin batera jarduten dute Zarautz Bale Igeriketako gaztetxoek. Denboraldiko lehen saioa azaroaren 15ean egin zuten Zarautzen. Hurrengo saioak datozen egunetan izango dira: urtarrilaren 24an, Irunen; otsailaren 28an, Errenterian; martxoaren 28an, Zarautzen; eta maiatzaren 9an, Irunen. Bestalde, Baleako igerilariek Zarauzko Saria txapelketan parte hartzeko aukera izango dute ekainean.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info