Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Beroketa ariketa

Asteburu honetan eskiatzera goaz

ESKI DENBORALDIA abian da! Makina bat lagunek dagoeneko egingo zuen irteeraren bat edo beste eskiaz gozatzera joateko. Eskualdeko hainbat herritan ere antolatu dituzte eski estazioetara joateko txangoak; getariarrak, esaterako, otsaileko azken asteburuan Luz Ardiden eski estaziora (Luz-Saint-Sauveur, Frantzia)joango dira. Nahiz eta gaur egun eskia, snowboarda eta, oro har, elurretako kirolak edonork praktikatzen dituen, kontu handia izan behar da. Adituen iritziz, eski edo ohol gainean gertatzen diren lesio gehienak saihesteko modukoak dira.  Zentzuz jokatuz gero, ezbeharrak murrizten dira. Oso garrantzitsua da kirol hau egiten hasi aurretik behar bezalako prestaketa fisikoa izatea, arropa  nahiz ekipamendu egokia erabiltzea eta norberaren mailaren araberako pistetan eskiatzea; baita federatu txartela eskuratzea ere. Txartel horrek asegurua bermatzen du Europako edozein eski-gunetan.�
 
EKIPAMENDUA
· Eskiatzeko ekipamendua baldintza egokietan dagoen begiratu.
· Gainbegiratu eskien edo oholen finkagailuak. Aditu batek aztertzea litzateke gomendagarriena.
· Eskiei edo oholari argizaria eman, hala behar badute. Horrela, ez dira horrenbeste itsatsiko elurretan eta errazago irristatuko dira.
· Eskiatzeko arropak hezetasunetik eta haizetik babestu behar du eskiatzailea, bestela guztiz arriskutsua izan daiteke. Horretaz gain, hainbat ezaugarri bete behar ditu: izerdia xurgatu, azkar lehortu eta gorputzeko beroa mantendu behar du.
· Jantziarekin batera, txanoa, eskularruak eta eguzkitik babesteko betaurrekoak erabili behar dira. Horiek ez dira apaingarri hutsak.
· Eguzkitik babesteko krema erabili aurpegian. Eman ezean, negalak edo babak atera daitezke azalean. Era berean, zorabioak izateko eta konortea galtzeko arriskua dago.
 
PISTARA IRTEN AURRETIK
· Beroketa ariketak egin eskiatzen hasi aurretik, giharrak mugimendura eta arropara moldatzeko. Belaunak, izterretako giharrak eta besoak luzatu behar dira, bereziki.
· Estreinakoz eskiatu behar dutenei begirale batekin ikastaroa egitea gomendatzen zaie. Gogoratzeko ere baliagarria izan daiteke. Urte pare batez eskiatu ez dutenek bizitasuna galtzen dute, eta hauentzat ere komenigarria izan ohi da ikastaroa errepikatzea.
· Mendian nola ibili jakin eta kasu egin. Bide batez, aukeratu den eski estazioa ezagutzen saiatu eta bertako arauak errespetatu.
· Ur asko edan, deshidratazioa ekiditeko, eta edari alkoholdunak saihestu. 
 
PISTARA IRTENDAKOAN
· Erritmoa, bizkortasuna eta koordinazioa kontrolatu bitartean, ibilbide errazenetan eskiatu. Ez ezazu eguneko lehen jaitsiera ibilbide zailenetik egin.
· Egunaren amaieran, jada nekatuta, ibilbide errazenak eskiatzea komeni da.
· Arreta jarri uneoro.
· Ziur ez bazaude, eskiak edo ohola eskuetan hartu eta pista oinez jaitsi hegal batetik.
· Pistako ibilbide edo jaitsiera batean baldintza egokiak ez badaude, ez arriskatu. �

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info