Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Berriketa

Jon Eizagirre, erremonte jokalaria: «Argi neukan agurra kantxan eman nahi nuela, zuriz jantzita»

AGURRAK BETI DIRA mingotsak. Are gehiago ia bizitza osoa kirol bati estuki lotuta eman ondoren. Erremonte jokalari profesional gisa 23 urte eta erdi egin ditu Jon Eizagirre pilotariak (Zarautz, 1966) –1985ean egin zuen debuta, 19 urterekin–, eta oraintsu erretiroa hartzea erabaki du. Azken egunera arte, ordea, jokoan jarraitu du. Halaxe nahi zuen berak ere. Duela hilabete eskas, gainera, bere azken txapelketa nagusia jokatu zuen, Binakako Erremonte Txapelketa Ofiziala, alegia. Txapelik lortu ez zuen arren, finalerdietara iritsi zen Altuna II.arekin. Nolanahi ere, lasai dago. «Ahal izan dudan guztia ematen saiatu naiz nire ibilbidean, batzuetan hobeto eta besteetan okerrago. Ni, behintzat, gustura nago».

Hil honetan zure pilotari ibilbideari amaiera eman diozu. Behin betiko bukatu al da?
Bai, hilaren 24an jokatu nuen nire azken norgehiagoka. Erretiroa hartzeko erabakia inolako traumarik gabe  hartu nuen. Pixkanaka-pixkanaka adinean aurrera zoazela konturatzen zara; hau da, ez duzu zeure burua nahiko zenukeen bezala jokatzen ikusten. Ondorioz, erretiroa hartzeko egunean pentsatzen hasten zara. Duela bizpahiru hilabete hartu nuen erabakia, lesionatuta nengoela. Hankeko bikietan zuntz haustura izan nuen, eta zortzi hilabetetatik 5 lesionatuta egon nintzen iaz. Abuztuan, gainera, berriz hartu nuen min eta lesioak okerrera egin zuen. Orduan hasi nintzen erretiroan pentsatzen. Izan ere, sasoia hartzea gero eta gehiago kostatzen zitzaidan. Era berean, bikietan hamaika bider min hartuta ibili naizenez, giharrari ezin zaiola gehiago eskatu esan zidan medikuak.

Erabakia zeure kabuz hartu duzu, baina apurtxo bat behartuta izan dela dirudi.
Denetik pixka bat izan da! Norberak beti pentsatzen du erretiroa hor dagoela, baina kasu honetan lesioek bat egin dute nire azken erabakiarekin.

Eta pilotari batek noiz daki zehazki bere ordua iritsi dela?
Inoiz ez dakizu ziur, egia esan. Nire kasuan, esan bezala, lesioek zerikusia izan dute. Horretaz aparte, gaur egun guztia ezberdina da. Lehen, hilabetean 12 edo 14 bat partida jokatzen genituen. Orain, ordea, partida egunak kentzen joan dira eta zortzi bat neurketa jokatzen ditugu hilabetean. Pilota emanaldi gutxiagorekin erritmoa bera ere aldatzen joan zitzaidan eta, bide batez, uzteko ordua iristen ari zela ohartzen hasi nintzen.

Oraintsu zure azken txapelketa jokatu duzu, Binakako Erremonte Txapelketa Nagusia. Erretiroaren kontuan izanda, ezberdina egin al zaizu?
Ez, bereziki. Batez ere, txapela irabazteko grina sentitu dut nire barnean. Txapeldun izatea ez da batere erraza, baina jakin banekien binakakoa izango zela horretarako nire azken aukera. Gainerakoan, ez zait arraroa egin. Finalera iritsi eta txapela lortzea zen nire nahia. Gisa horretan, nire agurra biribilduko nuen. Txapelarekin erretiratzea ikaragarria izango zen, baina hori filmetan bakarrik gertatzen da.

Beraz, txapela irabaztea al zen zure helburua?

Lesionatuta egon nintzenean Galarreta enpresako arduradunekin nire erretiroaren inguruan hitz egiten aritu ginen, eta nik argi utzi nien jokatzen erretiratu nahi nuela. Ez nuen min hartuta nengoela utzi nahi. Hotzegia iruditzen zitzaidan. Nahiago nuen kantxa barruan agur esan, partida bat jokatu ondoren, zuriz jantzita.

Txapela lortuz gero, zure bosgarrena izango zen binakakoan. Hori ere pasatuko zitzaizun burutik, ezta?

Txapelketa hasieran horrekin obsesionatzen bazara, jai duzu. Bosgarren txapela irabaztea nire helburuetako bat zen, noski, baina ezin zara hori lortzeagatik erotu. Horrekin tematuz gero, orduan bai ez duzula ezer lortzen! Beraz, txapelketa lasai hartzea eta pausoz pauso aurrera egitea pentsatu nuen. Hala, finalerdietara iritsi ginen. Ez genuen finalera sailkatzerik lortu eta kitto. Txapelketako nire ibilbidea honaino iritsi da eta bukatu da guztia.

Zer sentipenekin geratu zara?

Beste edozein txapelketa jokatu izan banu bezala!

Gehiago egin zenezaketela uste al duzu?
Guk geneukan guztia eman dugu, baina beti iruditzen zaigu gehiago egin genezakeela. Hori, azken finean, kirolari guztiei sortzen zaien sentipena da eta nik neuk ere betidanik izan dut. Nahiz eta partida ugari irabazi, beti gogoratzen zara zein akats egin zenituen eta zure jokoa zertan hobe zenezakeen. Baita azkeneko txapelketa hau jokatu eta gero ere.

Finalerdietara iritsi zinen, Altuna II.a bikotekide zenuela. Hala ere, sailkapen fasean partida bakarra irabazi zenuten, Juaristi-Urrutiaren aurka, eta nahiko justu gainera. Aurtengo txapelketa gogorragoa izan al da? Zuri zer iruditu zaizu?
Nahiko bikote parekatuak izan dira sailkapeneko ligaxkan eta, egia esan, edozer gerta zitekeen. Edonor sailka zitekeen hurrengo faserako. Galarreta eta, oro har, pilota mundua apustuaren jirabiran mugitzen da. Ondorioz, ahalik eta bikote parekatuenak osatzen ahalegintzen dira enpresa antolatzaileak. Txapelketa borrokatu samarra izan da, nahiko berdindua. Partida batzuk beste batzuk baino lehiakorragoak izan dira, baina beste edozein txapelketetan bezalaxe. Txapelketako faborito nagusiak Ezkurra eta Gaztelu ziren, baina azkenean Urriza-San Miguel bikoteak irabazi zuen.

Azken partida jokatu zenuen, omenaldi eta guzti, gainera. Orain, otsailetik aurrera zer egin behar duzu?
Bada, lagunekin pilotan jokatu, lan pixka bat egin eta, nolabait, jende guztiak egiten duena egingo dut: bizi.

Erremonteari lotuta jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Printzipioz, ez dut erremontearekin lotuta jarraitzeko asmorik. Aurrerantzean, erremontea ikustera joango naiz, pilotazale bat gehiago bezala.

Eta zaila egingo al zaizu partidak kantxaren beste aldetik jarraitzea?
Ez dakit zaila egingo zaidan. Ezberdina izango dela, ziur baietz. Izan ere, jakin badakizu kantxa barruan nola diren gauzak eta partida batean zenbat sufritzen den. Harmailetan lasaiago zaude eta jokoak berak errazagoa dirudi. Jakina, inbidia pixka bat emango dit; batik bat, jokatzen izerdia botatzearena.

Afizioa, lanbidea... Zer izan da zuretzat erremontea ibilbide luze honetan?
Lagun asko egin dut profesional mailan iraun dudan 23 urte eta erdian. Ia bizitza osoa honetan jardun ondoren, nire izakera pilotaren mundu horretara moldatzen eta garatzen joan da. Nire bizitza giro horretan mugitu da beti eta oso gustura nago horretaz guztiaz. Niretzat lanbide bat bezalakoa izan da eta orain arte hortik bizi izan naiz. Azken finean, pribilegiatu bat izan naiz, gustatzen zaidan hori eginez bizitzeko aukera izan dudalako. Oso pozik nago, benetan.

Zure pilotari ibilbidea itxi duzu. Zein oroitzapenekin geratuko zinateke?
Banakako txapela irabazi nuenekoa oso gogoan dut. Zoritzarrez, nire aitak ez ninduen txapela irabazten ikusi eta horrek barruak mugituarazten dizkit. Era berean, bidean oso gazte hil ziren pilotari lagunez ere gogoratzen naiz, eta beti geratzen zaizu hainbat kezka:  ea behar adina  arreta eskaini zenien eta horrelakoak.
 
 
IBILBIDEA. Bizitza osoa frontoian... eta kirolean
HASTAPENAK: «Dena kasualitate hutsa izan zen. Joxe Salegi zarauztarra erremontean jardundakoa zen eta bere semeari irakatsi nahi zion pixka bat. Bakarka askorik aurreratu ezin den kirola denez, beste hiru mutil gehiago hartzea erabaki zuen. Salegi nire aitaren laguna zenez, proposamena egin zion eta horrela hasi nintzen. Hasieran La Salle ikastetxeko frontoian ekin genion eta segidan, Oriora joaten hasi ginen astero-astero. Beste hirurak ni baino zaharragoak zirenez, Galarretara lehenago joan ziren. Nik bakarka jarraitu nuen entrenatzen aitarekin, La Sallen. Galarretan15 urterekin sartu nintzen eta gaur egun arte. Hamaika urte nituenetik otarra eskuan lotuta izan dut».
 
19 JARRAIAN: Palmares zabala du Eizagirrek. Besteak beste, Casino Kursaal Banako Txapelketako txapela irabazi zuen 2003an eta txapeldunorde izan zen 1996an, 1997an eta 1999an. Binakako Txapelketa, berriz, lau aldiz irabazi du (1992an, 1994an, 1995ean eta 2002an) eta hirutan txapeldunorde izan da (1993an, 2000an eta 2001ean). Horretaz gain, 2007an 19 partida irabazi zituen jarraian: «Duela urtebete pasatxo lortu nuen, 41 urterekin, horren gaztea ez nintzela. Zaila bezain polita da, baina anekdota hutsa besterik ez da. Hala ere, Kalonjek du orain arteko markarik onena, 21 garaipenekin».�
 
FUTBOLA ERE BAI: «Kirol guztiak ditut gustuko, eta ahal dudan guztietan ikustera joaten naiz. Kontua da semea Astin hasi zela futbolean jokatzen, eta elkartean laguntzeko jendea behar zutela eta, horrela sartu nintzen. Gero, aurreko zuzendaritza batzordeak utzi egin zuen eta gu geratu ginen. Harrezkero, 4 urte daramatzat Zarauzko Kirol Elkarteko futbol ataleko arduradun. Aurten, 3. mailari eusten saiatuko gara. Ilusio handiz ari gara lanean eta jokalariak eurak ere sekulako ahalegina egiten ari dira. Oso harro gaude daukagun taldearekin. Ligako lehen itzulia bukatu da eta hortxe-hortxe gaude beheko postuetako mugan. Gainera, bizpahiru fitxaketa egin ditugu. Ea egonkortzen garen eta mailari eusten diogun, nahiz eta paper zaila izan».�
 
 
‘Bihurri’ ezizenez
Pilota munduan bere abizenez ezagutzen badute ere, Zarautzen ‘Bihurri’ deitzen diote Jon Eizagirreri. Familiako ezizena du eta, antza denez, bere osaba bati jarri zioten. Erremontean hasi zenean ezizena erabiltzen saiatu zen, baina azkenean Eizagirre izenarekin geratu da.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info